Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
2016-05-27

Jone San Martinek karta zuria estreinatuko du William Forsythe koreografoarekin egindako lanari buruzko hitzaldi dantzatu batekin

Donostiako dantzari eta koreografoak Legítimo/Rezo aurkeztuko du astelehenean, maiatzak 30, Kursaalen.

Europako Kultur Hiriburuari egingo dizkion bost ekarpenetako lehena izango da hau. Nazioarteko esperientziak jaioterrira gerturatzea da San Martinek Donostia 2016ri egindako proposamenaren helburua.

Donostia 2016k bere hiru karta zurietako bat eman dio Jone San Martin dantzari eta koreografoari, bere proposamenekin Europako Kultur Hiriburuaren programa aberastu dezan. Gonbitari erantzunez, Alemanian bizi den sortzaileak proposamen anitza diseinatu du, asmo izanik jaioterrira hurbiltzea bere nazioarteko ibilbidean pilatutako influentziak.

Datorren astelehenean, maiatzak 30, San Martinek Legítimo/Rezo aurkeztuko du. Bere karta zuriaren lehen emanaldia izango da, Kursaal Eszenarekin elkarlanean antolatua. Lan honetan, William Forsythe Estatu Batuetako koreografo ospetsuarekin batera izandako bere esperientziatik abiatzen da dantzari donostiarra; izan ere, hogei urtetik gora aritu dira elkarrekin lanean. Hitzordua arratsaldeko 20:00etan da, Kursaaleko ganbara aretoan.

Sormen-prozesuan barrena

Legítimo/Rezoren ideia Jone San Martinen eta William Forsytheren arteko solasaldien bitartez sortu zen, eta Estatu Batuetako dantzari eta koreografo Josh Johnsonekin batera garatu zuten. Obrak programa bikoitza biltzen du: alde batetik, hitzaldi dantzatua, Forsytheren sormenari eta notazio koreografikoari buruz arituko dena; bestetik, Donostiako dantzariarentzat Forsythek berak zirriborratutako bakarkakoa.

San Martinek bere gorputza Forsytheren ondarearen artxibotzat duela kontuan hartuta, lehen zatian, koreografia baten atzeko sormen-prozesua dantzatuko du: nola baliatzen den bera Forsytheren notazioaz, elkarrekin egindako lanaren aztarnaz, berau material koreografiko bihurtu arte. Ondoren, bakarkakoa aurkeztuko du. Bakarkako lanaren zirriborroa Forsytherena da, eta San Martinek eman dio edukia Josh Johnsonekin batera. Johnson kanpo-pertsonaia bezala arituko da. Izan ere, publikoak atzematen ez duen informazioa jasotzen du Jone San Martinek; baina lehenago, lehen zatian dantzatutako hitzaldian, entzuleei egiten duena ulertzeko tresnak eman dizkie. «Jolasa da dena, lehen zatian agertu beharrekoa agertu ondoren», dio donostiarrak.


Agertokia desakralizatu

San Martinentzat, Legítimo/Rezo benetan berezi egiten duena da hitzari dantzariaren ikuspegitik heldu diola “Elkarrizketatzen gaituztenean, dantzariei beti galdetzen digute obraren sorkuntzari buruz, baina ez, ordea, sortzaile edo koreografoarekin batera egiten dugun lanaz. Horregatik, interesgarri suertatu zitzaidan, hain zuzen, egoera hori hizpide izatea. Hitzaldi dantzatuan egoera bat azaltzen dut: agertoki gainean dantzari gisa aurki dezakedan egoera bat deskribatu eta ikusleen aurrean irtenbidea ematen diot, aldi berean azalduz zer ari naizen pentsatzen eta zein diren agertzen zaizkidan aukerak. Egunero egiten dudan hori erakustea da: nola egiten ditudan gauzak, eta nola pentsatzen ditudan”, dio. Publikoarekiko harremanari dagokionez, Donostiakoak egoera intimo eta lagunartekoa planteatzen du: “Azken finean, kontua agertokia desakralizatzean datza, publikoa partaide bilakatuz; agertokian aritzen naizenean nire baitan zer gertatzen ari den agertzean datza. Interesa agertuaz bat hartzen du parte publikoak, sartu egiten da, eta agertokia eguneroko leku arrunt bezala ikus dezake”.

Legítimo/Rezo

Eguna: maiatzak 30, astelehena
Lekua: Kursaal - Ganbara aretoa
Ordua: 20:00
Sarrerak: www.kursaal.eus eta Kursaaleko leihatila
Prezioa: 16€. Sarrerak 3€-tan 30 urtetik beherako lagunentzat, emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago Kursaaleko leihatiletan. Promozio hau langabeentzako da ere bai.

Fitxa artistikoa

Kontzeptua: Jone San Martin, Josh Johnson, William Forsythe
Interpretazioa: Jone San Martin, Josh Johnson
Musika: Josh Johnson
Eszenografia eta argiak: Josh Johnson

 

San Martinek urrian osatuko du karta zuria

Jone San Martinen karta zuria urrian osatuko da, izaera anitzeko lau proposamenekin: dantza, instalazio artistikoak eta hitzak diziplinarteko programazio baten parte izango dira. Urriaren 14 eta 15ean, Victoria Eugenia Antzokian, 7 Dialogs obra aurkeztuko du Berlingo Dance On konpainiarekin, alegia, San Martinek gaur egun lankide duen taldearekin. Aste bat geroago, urriaren 21 eta 22an, bertsolaritza eta dantza bateratzen dituen lanaren txanda izango da; eta hurrengo asteburuan, S.A.D. bikotearen (Cyril Baldy eta Josh Johnson) performancea Cristobal Balenciaga Museoan. Gainera, William Forsythe eta Ryoji Ikedaren ikus-entzunezko instalazio bat ekarriko du ere San Martinek Tabakalerara, urrian zehar ikusi ahal izango dena.