Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
‘Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak: notas sobre la reclusión’ erakusketaren irekiera
2016-11-16

‘Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak: notas sobre la reclusión’ erakusketaren irekiera

Gaurko 19:30ean irekiko dute erakusketa eta 2017ko urtarrilaren 19ra arte egongo da ikusgai Koldo Mitxelena Kulturunean.

Elkarren artean solasean ari diren bi zatik osatzen dute erakusketa: batetik, Lekurik gabe, denborarik gabe, Sensibili alle foglie kooperatiba italiarrak komisariatu duena, eta bestetik, Giltzapekoak: notas sobre la reclusión, komisario-lanetan Marion Cruz, Aitor Izagirre eta Pablo Marte izan dituena.

Itxialdi-egoeran egindako obrez gain, bisitariek askotariko agiriak, lekukotzak eta materialak topatuko dituzte, baita itxialdi-egoeran egon ez baina itxialdiaren gaia batera edo bestera landu duten artisten lanak ere.

Donostia 2016k Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak: notas sobre la reclusión erakusketa aurkeztu du, gaurko 19:30etik 2017ko urtarrilaren 19ra arte ikusgai egongo dena Koldo Mitxelena Kulturunean.

Erakusketa Lekurik gabe, denborarik gabe proiektuaren barnean dago. Proiektu hori DSS2016EUren programan dago hautagaitza aurkeztu zenetik, eta artearen bitartez gogoeta sustatzea du xede, zehazki, edonolako itxialdi-egoeran (espetxean, zentro psikiatrikoetan, adin txikikoentzako barneratze-zentroetan, etab.) dauden pertsonen errealitatearen gainean, hala nola gizarteko bazterketa- eta inklusio-mekanismo sozial eta politikoei buruz. Horrenbestez, ikergai nagusietako bat da zein eratara erabili den sormen-adierazpidea itxialdia gainditzeko, edota duintasun-eremu bat sortu eta nork bere burua berriz aurkitzeko.

Bi osagai ditu proiektuak; lan-jardunaldi batzuk, Donostialdeako presoekin edo askatasuna nolabait mugatuta duten pertsonekin lan egiten duten elkarteek parte hartu zutenak. Eta Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak: notas sobre la reclusión erakusketa.

Erakusketak askatasun-gabetzea eta gizarte-bazterketa bizi izan dituzten pertsonek mundu sinboliko berriak sortu eta asmatzeak duen garrantzia azpimarratzen du. Helburua da zenbait itxialdi-erakundetan eta bizitzako muturreko beste egoera batzuetan sortutako adierazpideei balio soziala eta kulturala ematen laguntzea.

Elkarren artean solasean ari diren bi zatik osatzen dute erakusketa: Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak: notas sobre la reclusión.

Lekurik gabe, denborarik gabe

Sensibili alle foglie kooperatibak XX. mendeko 60etatik 90etara bitartean Italian sortutako arte-laborategi garrantzitsuenetako 76 egileren lanak ekarri ditu Donostiara. Adierazpen-premia izan dute guztiek ere bizirauteko eta egoera eramateko itxialdia betetzen ari ziren erakundean: heriotzaren korridorea, espetxea eta bizi arteko zigorra, zoroetxeak, ospitale psikiatriko judizialak, geriatrikoak edota kalea. Bilduma honen eta bildutako arte-adierazpen desberdinen bitartez, «Archivio di scritture, scrizioni e arte irritata» ekimenaren kooperatiba arduradunak ikusgarritasuna eman nahi die sormena ulertzeko muga eta zailtasun sozialei, sormena gizaki izaten jarraitzeko bizi-baliabide funtsezkoa den aldetik. Gainera, bisitariek ikusi ahal izango dute gizakiaren adierazpen-indarra zertarako den gai muturreko bizi-baldintzen pean dagoenean. 

Artxibategian jasotako lanetan adierazpide irritatuak hautemango dira; hau da, hitzaren adiera etimologikoaren araberakoak, irritatua erritualetik kanpokoa denez. Lan horietan, sortzaileak lekualdatu egiten dira sortze-lanetan ari diren bitartean, zehazki, leku sinboliko batera, erakundeek edo giltzapean dauzkaten egitura erlazionalek ezarritako atsekabe-erritualetatik kanpo dagoena. 

Giltzapekoak: notas sobre la reclusión

Komisario-lanetan aritu dira Marion Cruza, Aitor Izagirre eta Pablo Marte eta itxialdi-egoeran dauden pertsonen narratiba eta gizabanakoaren eta itxialdi-erakundeen (espetxeak, psikiatrikoak, egoitzak, etab.) arteko harremana nabarmendu dute.
Lekurik gabe, denborarik gabe erakusketaren eranskin gisakoa da, hala nola itxialdiari buruzko toki-mailako eta Estatu-mailako saiakera.

Itxialdi-egoeran egindako obrez gain, bisitariek askotariko agiriak, lekukotzak eta materialak topatuko dituzte, baita itxialdi-egoeran egon ez baina itxialdiaren gaia batera edo bestera landu duten artisten lanak ere.

Erakusketaren ordutegia

Erakusketa doan egongo da ikusgai 2017ko urtarrilaren 19ra arte, asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Lan-jardunaldiak askatasuna mugatuta duten pertsonekin lan egiten duten erakundeekin

Lekurik gabe, denborarik gabe proiektua 2015eko amaieran hasi zen lan-jardunaldi batzuen bidez. Horietan, Donostialdeako presoekin edo askatasuna nolabait mugatuta duten pertsonekin lan egiten duten elkarteek parte hartu zuten. Lehen jardunaldietan mintegi bat eskaini zuen Sensibili alle foglie kooperatiba italiarreko kide batek.

Ondoren, 2015eko urritik 2016ko martxora bitartean, lan-bilerak egin ziren. Erakundeotako langileek parte hartu zuten eta itxialdi-egoeran izandako pertsonekin edukitako esperientziak aurkeztu zituzten, eguneroko zereginetan topatutako mugak, abantailak eta kontraesanak nabarmenduz.

Lan-saiook sozioanalisi narratiboaren arabera antolatu ziren; metodologia horretan talde-narrazioa da analizatzaile garrantzitsuena. Metodoa eta taldearen lana hobeto ulertzeko, parte-hartzaileek Sensibili alle foglie kooperatibako kideek idatzitako Sozioanalisi narratiboa liburuaren ale bana jaso zuten. Liburu horretan azaltzen dira ikerketa mota horren sorrera eta ezaugarriak. Mintegia nahiz liburua doan deskargatu daitezke proiektuaren webgunean.