Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Donostia 2016k, Victoria Eugenia Antzokiak eta Tanttakak Mikel Gurrearen “Soka” aurkeztu dute
2017-01-27

Donostia 2016k, Victoria Eugenia Antzokiak eta Tanttakak Mikel Gurrearen “Soka” aurkeztu dute

DSS2016EUren Ahotsen itsasargiko Antzerkigintza berriak proiektuaren lehen deialdian garatutako testua da.

Iñaki Rikarte da Fernando Bernuesek zuzentzen duen lan honen protagonista, non eskola-jazarpena den gai nagusia.

Estreinaldia otsailaren 1ean izango da Victoria Eugenia Antzokian euskaraz, testuaren jatorrizko hizkuntzan.

1240AA170124 194848

Datorren asteko asteazkenean, “Soka” obra taularatuko da. Mikel Gurreak sortu du testua Antzerkigintza berriak proiektuaren barruan eta Tanttaka Teatroak, Victoria Eugenia Antzokiak eta DSS2016EUk egin dute ekoizpena. Antzerkigintza berriak Donostia 2016ren egitasmoa da, idazkera dramatiko propio bat sustatzeko asmoz sortua.

Fernando Bernuések zuzendu du obra, eta Iñaki Rikarte da protagonista, Igor izeneko gimnasiako irakaslearen paperean. Igorrek 11 urteko bere ikasle baten gorpua aurkituko du entrenamenduko soka batekin urkatuta. Ingurukoek gertatutakoaren errua egozten diote, eta erabat arbuiatzen dute; hortaz, Igorrek bilaketa bati ekingo dio, non erruaren eta erantzukizunaren arteko mugak marrazten diren.

“Soka” obraren egileak, obraren bitartez, gogora ekarri nahi izan ditu “eskola-jazarpena jasaten dutenak, haien senideak eta arazo horri aurre egiteko lanean ari diren guztiak”. Obra honek hausnartzera bultzatuko gaitu, Igorrek sokatik tiraka egingo duen bidaiaren bitartez.

“Eta zuek, ikusleok, jakinaren gainean zaudete: ondorio eta erantzun zehatzik gabeko hausnarketa bat izango da. Zuekin batera egin nahi nioke tira sokari, hausnarketa hau guztiokin partekatu, eta nork bere ondorioak atera ditzala”, azaldu du Gurreak.


Emanaldi berezia

Estreinaldi absolutua otsailaren 1ean izango da iluntzeko 20:00etatik aurrera eta sarrera librea izango da, beti ere, aurrez gonbidapena jasota Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan. Gonbidapenak bihartik (urtarrilak 28) aurrera izango dira eskuragarri. Emanaldi hau euskaraz izango da testuaren jatorrizko hizkuntza kontuan hartuz.

Lan hau, euskal antzerkigintzaren alorrean Hiriburutzak utzitako legatuaren parte dena, martxoaren 9an estreinatuko da gaztelaniaz, dFeria Arte Eszenikoen jaialdiaren XXIII. edizioan. Sarrerak eskuragarri daude jada Donostia Kulturaren webgunean (6,30€-12,90€). Gainera, aurreikusita dago urtean zehar beste hainbatetan programatua izatea.


Antzerkigintza berriak

Donostia 2016 Fundazioak sortu zuen Antzerkigintza berriak, Victoria Eugenia Antzokia, Vitoria-Gasteizko Principal Antzokia eta Arriaga Antzokiarekin elkarlanean, eta bertatik abiatuta sortu da “Soka” izeneko lana. Proiektu honen helburua da idazketa dramatiko propioa sustatzea, ahots eta testu berriekin. Gerora ere jarraitzeko asmoa du (martxan da proiektuaren bigarren deialdia), eta bekak ematen dizkie beste literatur genero batzuetako idazleei, arte eszenikoen profesionalei eta, oro har, antzerkiaren esparruan kontatzeko istorioren bat duen orori.

Victoria Eugeniari, Arriagari eta Principali esker, obretako batzuk agertoki horietan eskaini ahal izan dira; besteak beste, Gurrearen “Soka” eta Olatz Gorrotxategiren “Coordenadas” (joan den azaroan, Arriagan).

“Soka” Mikel Gurrearen lehen antzezlana da, orain arte ikus-entzunezkoen alorrean aritutako autorea. Bartzelona eta Londresen ikasitakoa, nazioarteko festibal ugaritan hautatuak izan diren hainbat lanen sortzailea da.