Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut

"Adiorik gabe" musika eta hitzak biktimen oroibide

"Adiorik gabe" musika eta hitzak biktimen oroibide

​Eusko Jaurlaritzak landutako Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri. Donostia, 1960-2010 dokumentuaren arabera, Donostia da, 131 biktimarekin, indarkeria gehien jasan duen euskal hiriburua. Adiorik gabe-k, nahiz eta 12 familiarekin landu, biktima guztiak omentzen ditu. 

Familien eskutik 

Ekitaldiak hamalau biktimaren memoria musikalaren eta literarioaren arabera egituratuko dira, eta horretarako, lau artistak elkarlanean dihardute biktimen senideekin. Iñaki Salvador eta Joxan Goikoetxea musikari eta konpositoreak eta Teresa Calo eta Mireia Gabilondo aktore, dramagile, gidoilari eta zuzendariak dira. Artista bakoitza hiru familiarekin ari da lanean eta beraien helburua da, gertukoen zituzten pertsonen testigantzen laguntzarekin, omenduak izango direnen sentimenak batu eta hortik ekitaldietan erakutsiko diren pieza eszenikoak sortzea. Programan parte hartzen ari den Julián Ibáñez de Opacua psikologoaren arabera, familiek komun dutena da senide bat galdu izana modu bortitzean eta justifikaziorik gabe: «Hori gertatu da terrorismo eta indarkeria egoeran. Besteak beste, egoera horrek eragin du familia horietako gehienek, bakoitzak bere erara, ezin bete izana egia, justizia, aitorpena eta erreparazioa lortzeko nahia». Psikologoak familien eskuzabaltasuna azpimarratzen du, beraien parte-hartzearekin, eraildako pertsonekin zuten harremanaren oso alor intimoak elkarbanatzen dituztelako: «Nabarmendu nahi dugu seguruenik beste familia asko ere modu honetako proiektu baten parte hartzeko prest egongo liratekeela. Baina beste familia batzuek ez lukete inoiz ere egingo, eta hori guztiz zilegi eta errespetagarria da, eta gure errespetu osoa zor diegu».

Uztailaren 2a

Lehen ekitaldia uztailaren 2an izango da (besteak, irailaren 25ean eta azaroaren 13an) eta bertan, musikarekin eta hitzekin, Juan Manuel García Cordero, Mikel Zabalza Garate, Garrido-Velasco familia eta Eugenio Olaciregui Borda omenduko dituzte.


IÑAKI SALVADOR

Musikaria eta Konpositorea

«Ezin nion uko egin proiektuan parte hartzeari»

Zerk bultzatu zintuen proiektuan parte hartzera?

Ezin nion uko egin bertan parte hartzeko gonbidapenari. Esan ohi da edozein adierazpide artistikok emozioak adierazteko balio duela; eta giza eskubideen urratzean eta indarkerian eta biktimengan oinarritutako proiektu bati ezin diozu ezetzik esan. Baita gizalegezkoa iruditzen zaidalako ere.

Zer ikasi dezakegu familia hauen esperientziatik?

Asko. Modu horretako egoera baten aurrean kontrola gal dezakezu bai amorruagatik, eta baita hondoa jota. Pertsona hauek erakusten digute inpultso horiek kontrolatzeko izan duten kategoria; energia oso positiboa transmititzen dute, gainera.


TERESA CALO

Aktorea eta antzerkigilea

«Beste urrats bat izatea espero dut zauriak osatzeko»

Nolakoa izan da biktimen senideekin jarraitu duzun lan prozesua? 

Zaila, baina interesgarria, aberasgarria. Haiei entzutean, sentsazioz eta irudiz betetzen zara, eta saiatu naiz horiek islatzen testuekin, musikarekin, euskarri bisual batekin eta bi aktorerekin. Uste dut oroimenak ez duela ordena kronologikorik; kontaketa kronologiko batean baino gehiago, iradokizunetan, detaile txikietan oinarritu naiz. 

Zein izatea espero duzu proiektu honen legatua? 

Gehienok heldu nahi dugunera bidean, zauriak osatzeko, beste urrats bat izatea. Ez dakit inflexio puntua izango den, baina osteko bat egoteko bidea ibili behar da eta proiektu hau urratsak badira, garrantzitsua da niretzat.


​MIREIA GABILONDO

Aktorea eta antzerkigilea

«Familiengana zabalik joan nahi izan nuen»

Aurretik ideia bat zeneukan, edo hutsetik hasi zinen lanean familiekin? 

Ez neukan ezer pentsatuta, eta ez nuen nahi, gainera. Familia hauek bezala norbait modu horretan galtzean, zaila da aurrera egitea, eta jakin nahi nuen prozesuaren zein puntutan zeuden. Zabalik joan nahi izan nuen, zer kontatzen zidaten ikusi gero horrekin aurrera egiteko. Sarritan, hitz egiteak, elkarrizketa arruntek ez dute sendatzeko balio, baina bai arteak.

Zein erreakzio espero duzu jendearen, ikusleen partetik?

Denetik egongo da, baina nik espero dut ondo pasatuko dutela, bazkaloste batean joan zaizkigunak, edo garai bateko kontuak gogoratzen ditugunean moduan. Zerbait polita eta beharrezkoa.


​JOXAN GOIKOETXEA

Musikaria eta konpositorea

«Ekarpen garrantzitsua eta beharrezkoa da»

Zer ekarri dizu esperientzia honek maila pertsonalean?

Uste dut Adiorik gabe-k bete-betean egiten duela bat Hiriburutzak hasieratik izan nahi zuenarekin. Gizarteari ekarpen garrantzitsu eta beharrezkoa egiten dion proiektu kultural eta artistikoa, niretzako esperientzia errepikaezina eta oso pozgarria dena.

Nolakoa da biktimen intimitatean sartzearen esperientzia?

Ekimenean parte hartzean familiek erakutsi duten eskuzabaltasuna aipatzekoa eta eskertzekoa da. Gertukoak oroitzeko izan ditzaketen askotariko ikuspuntuak alde batera utzita, sendotasun eta positibitate handiarekin ari dira laguntzen eta bideratzen guztien BIZITZAZ, maiuskulekin, hitz egitera.

Bake-itunaren bitxikeriak
¿Por qué #Donostia2016?