Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut

Elkarte batek, enpresa batek edo pertsona talde batek identifikatutako erronkei profil desberdinetako profesionalen laguntzarekin aurre egiteko hibridazio-prozesuak izan ziren Hibrilaldiak.

 

Lehen Hibrilaldian parte hartu duten taldeak eta profil desberdinak

1) Algaraklown Ospitaleko Pailazoak + Economistas sin fronteras

2) Bagera Donostiako Euskalzaleen Elkartea  + Bigara

3) Ermua Mugi! + FurAlleFalle

4) Hasiera Centro de incorporación social +  Zaramari 

5) Ikasteam + VIC Vivero de iniciativas ciudadanas

6) Osakidetza OSI EEC (Organización sanitaria integrada Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces) + AATOMIC LAB 

 

 Lehen Hibrilaldiaren bideoa:

 

 Lehen Hibrilaldiaren irudiak:

Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  • Donostia 2016_Lehen_Hibrilaldia
  •  

     Lehen Hibrilaldiaren erronkak, prozesua eta emaitzak:

    Algaraklown Ospitaleko Pailazoak @Algaraklown + Economistas sin fronteras @Ecosfron

    Algaraklown irabazi asmori gabeko elkarte bat da; 2012an sortu zen eta Donostia Ospitaleko amen eta haurren eraikina eta hiriko hainbat zaharren egoitza bisitatzen dituzte. Denek dute helburu bera: gizarteari ekarpen positibo bat egitea. Horretarako, clowna eta barrea erabiltzen dituzte, ospitale giroan. Algaraklownek beste barne-antolakuntzako eredu bat nahi du, hain zuzen, kudeaketaren eta jasangarritasunaren aldetik eraginkorragoa izango dena.

    Mugarik Gabeko Ekonomialariak (EsF) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da (GGKE). 1997an sortu zuten desberdintasunarekin eta pobreziarekin konprometituta eta kezkatuta zeuden unibertsitateko hainbat irakasle eta katedradunek. Erakundearen helburu nagusia da ekonomia- eta gizarte-egituretan aldaketak eragitea, bidezkoak eta solidarioak izan daitezen eta, hala, ekonomia-kultura berri bat sustatzea.

     

    Lan proposamena

    Mugarik gabeko ekonomialariak erakundeak proposatutako metodoa prozesu osorako ibilbide-orri bat egitea da, Algaraklowek aldaketa jasangarriak egin ditzan bere barne-kudeaketarako ereduan. Honako hauei emango zaie lehentasuna: proiektuak planifikatzea, lidergoa eta talde-lana, boluntariotza-plana eta denboraren kudeaketa.

     

    Emaitzak

    Algaraklownek eta Mugarik gabeko Ekonomistek elkarrekin egin dituzten lan-saioei esker, elkartea, pixkanaka, gero eta gehiago jabetu da egituratu beharra duela aurrera egiteko. Horretaz ohartzean, prozesua beren beharretara egokitu zuten: hasierako antolamendua aldatu, eta sormenezko elementuak, jarduera plastikoak eta esperientzien bidezko jarduerak txertatu zituzten, bai eta jolasa ere, helburua lortzeko tresna funtsezkoa.

    Gai hauexek landu zituzten: komunikazioa, denboraren kudeaketa, boluntariotzaren kudeaketa, proiektuaren kudeaketa, finantziazioa lortzeko bideak eta lidergoa.

    Algaraklown, egindako saioen eta dinamiken bidez, jabetzen hasi zen zer momentutan dauden, zer lortu duten orain arte; ikusi zuten helburuak urrats txikiagoak eginez lortu behar dituztela, eta urrats horiek nola diseinatu aztertu zuten.


    Bagera Donostiako Euskalzaleen Elkartea @BAGERAelkartea  + Bigara @bigarabi

    Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, 1991ko abenduan sortu zen, eta, gaur egun, 450 bazkide inguru eta lau langile ditu. Bageraren ikuspuntutik, Hibridazio hau elkartea bera eta elkarteak Donostian euskara normalizatzearen alde egiten duen lana hobetzeko proiektu bat da. Baliabide gutxi dituztenez, prozesu bakoitza ikasteko eta aurrera egiten jarraitzeko aukera bat da.

