Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Donostia 2016k, Artiumek eta Montehermosok «komisario berrien» erakusketa aurkeztu dute
2017-01-20

Donostia 2016k, Artiumek eta Montehermosok «komisario berrien» erakusketa aurkeztu dute

«...tokiren batean finkatzeko behin-behineko modua behintzat» DSS2016EUren Komisario berriak programan parte hartu duten hamar komisario berriek egindako lanaren emaitza da.

Urtarrilaren 20tik otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai Gasteizko Montehermoso kulturunean.

Erakusketan bertako eta nazioarteko 14 artistaren beste horrenbeste lan daude; bideoak, eskulturak, instalazioak, marrazkiak eta liburuak, besteak beste.

1240komisarioIMG 2419

«... tokiren batean finkatzeko behin-behineko modua behintzat» erakusketa Komisario berriak programaren emaitza da; programa Donostia 2016 Fundazioaren ekimena da, Artiumekin eta Montehermosorekin (Gasteiz), Azkuna Zentroarekin (Bilbo) eta Tabakalerarekin (Donostia) lankidetzan, komisario berrien trebakuntzari babesa emateko.

Bilboko Azkuna Zentroan egon ostean, erakusketaren bigarren zatia Gasteizko Montehermoso zentrora iritsi da Artium zentroaren eskutik, lan eta jarduera berriak gehituta. Lorategia behin-behineko eta askotariko harreman-toki modura ageri da erakusketan; hala bada, metafora horretaz baliatuta, honako artista hauen lanak aurkezten ditu: Emilio Araúxo, Pedro Barateiro, Zigor Barayazarra, Josu Bilbao, Lúa Coderch, Janice Kerbel, Irene Kopelman, Louisa Martin, Amaia Molinet, Eriz Moreno, Enrique Radigales, Rodríguez-Méndez, Eulàlia Rovira & Adrian Schindler eta Tina Vukasović.

Ospea duten artisten 14 lan dira orotara, aurretik Euskal Herrian erakutsi gabeak gehienak.

Erakusketa honetarako berariaz sortutako bi lan ere egongo dira ikusgai, Bermeoko Josu Bilbao eta Kroaziako Tina Vukasović artistek eginak.

Honen bidez amaiera emango zaio komisario berriek izen bereko proiekturako pentsatutako erakusketa-sortari. Lehena abenduaren 14tik urtarrilaren 22ra bitartean egin dute Bilboko Azkuna Zentroan, eta bigarrena otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai Montehermoso kulturunean.


Erakusketa

Lorategia, hemen, behin-behineko kontakturako eremu gisa ageri da, eta desberdintasuna adierazten du: lorategi baten moduko erakusketa, behin-behineko harreman ugariren tokia. Lorategiaren ideiari heltzeko hamaika modu eskaintzen dituzte erakusketako lanek:

Erakusketari izena ematen dion Lúa Coderch artistaren bideoan, esaterako, honakoa ikusiko dugu: geure burua naturatik babestu nahi badugu ere, natura bera da babesten gaituena. Lurraldearen bizigarritasuna arakatzeko nahiak bultzatzen du Amaia Molineten lana ere. Louisa Martinek, berriz, aniztasun eta ezberdintasunera jotzen du autismoari buruzko ikerketan. Eta itsasoko eta lehorreko ekosistemen arteko hastapeneko mundua diren mangladiei buruzko hainbat marrazki aurkeztu ditu Irene Kopelmanek.

Erakusketan desagerpenak, hondamendiak, amodioak, heriotzak eta zaintzak bat egiten dute. Rodríguez-Mendezen proiektuan bezala, zeinetan artistaren amak aitaren neurriko jantziak egiten dituen, ostean pakete batean sartu eta hilero semeari bidaltzeko. Zaintzarekin eta desagerpenarekin lotutako ideiak Emilio Araúxo filosofo, poeta, etnologo eta itzultzailearen obran ere ageri dira, desagertzen ari diren munduei –nekazariena kasu– erreferentzia eginez. Zigor Barayazarrak, berriz, bizitza organikoaren zaintza eta ogiz egindako hondakinak izan daitezkeenak uztartzen ditu. Zaintzak eta desagerpenak Tina Vukasović artistak lorez egindako hileta-alfonbran ere oihartzuna dute.

