Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Tosta proiektuaren hizkuntzen erabilerarako gida eta dokumentala aurkeztuko dira Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean
2017-02-17

Tosta proiektuaren hizkuntzen erabilerarako gida eta dokumentala aurkeztuko dira Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean

Gida ez-perfektua nazioarteko proiektuetan ari diren eta hizkuntza gutxituekiko errespetuzko kudeaketa sustatu nahi duten kultur eragileei zuzendutako praktika proposamena da.

Donostia 2016ren enbaxadak Europako zazpi hizkuntza gutxituren komunitateetan izan duen ibilbidea jaso du Tosta dokumentalak.

Euskaltzaleen Topaguneak egindako gidaren eta Jorge Fernández Mayoralen filmaren aurkezpena Donostiako Antzoki Zaharrean izango da, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean (otsailak 21, asteartea), arratsaldeko 19:00etan.

Proiektuan parte hartu duten zazpi komunitateetan aurkeztuko dira argitalpena eta dokumentala, bakoitzak bere hizkuntzan.

gidaFrisia

Donostia 2016, Euskaltzaleen Topagunea eta Europa Atlantikoko bestelako sei hizkuntza gutxitutako eragileen arteko lankidetza proiektua da Tosta, Europako Kultur Hiriburuaren enbaxada ibiltaria ere izan dena. Iazko udaberrian abiatu zen eta, zehazki, galiziera, irlandera, eskoziar gaelikoa, kornubiera, galesera, frisiera eta euskara elkartu ditu ordutik.

Tostaren bidaian jasotako esperientziak hizkuntza kudeaketarako gida batean eta dokumental batean bildu dira, eta lan hauek datorren asteartean, otsailaren 21ean, aurkeztuko dira Donostiako Antzoki Zaharrean,  iluntzeko 19:00etatik aurrera. Hain zuzen, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da otsailaren 21a. Ospakizun honen bueltan, Tostan bat egin duten gainerako hizkuntza komunitateetan ere (Galizia, Irlanda, Eskozia, Kornualles, Gales eta Frisia) aurkeztuko dira datozen egunetan Gida ez-perfektua eta Tosta filma, tokian tokiko hizkuntzetan.

Donostian izango den aurkezpenean sartzeko sarrera doakoa izango da eta, hizkuntza zein kultur aniztasunari buruzko interesa dutenei bertaratzeko deia luzatzen zaie.

EGUNA: Otsailak 21, asteartea

LEKUA: Antzoki Zaharra (Donostia)

ORDUA: 19:00

19:00 Aurkezpena
Nazioarteko kultur proiektuetan hizkuntza gutxituak lehenesteko
Gida ez perfektua


19:30 Proiekzioa
Tosta. Dokumentala
Jatorrizko hizkuntzetan euskarazko azpitituluekin. 60 min


Gida ez-perfektua

Zazpi hizkuntzatako eragileen arteko elkarlan ekimena izanik, Tostak hasieratik izan du hizkuntzen kudeaketarako plan bat bere baitan, Euskaltzaleen Topaguneak garatutakoa. Egitasmoan zehar hizkuntzak erabiltzeko, konbinatzeko eta itzultzeko irizpideak ezarri ditu, eta bidean ikasteko eta erronkak identifikatzeko tresna ere izan da. Asteartean aurkeztuko den gida, beraz, nazioarteko kultur harremanen praktiketarako eta praktiketatik sortutako hizkuntza-kudeaketa proposamena da, Topaguneak idatzitakoa hau ere. Tosta esperientziatik ateratako ikasgaiak bildu dira, nazioarteko proiektuetan ari diren eta hizkuntza gutxituekiko errespetuzko kudeaketa sustatu nahi duten kultur eragileentzat baliagarria izan daitekeelakoan.

Deskargatu hemen Gida ez-perfektuaren zati bat

 


Tosta. Dokumentala

Atlantikoan barrena bidaiatzen ibili den enbaxadaren kronika da Jorge Fernandez Mayoral zuzendariaren lana. Gure ozeanoak bustitzen dituen hizkuntza-komunitate gutxituen  errealitateak islatzen ditu. Proiektuan bidailagun izan direnen lekukotzen eskutik, eta arte diziplina anitzen bitartez, txikien arteko elkarlanaren handitasuna adierazten du. Tostak bidaian aurkitutako hizkuntza guztien doinuak jaso ditu lanak. Euskarazko azpidatziekin emango da eta ordu beteko iraupena dauka.

Bideoa