     

    Bigara elkarteko kideak artistak, diseinatzaileak, asmatzaileak eta irakasleak dira. Sormena sustatzen dute hezkuntzan eta aukerak bilatzen dituzte berrikuntza pertsonalerako eta sozialerako. Donostiako Usandizagako Diseinuko Goi Mailako Zikloko proiektuen koordinazioa arte-praktika batekin konbinatzen dute, sormen-prozesu berriak bilatzeko eta komunikazio-proposamenak berrasmatzeko. Ardatza pertsona duten diseinuaren arloko esperientzia- eta kolaborazio-proiektuak gauzatzen dituzte; proiektu horietan, talde guztiak hartzen du parte eta elkarrengandik ikasten dute.

     

    Lan proposamena

    Bageraren lan-eremua hobeto ezagutzeko, Bigarak euskaraz dakiten langile, herritar, boluntario, nabigatzaile eta pertsonen, euskaraz ez dakiten pertsonen, Donostiako artisten eta artista atzerritarren azalean jartzeko proposamena egiten du.

    Barrutik kanpora eta kanpotik barrura, metodologia dibertigarrien eta parte-hartzaileen bidezko sormen-komunikazio baterako. Bagerak proposatutako arazoei konponbidea ematea ez ezik, ideia bera zalantzan jartzea eta aukera berriak bilatzea proposatzen dute. Egite hutsak multzo osoa eta emaitza definituko ditu.

     

    Emaitzak

    Bagerak, Donostiako Euskatlzaleen Elkarteak, 25 urte beteko ditu: kolektiboaren izaera berriro zehazteko garai ezin hobea da.

    Bagerak eta Bigarak osaturiko taldeak umorearekin eta sormenarekin lan egin du, eta Bagera berria abiaraziko duen gidaren oinarriak sortu ditu.

    Nahiz eta elkarte txikia izan, beren egin dituzte enpresa handien komunikazio-estrategiak, eta martxan jarri dituzte zenbait egitasmo dibertigarri; adibidez, logo eta marka ezagunak hackeatu eta euskararen euskarri bihurtu dituzte.

    Horrekin, komunikazioa indartu, elkartea gazteagotu eta gertakarien lekura hurbildu nahi dute. Nork esan ote zuen euskara serioa, garbizalea, zuzena eta aspergarria dela?


    Ermua Mugi! @ErmuaMugi + FurAlleFalle @furallefalle

    Ermua Mugi! Ermuko Udalak 2012an sustatutako tokiko komunitate-estrategia da. Haren helburua da jarduera fisikoa, elikadura osasungarria eta osasun emozionala herritarren bizi-ohitura gisa txertatzea, modu eraginkorrean eta berdintasunean oinarrituta. Hori guztia koordinatzeko, tokiko mahai bat sortu da, eta asmoa da kanpoko eragile baten ikuspegia txertatzea, estrategiaren komunikazio-prozesurako, berritasunak ekartzeko eta, hala, esku-hartze sortzaileak, originalak eta bizigarriak izateko.

     

    Fur Alle Falle kultur ekoizle independente bat da. Beste pertsona batzuen parte hartzea sustatzen duten proiektuak eta ekitaldiak egiten dituzte, eta euren proiektuak herritar guztiek ulertzeko modukoak izan daitezen ahalegintzen dira. Aurrez definituta dauden eta mugiezinak diruditen egiturak mugitu nahi dituzte, eta mugen inguruan ibili, horiek nola hackeatu ikusteko, zalantzan jarri ezin dena zalantzan jarriz eta bertuteak diren akatsak bilduz. Umorea erabiltzen dute beti sormen-baliabide gisa. Arte bizia eta askotarikoa dute gustuko.

