Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Donostia 2016k hizkuntza-aniztasunari buruzko programazio zabal batekin amaituko du urtea
2016-12-01

Donostia 2016k hizkuntza-aniztasunari buruzko programazio zabal batekin amaituko du urtea

Hizkuntzekin, aniztasunarekin eta hizkuntza-eskubideekin eta horiek elkarbizitzan jokatzen duten rolarekin lotutako hainbat proiektuk abenduko programazioa aberastuko dute.

Europako Hizkuntza-aniztasunaren Foroa, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Anjel Lertxundiren Karta zuria eta Euskaltzaindiak egin duen ikerketa soziolinguistikoaren emaitzen aurkezpena izango dira proiektu nabarmenenak.

Protokoloaren aurkezpen-ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak www.protokoloa.eus webgunearen bidez eska daitezke eta Foroaren baitako jardunaldietara bertaratzeko www.donostiaforum.eu webgunearen bidez egin daiteke izen-ematea.

1240IMG 4025

Donostia 2016 Fundazioak hasiera-hasieratik eman dio garrantzia hizkuntzak babestu eta aintzatesteari, bereziki Europakoak, elkarrenganako errespetuan oinarritutako gizarte justuago bateranzko bide gisa.

Kultura europarra ezaugarritzen duen hizkuntza-aniztasuna mantentzea, hizkuntza hegemonikoekin elkarbizitzan eta immigrazioak dakarren hizkuntza-aberastasuna txertatzen den bitartean, Europak aurrean daukan erronka handienetako bat da. Helburu hau betetzeko beharrezkoak dira aberastasun hori garatzea ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko formulak abian jartzea, hizkuntza-aniztasunaren iraunkortasuna lortze aldera.

Euskara biziberritzeko sustapena ezaugarri duen lurralde honetan, Hiriburutzak hizkuntza gutxituen inguruan lan egiten duten eragileen sare batekin egin nahi izan du lan.

Horretan guztian oinarrituz, DSS2016EUk Hiriburutza-urteari amaiera emango dio hizkuntza-aniztasuna lortzeko formula berriak legatu gisa utziko dituzten tresna batzuen aurkezpenarekin.

Tresna horietako bat Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izango da. Kontseilua buru izan duen proiektu honek hizkuntza-aniztasuna bermatzeko 180 neurri baino gehiago jasotzen ditu. “Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa sortzeko ekimena abiatu genuenean hizkuntza berdintasunaren alde eta desabantaila egoeran dauden hizkuntzen garapenerako tresna eraginkorra sortzea jo genuen helburu. Eta gaur esan dezakegu, baietz, Europako hizkuntza komunitate desberdinetako gizarte eragileok bete dugula helburu zail hori”, azaldu du Paul Bilbaok, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusiak.

Testua idazteko prozesu luzean Euskal Herrian zein Europan hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten gizarte zibileko elkarteen 400 ekarpen baino gehiago jaso dira. Bilbaok azaldu duenez, “ekarpen esanguratsua” da duela 20 urte, 1996an, Bartzelonan sinatu zen Hizkuntza-Eskubideen Deklarazio Unibertsalari.

Donostiako Protokoloa abenduaren 17an (11:30) Kursaal Jauregian egingo den ekitaldi jendetsu batean aurkeztuko da. Ekitaldi hau dokumentuaren azken helburuaren abiapuntu bilakatuko da: Europako hizkuntza-aberastasunaren iraunkortasuna bermatuko duten neurri batzuk aplikatzea (gonbidapenak abenduaren 11ra arte eska daitezke www.protokoloa.eus webgunearen bidez edo 943 591 200 telefonora dei eginez).

Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren amaieran protagonismoa hartuko duen beste ekitaldietako bat Europako Hizkuntza-aniztasunaren Foroa izango da, UNESCO Etxearekin elkarlanean antolatutakoa. UNESCO Etxean Foroaren arduradun den Ane Ortegak azaldu duenez, Foroak eztabaida-gune bat sortu nahi du gaur egun Europako eleaniztasunak bizi duen egoerari buruz. Gaian adituak elkartuko dira Hizkuntza Erregional edo Gutxituen Europako Gutuna garatzeko eta garapen jasangarri bat ahalbidetuko duen hizkuntza-aniztasuna balioan jartzeko, besteak beste.

Foroak mundu mailako garrantzia izango duen ekitaldi bat barne hartuko du, izan ere, UNESCOren Munduko Hizkuntzen Atlas berriaren proiektua aurkeztuko da Kursaalen. Mapa berriak munduko hizkuntza guztiak hartuko ditu kontuan egiazko hizkuntza-aniztasunaren isla izan dadin.

Foroan parte hartzeko izen-ematea abenduaren 8ra arte egin ahal izango da (edo edukiera bete arte) www.donostiaforum.eu webgunearen bitartez.

Hizkuntza gutxituak ere protagonista izango dira Hiriburutzak eskainitako azken Gutun zurian. Anjel Lertxundi idazleak Donostian bilduko ditu hainbat idazle eta itzultzaile europar honako gaiaren inguruan hausnartzeko: hizkuntza gutxitu eta ez-hegemonikoetako literatura eta beronen etorkizuna, globalizazio kulturalaren eraginpean.

Demagun ehun urte barru du izenak Lertxundik sortutako proiektuak, eta Witold Gombrowicz eta Czeslaw Milosz idazle poloniarrak arduratzen zituen gai bati heltzen dio: etorkizun ziurrik ez duten hizkuntzetan idazten duten autoreen lana. Lertxundik Europako hizkuntza hegemonikoetan idazten duten hiru idazleri eskatu die hizkuntza txiki, gutxitu edo ez-hegemonikoetan diharduten sortzaileen azalean jartzeko. Donostian bilduko ditu, eta itzultzaileak ere gonbidatu ditu gogoetara, euren lana funtsezkoa baita literaturaren zabalpenean.

Abenduaren 12an eta 13an izango dira topaketak. Parte hartuko duten idazle eta itzultzaile europarren izenak datorren astean zabalduko dira, egitasmoaren prentsaurrekoan.

Euskaltzaindiak, bestalde, abenduaren 20an azken 255 urteetan Donostiak izan duen bilakaera soziolinguistikoaren inguruko ikerketa lanaren emaitzak azalduko ditu. Ikerketa hori iragan otsailean Akademiak aurkeztutako “Euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologiko” berrian oinarritutakoa da. Euskaraz gain, erdarek Donostian izan duten bilakaera eta tokia berariaz ikertu da ere. Erramun Osa, Euskaltzaindiako idazkariordeak azaldu duenez, Donostia izan da metodologia aplikatzeko aukeratutako lehen hiria euskalgintza alorrean izan duen eraginagatik. DSS2016EUk eta Kutxa Fundazioak babestutako ikerketa horren emaitzak abenduaren 20an emango dira aditzera Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean.

Aipatu egitasmoez gain, Donostia 2016k hizkuntza gutxituen inguruko beste hainbat proiektu sortu eta sustatu ditu, hala nola, Tosta enbaxada, Hitzargiak, Beste hitzak- Other Words, Euskarriak edota In varietate concordia.


Euskararen eguna

Donostia 2016k, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du datorren ostiralean Udalarekin elkarlanean antolatutako ekitaldi baten bidez. Ekitaldi horrek, Donostia 2016ren proiektuak izango ditu oinarri eta ostiralean ospatuko da udaletxeko Pleno Aretoan.