Lorategiko aniztasunaren bizikidetzarako potentzialak ez du naturaren irudi idealizatu bat eskaintzen. Ez begirada ezta paisaia ere ez dira errugabeak, Enrique Radigalesen Paisaje archivado diapositiba-proiekzioak gogorarazten digun bezala. Edota botere feudalak lurralde bat menderatzeko eraikitako mendixkei Adrian Schindler eta Eulàlia Rovirak eskainitako filmak. Pedro Barateiroren bideoan, palmondo baten mozketak eta austeritatearen aurkako manifestazio baten soinuak –natura-kultura alborakuntza– gaurkotasunari forma ematen diote. Bestetik, Eriz Morenok partzialki abandonatuta eta naturak janda dagoen Alemaniako autobide inperial bat zeharkatzen du.

Azkenik, Josu Bilbaoren hormako esku-hartzeak, aldi berean jarraipena eta bitartea denak, etentzat hartzen du lorategia. Janice Kerbel artistaren antzera, azken honen soinu-lanak espazioa gainezka betetzen eta eteten baitu arratsaldero.


Komisario berriak

Parte hartu duten hamar komisario berrien taldea urtearen hasieran hautatu zen deialdi ireki batean, Europako toki desberdinetako 70 hautagai baino gehiagoren artean. Proiektua, komisarioaren funtzioa itzultzailearenarekin lotzen duen paradigma abiapuntu, «lorategian» abiarazi da, figura poetiko eta antolamendu-figura gisa, komisarioaren praktikari buruzko aurrez aurreko hainbat topaketari eta lan-metodologia kolektibo bati esker.

Honako hauek dira proiektu horretan parte hartzen ari diren komisario berriak: Valerio del Baglivo, Ángel Calvo Ulloa, Irati Irulegi, Laura Díez, Leyre Goikoetxea, Natasha Kadin, Pilar Cruz, Iker Hidalgo, Sonia Fernández Pan eta Juan Luis Toboso. Horiek Aimar Arriolaren koordinaziopean eta Tamara Díaz Bringas eta Sabel Gavaldón komisario gonbidatuek aholkatuta lan egin dute.

Horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan egindako laborategietan parte hartu dute, eta taldean lan egiteko metodologiak probatu dituzte, komisarioaren funtzioa itzultzailearenarekin lotzeko ohitura gainditzeko asmoarekin. Eta prozesuak lorategiaren figura ekarri du, komisarioen praktika pentsatzeko eredu posible gisa. Lorategia, hemen, behin-behineko kontakturako eremu gisa ageri da, eta desberdintasuna adierazten du: lorategi baten moduko erakusketa, behin-behineko harreman ugariren tokia.


Jarduera-programa


• Artiumekin batera egindako programa hezigarriak

Bisita gidatuak

Egunak: Otsailak 5, 12 eta 26 (igande goizez).
Hizkuntza: ele bitan

Familientzako tailerrak

Egunak: Otsailak 11 eta 25 –larunbata– (Artium-Montehermoso)
Ordua: 17:00etatik 19:00etara
Adina: 5-12 urte

Tailer hauetan, lehenik eta behin, «... tokiren batean finkatzeko behin-behineko modua behintzat» erakusketa bisitatuko dute Motehermoson, eta ondoren tailerra egin Artium zentroan. Taldea Montehermoson elkartuko da 17:00etan eta, erakusketa ikusi ondoren, parte-hartzaileak Artiumera abiatuko dira tailer bat egiteko. Otsailaren 11n Amaia Molinet erakusketako artistak emango du tailerra Artiumeko hezitzailearekin batera.


• Natura eta bere dardara

Eguna: martxoak 4

Ordua: erabaki gabe

«Natura eta bere dardara» gune espezifiko bateko esku-hartze mekanismo bat da, errealitateari egindako ibilaldi-bisita baratz bat, non antzerkiko, gorputzeko, pentsamenduko eta zinemako tresnak oinarri hartuta, beste errealitate bat argituz agerrarazi nahi duen, beste modu batera begiratzera, deszifratzera eta ulertzera eramaten duten pertzepzio-aukerak esnaraziz ikuslearengan, haren fantasmagorian murgiltzera bultzatuta.
Obra hiri bakoitzean zehaztu beharreko oinezko ibilaldia da; ikusleek behaketaren bidez hautemango dute errealitatea ibilaldi horretan, baita entzungailuen bidez aditzen dutenari esker ere.