     

    Lan proposamena

    Fur Alle Falle elkarteak komunikazio-bide berriak ireki nahi ditu: unean uneko performancez eta ekitaldiez baliatu nahi du egunerokoan ezartzeko erraza den bizimodu osasungarri baten eredua emateko. Horrez gain, modu dibertigarri eta lagunarteko batean erabili nahi ditu Ermua Mugi! proiektuak jada irekitako komunikazio-bideak. Gainera, mikrodinamika pertsonal ludiko eta errazak aktibatzea ere proposatzen du, ohiko jarduerak eta horien arteko atsedenaldiak egiten diren bitartean. Sortutako materiala (gidak, ekintzetarako eta ekitaldietarako gidoiak) lizentzia irekiarekin argitaratuko dira, beste batzuek horien erreplika egin ahal izan dezaten.

     

    Emaitzak

    “Ermua Mugi!” ikusaraztea eta dinamizatzea zen erronka. Ermuko Udalak 2012an abiatu zuen tokiko estrategia komunitario hori, herritar guztiek bizi-ohituratzat har ditzaten jarduera fisikoa, elikadura osasungarria eta osasun emozionala. Tokiko eragile komunitarioek osatzen dute “Ermua Mugi!”; sarean lan egiten dute, eta jarduera fisikoa sustatzea dute helburu. Horretarako, emozioak sortu nahi dituzte eta, horren bidez, aldaketa eragin eta jarduera fisikoa zein elikadura osasungarria normalizatu, bizimodu aktiboak dituzten pertsonak ugaritu eta egoneko bizitza daramaten pertsonen kopurua gutxitu.

    15 pertsonak parte hartu dute proiektuan, askotariko profiletakoek: langile soziokulturalek, arkitekto batek, nutrizionista batek, kirol-teknikariek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko langileek, besteak beste.

    Lan-saioetan identifikaturiko erronketako batzuek zerikusia zuten Ermua Mugi “gazteago egitearekin”; alegia, egitasmoa soilik adinekoekin ez lotzea lortu nahi zen. Bestalde, bizimodu aktiboa izateko mezua helarazi nahi zen, eta hirigunea kirol-eremu gisa antolatu.

    Kontzeptu-mapa bat egin zen “Ermua Mugi!” egitasmoaren estrategia ulertzeko, eta “Mapear ErmuaMugi!” ekintza antolatzea erabaki zen: gazteek Ermuko eremu publikoaren mapaketa egin zuten estrategiaren hiru ardatzekin loturiko tokiekin: osasun emozionala, jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria.

    Mapa horretan, Ermuan osasunaren alde zer jarduera eta erabilera gauzatzen diren adierazi nahi izan da. Ermua Mugik, maparen bidez, gazte ermuarrak motibatzeko ekitaldiak antolatu ahal izango ditu. Gainera, lagungarri izan daiteke herriko espazioa erabileren arabera diseinatzeko, eta, horrela, zenbait beharrizani erantzungo zaie.

    Mapaketa azaroaren 18an egin zen, San Pelayo ikastetxean, DBHko 4. mailako talde batekin. Honako hauek izan zituzten lan-tresna: Ermuko mapa bat, maparen testua idazteko gailu bat (ordenagailua), koloretako itsasgarriak eta errotuladoreak.

    Mapaketarekin, Ermua Mugi! egitasmorako ondorio baliagarriak atera ziren, eta gazteak Ermua Mugi!-ren dinamiketara hurbildu dira; horrela, balioa eman diete ohitura osasungarriei, eta leku zein jarduera osasungarrien garrantziaz jabetu dira.


    Hasiera Centro de incorporación social +  Zaramari @gorka_ZARAMARI & @maria_zaramari

    Hasiera Bizkaiko Hiesaren aurkako herritarren batzordeak kudeatutako gizarteratze-zentroa da. Osasun mentalak eta ahultasun sozialak eragindako hainbat arazo dituzten 15 pertsona artatzen dira bertan. Hori dela eta, talde oso heterogeneoa da, eta aldatu egiten da pertsona bakoitzaren prozesuen arabera, bai eta lanean duten egoeraren arabera ere. Lehengo urtean erakusketa bat egin zuten, eta aurten bigarren erakusketa egin nahi dute, artista/sortzaile baten laguntzarekin. Halaber, hausnarketa bat egin nahi dute zentroaren inguruan, birziklatzearen ideia oinarri hartuta.

