Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Hautatu dituzte DSS2016EUren ‘Antzerkigintza berriak’ proiektuaren bigarren deialdiko zortzi parte-hartzaileak
2017-02-10

Hautatu dituzte DSS2016EUren ‘Antzerkigintza berriak’ proiektuaren bigarren deialdiko zortzi parte-hartzaileak

Arte eszenikoen arloko adituen batzorde batek antzerkigintzako profesionalek gidaturiko prozesu batean antzezlan bat osatuko duten zortzi egileak aukeratu ditu.

Hogeita hamar proposamenetik gora jaso dira eta, guztien artetik, besteak beste amatasuna, familiako gatazkak eta belaunaldien arteko harremanak jorratzen dituztenak aukeratu dira.

Victoria Eugenia, Principal eta Arriaga antzokietan taularatuko dituzte hautatutako lanetako batzuk.

Antzerkigintza berriak programa Donostia 2016ko Ahotsen Itsasargiaren baitan sortu zen, eta Victoria Eugenia, Arriaga eta Principal antzokiek lagunduta gauzatzen ari da. Programaren bigarren edizioa martxan da jada, eta aurkezturiko 36 proposamenetatik zortzi aukeratu ditu arte eszenikoen arloko adituen batzorde batek. Hauek izan dira aukeratutako autoreak: Raul Camino, Iñigo Cobo, Andoni De Carlos, Kepa Errasti, Mikel Fernandino, Tamara Gutiérrez, Javier Liñera eta Gorka Martin.

Egileek laborategietan parte hartuko dute martxotik apirilera bitartean, Mireia Gabilondo eta Patxo Telleriaren gidaritzapean. Gainera, zenbait eskola magistral ere jasoko dituzte. Laborategiak egin ondoren, sortutako antzezlanen artetik bat eta hiru bitartean aukeratuko dira, proiektuan parte hartzen duten antzokietan taularatzeko.

Programaren bigarren edizio honetan, lehen edizioko partaideen lanak eszenaratzen ari dira. Olatz Gorrotxategiren Coordenadas azaroan estreinatu zen, Arriaga antzokian, eta Mikel Gurrearen Soka, berriz, otsailean Victoria Eugenia antzokian. Azkenik, lehen edizioan hautatutako hirugarren lana, Oier Guillanen Miss Karaoke, apirilaren 5ean estreinatuko da, Gasteizko Principal antzokian.
Antzezlanak antzokietako egitarauan sartuko dituzte. Oraingoz, honako antzezlan hauek daude programatuta:

 

SOKA
Principal antzokia (Gasteizko 41. Antzerki Jaialdia) – 2017ko urria
Arriaga antzokia – maiatzak 9 (euskaraz) eta 10 (gaztelaniaz)
Victoria Eugenia antzokia (DFeria, Donostia) – martxoak 9 (gaztelaniaz)
Victoria Eugenia antzokia (estreinaldia euskaraz): - 2017ko otsailaren 1a

 

MISS KARAOKE

Principal antzokia (Vitoria-Gasteiz) Estreinaldia – apirilak 5 
Arriaga antzokia – 2017ko udazkena
Victoria Eugenia – maiatzak 13

 

COORDENADAS

Principal antzokia (Gasteizko 41. Antzerki Jaialdia) – 2017ko udazkena
Victoria Eugenia – maiatzak 13
Principal antzokia (DFeria, Donostia) – martxoak 8
Arriaga antzokia (estreinaldia) – 2016ko azaroa


Antzerkigintza berriak

Donostia 2016ren Antzerkigintza berriak proiektuaren helburua da antzerkigintza sustatzea eta antzerkirako bidea erraztea hasi berri diren antzerkigileei, arte eszenikoekin lotutako profesionalei eta artearen beste esparru batzuetatik datozen baina sorkuntza eszenikoari ekin nahi dioten sortzaileei.

Lehen deialdiko arrakasta ikusirik (aukeratutako lanetatik hiru antzokietan ematen dira oraindik), bigarren deialdia antolatu da. Hala, deialdi honetan, gehienez ere zortzi egile hautatuko dira, hiru hilabetean antzezlan bat sor dezaten arte eszenikoetako profesionalen laguntzarekin. Egileek zenbait topaketa eta eskola magistral egingo dituzte 2017ko martxotik apirilera bitartean.

Donostia 2016 Fundazioak oinordetzan utzi duen programa honek beste aukera batzuk emango dizkie sektorean hasi berri diren egileei, eta, modu horretan, idazleen eta testu dramatikoen harrobi berri bati bide emango dio. Halaber, programaren bitartez, Europako Kultur Hiriburuak lurraldeko hiru antzoki nagusien arteko lankidetza sustatu du.