Biografiak:

Moare Danza, euskal koreografo talde batek 1992an sortuta, zuzeneko arteen esparruko lan iraunkor baten erreferentziako egitura da. Urteetan dantza ikertzeko, zabaltzeko eta irakasteko etengabeko lanari ekin dio, Dantza Berriaren lerroan espezializaturik. Moare Danza arteko eta artetik kanpoko askotariko arloetako profesionalekin elkarlanean aritzen da, gorputzak eta mugimenduak gure gizartean zer esanahi duten bilatu nahian.

Societat Doctor Alonso, Tomas Aragay eszena-zuzendariak eta Sofia Asencio dramaturgoak zuzenduta, ikuskizun edo proiektu oro hutsetik planteatzen duen taldea da, aldi bakoitzean hizkuntza berriro planteatu ahal izateko. Generoak, forma eszenikoak eta jende mota ezberdinak nahastuz eszenarioan jarduteko berezko modu bat sortzen du. Ahal den neurrian ikusgarria ez den ikusgarritasuna egon beharreko tokitzat hartzen du eszena, eta ikuslearen pertzepzioa higitzea lortzen du horri esker.


• Komisariotza etetea

Urtarrilaren 19an, 19:00etan. Zas Kultur (Correría 84, Gasteiz)

Nola eten komisariotza-lana behatu ahal izateko? Nola geldiarazi joerak, ohitura txarrak, nahasteak eta desorekak kritikoki behatzeko eta haren eginkizuna berriro pentsatzeko? Fito Rodríguezek eta Natxo Rodríguezek kolektibo gisa dituzten esperientziei (RDZ Fundazioa) eta proposamen indibidualei buruz abiatutako elkarrizketaren bitartez, egoera, kasu eta proiektu zehatzak aztertu nahi dituzte komisario-lana berriro pentsatu ahal izateko galderak eragin ditzaten. Etete hori arduraz gauzatzeko honako modu hauek daude, besteak beste: artearen makineriaren erdigunean bertan akordiorik ezeko espazioak eraikitzeko aukera erakustea; kultur adierazpen, kudeaketa eta hedapenerako ordezko prozesuei prozedurak eta baliabideak eskaintzea; erresistentzia-aukera modura txertatzea kultur politiketan, subjektibotasun berriak esploratzeko parada emanda. ZAZ bezain adierazgarria den gune batean eta ezbairik gabe «agerian» (arriskutsua?) dagoen formatu baten bitartez, partaideen arteko elkarrizketa irekirako elementuei bidea eman nahi die bilera honek.


Biografiak

Arturo «Fito» Rodríguez Bornaetxea

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea eta irakaslea Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologia Sailean. SEAC (1994 – 1998) eta Rodríguez Fundazioa (1994 – 2012) taldeetako kidea da. Besteak beste, honako proiektu hauen komisarioa izan da:
«Beste Bat. Una mirada al rock radical vasco» (Miren Jaiorekin batera), «Stand by: TV», «Panel de control: Interruptores críticos para una sociedad vigilada», «Spots electorales: el espectáculo de la democracia» eta «Jaime Davidovich: Morder la mano que te da de comer». «Apología / Antología: Recorridos por el vídeo en el contexto español» proiektuaren komisario-taldean ere aritu zen. Arteari eta kultura garaikideari buruzko prentsa espezializatuan idazten du aldian behin. Berriki honako hau argitaratu du: «Zutabeak, Microensayos sobre arte, cultura y sociedad», consonni.org-ek banatuta.


Natxo Rodríguez Arkaute

Artista eta irakaslea Arte eta Teknologia Sailean (1999tik). Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko Unibertsitate Hedapeneko dekanordea (2009-2017). SEAC (Selección de Arte de Concepto) kolektiboko kidea izan zen, 1994tik 1998an desegin zen arte, eta Rodríguez Fundazioko kidea 1994tik 2012ra. Amarika Asanbladako kidea (2008-2011); doktorea Arte Ederretan (2008); ikerketa-proiektu zenbaitetan parte hartu du, eta zientzia-arloko hainbat aldizkariko argitaratze-batzordeko kidea da.