     

    Zaramari elkarteak hirigintzari eta gizarte-berrikuntzari buruzko kultur proiektuak egiten ditu. Honako hauen inguruan egiten dute lan: kultur aholkularitza, kudeaketa eta ekoizpena, hezkuntza ez-formala, eta komunikazioa eta arkitektura lurraldea elkarlanean eta sormena erabiliz berrasmatzeko tresna gisa. Gaur egun hainbat proiektutan egiten dute lan; besteak beste, kultur proiektuak eta kolaborazio-sormenerako laborategiak (adibidez, UrbanBAT eta Wikitoki). Hori guztia, herritarren parte-hartzea sustatuz.

     

    Lan proposamena

    Zaramarik Hasieraren hausnarketa-prozesura eraman nahi ditu aterpearen ideia eta bere zenbait ezaugarri, kolaborazio-diseinuaren dinamikak praktikan jarriz, espazio bereko erabilera ugaritasuna aztertuz eta Hasieraren lokalak etorkizunean izan ditzakeen erabilerei eta banaketari buruzko ikuspegi partekatu bat eraikiz.

     

    Emaitzak

    Hasiera-k eskaera egin zuen: bere birziklapen-tailerrean fabrikaturiko objektuen urteko erakusketa diseinatzea (erakusketa Bilbo Zaharreko Gau Irekia jardueraren barruan egiten da). Eskaera hori oinarri hartuta, Eguneko Zentroa aldi baterako aterpe izateko aukera aztertu zen, batik bat bi alderdi landuz:

    > Denboraren kontzeptua. Hasiera-ren erakusketa erabiltzaileek eurek egindako ordulariei buruzkoa zen. Horrela, denboraren kontzeptuari buruzko kontakizun bat landu eta eraiki ahal izan zen, eta horixe islatu zen erakusketaren diseinuan. Denboraren joanaz dauden aipuak, testuak, abestietako hitzak, filmak, artelanak eta hausnarketak aztertu ondoren, esperientzia pertsonalak eta taldekoak partekatu zituzten: nola eta zehazki non igarotzen da Hasieran pasatzen den denbora?

    > Zentroaren antolamendu espaziala. Erabiltzaileek eguneko une desberdinetan espazioa zertarako erabiltzen duten ikusi zen (atseden hartzeko, bilerak egiteko, aisialdirako, filmak ikusteko, ordenagailuak erabiltzeko, birziklapen-tailerrerako…), eta, horretan oinarrituz, antolamendu espazialaz hausnartu eta lokala hobeto antolatzeko proposamenak egin zituzten.


    Ikasteam @PCTGipuzkoa + VIC Vivero de iniciativas ciudadanas @desdevic
     

    Ikasteamen eginkizuna Gipuzkoako Teknologia Parkeko enpresan arteko lankidetza sustatzea da, antolakuntza-gaitasunak eta gaitasun pertsonalak egokitzeko eta berritzeko. Hainbat urtez lanean aritu ondoren, Ikasteamek bere buruaren bertsio berri bat zehaztu nahi du, aurrerapausoak eman nahi ditu helburuak lortzeari dagokionez.

     

    Vivero de iniciativas ciudadanas lankidetzarako plataforma ireki bat da, espazio publikoan herritarren eta gizartearen berrikuntza-prozesuei buruzko aholkuak eskaintzen dituena. Herritarren artean jaiotako egitasmo eta prozesu kritikoak proposatzen, aztertzen eta babesten ditu, eta garrantzia berezia ematen dio prozesuak lurraldera, hirira eta eremu publikora ekartzeari. Helburua da gizartean teoria eta praktika uztartuko dituen lotura eguneratuak sortzea.

     

    Lan proposamena

    Oinarrizko proposamena mapa afektibo-kolaboratibo bat sortzean datza; bertan, campusean bizi diren bertako eta kanpoko kapital horiek guztiak irudikatu, erreproduzitu eta partekatuko dira, bertako espazio guztietan eta inplikatutako eragile guztietan. Hala, ez dira soilik campuseko bertako espazio-konfigurazio eta -banaketak agertuko; honako hauek ere agertuko dira: eduki kualitatiboak, bertako afektu eta kapitalak, harremanetarako moduak, eboluzio-alderdiak, sinergiak eta aukera-espazioak.

     

    Emaitzak

    Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean enpresa-logika da nagusi; emaitza eta itzulkin “nabarmenak” lortu nahi dituzte han, Gipuzkoaren garapen ekonomikoan laguntzeko. 92 enpresak osatzen dute parkea; nolabait atomizatuta lan egiten dute elkarrekin, teknologiaren, ekologiaren eta paisaiaren aldetik balio handia duen eta lekuagatik eta ezaugarriengatik izugarrizko gaitasunak dituen gune batean.

    Ikasteam zeharkako talde bat da, helburu duena prozesuak hibridatzea, berritzea eta parkeko enpresen aktibo nagusia diren pertsonen garapenera bideratutako programak, proposamenak eta emaitzak eskaintzea. Horretarako, balio handiagoa, kalitatea eta elementu bereizgarriak emango dizkio parkeari, nortasun berezi bat eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko "kide izatearen harrotasuna” sortzeko.

    Hibrilaldiak-en, parkearen egungo egoeraren diagnostiko partaidetu bat egin da: dauden kapitalak, atomizazioa, eragin zuzenaren bilaketa, tarteko beste eragile batzuk eta enpesa-eskaintza periferikoa. Horrez gain, aukerak sortzeko guneak ere diagnostikatu dira: parkeko zein komunitate formalek eta informalek egiten dituzten truke eta ekintza kolektiboak (Ikasteam, Mugikortasun Taldea, Running Miramon, P2P Language, etab.). Diagnostikoan, bestalde, Parkeko harremanak hobetzeko bidea emango luketen beste komunitate berri eta/edo potentzial batzuk ere detektatu dira (baratzezainak, eskulangileak, txirrindulariak...).

    Era berean, komunitateak sortzen eta finkatzen laguntzen duten hainbat azpiegitura ere identifikatu dira (kafetegiak, ibilbideak, aisia-guneak, askaldegiak…), eta eremu berriak proposatu (bookcrossing guneak, begiratokiak, kontzertuetarako lekuak, baratze emankorra, trukerako zelai nagusia), pertsonen integrazio- eta hibridazio-prozesuan aurre egiteko, Parkearen enpresa-, lan- eta ekonomia-logiken kontrapuntu gisa.

    Programari esker, ikusi da parkeak zer erronka dituen gaur egun eta etorkizunean (diagnostiko partaidetua), eta kartografia “afektiboa” egin da, kapital eta gailu informalak biltzeko eta etorkizunean esku hartzeko guneak adierazteko. Bestalde, egungo komunitateak eta etorkizunekoak ikusarazteko elkarrizketa batzuk egin dira, komunitateok finkatu eta etorkizunean garatze aldera.


    Osakidetza OSI EEC (Organización sanitaria integrada Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces) @GurutzetakoOsp + AATOMIC LAB @AATOMIC_LAB

    Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIn berritasunaren alde egiten dute, elementu eraldatzaile horrek aurrera egiten laguntzen baitie gaixoari balio handiagoa emateko prozesuan. Gaixoen ikuspuntua sartu nahi dute euren arreta-ibilbideen definizioan, arreta pertsonengan jartzen duten zerbitzuak diseinatu  eta gauzatzen duten jardueraren inguruan hausnartu, arreta ezin hobea emate aldera.

    AATOMIC LAB Palmako kolektibo bat da, eta, kulturaren bitartez, gizarte-berrikuntzako proiektu eta metodologia parte-hartzaileak sortzen ditu kalean zein arte-zentroetan. Honako proiektu hauek egin ditu, besteak beste: Aatomóvil, Museo del Barrio eta Monográfico Cultura Digital Libre.

     

    Lan proposamena

    AATOMIC LAB kolektiboaren eginkizuna da komunikazio-bide berriak irekitzea gaixoen eta EEG ESIko diziplinarteko taldearen artean, proiektuaren parte diren gaixoek aktiboki parte har dezaten. Sormenean oinarrituz eta tresna digitalen, mapaketen, erregistro- eta bistaratze-sistemen bidez, ikerketa bat abiatuko da, esperimentu gisa, gaixoaren beharretan oinarritutako laguntza-ibilbideen diseinuan eta koordinazioan eragin positiboa izango duena.

     

    Emaitzak

    Erronka hauxe zuen taldeak: pazientearen ikuspuntua aintzat hartzea II motako diabetesaren arreta-zirkuituak diseinatzean. Arreta-zirkuitua, hain zuzen, patologia jakin bat duten pazienteei arreta hobea emateko diziplina askotako zaintzen eta ekintzen antolamendua modu egituratuan laburbiltzen duen plana da.

    Lehendabiziko lan-saioan, gainerako saioetarako lantaldea zein izango zen erabaki zen: Hibrilaldiak-en parte hartzen duten 18 osasun-langile. Sei paziente gehitzea erabaki zuten: Bizkaiko Pazienteen Elkarteko bi pertsona, "paziente aditu" bat (Osakidetzaren Paziente Bizia programako begiralea), paziente hasiberri bat, diabetesa duen emakume paziente bat (“genero-ikuspegia”) eta zaintzaile bat.

    Bigarren saiorako, Aatomic Lab-ek role-playing bat proposatu du. Lau osasun-langilek eta bi pazientek osaturiko hiru lantalde sortuko dira, eta benetako esperientziak partekatuko dituzte elkarrekin, aurrez hautaturiko hiru ideiatan oinarriturik. Talde bakoitzak film bat antzeztuko du (sakelako telefonoak erabiliz); pazienteek osasun-langileena egingo dute, eta alderantziz.

    Horrela, hiru film labur sortuko dira. Editatzen direnean, hirugarren saioan aztertuko dira, eta taldeek arreta-zirkuituaren diseinuan aplikatzeko zenbait hobekuntza proposatuko dituzte.

    Azkenik, saioak amaitzeko, sukaldaritza orekatuari buruzko tailer parte-hartzaile bat antolatuko da Sukalde Gerrillaren eskutik (Rubén Castillejosen proiektua da).

    Hauek dira esperientzia lantzen jarraitzeko ideia gakoak:
    > Gaixotasunaren diagnostikoa nola eta noiz jakinarazi zaindu behar da.
    > Emozioak kontrolatzen laguntzeko kontsulta bat hitzartu behar da.
    > Beste paziente batzuekin egoteko gune fisikoak eta birtualak ezarri behar dira.
    > Beste paziente batzuei lagun diezaieketen pazienteak identifikatu behar dira, eta zerbitzu hori txertatu behar da osasun-sistemaren azpiegituran bertan.
    > Pazienteek eurek aukera izan behar dute arreta-zirkuitua diseinatzeko: “Osasun-sisteman zer-nolako ibilbidea egitea gustatuko litzaizuke?”.
    > APP bat diseinatu behar da, pazienteei arreta-zirkuitua balioesteko aukera emateko; hala, jardunbide onak eta puntu kritikoak identifikatuko dira, eta etorkizunerako hobekuntzak proposatu ahal izango dira.

    Gainera, berehalako ekintza gisa, proposatu da sei paziente horietako bat II motako diabetesaren arreta-zirkuitua diseinatzeko lantaldeko kide bihurtzea. Pazienteek eurek erabakiko dute nor batuko zaion lantaldeari.

    Idatzi iruzkina

    Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.