Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Hautatutako proiektuak
Hautatutako proiektuak

Ardora hilero bildu da Energia-olatuak programara aurkeztu ziren proiektuen artean 2.016 euroko diru-laguntza jaso duten bost proiektu hautatzeko; 20.160 euroko diru-laguntzak jaso dituzten proiektuak, berriz, bi hilean behin hautatu dituzte. Honakoak izan dira diruz lagundutako proiektuak:

2.016 euroko diru-laguntzak 20.160 euroko diru-laguntzak  
2016ko urria 2016ko urria
2016ko iraila    
2016ko abuztua 2016ko abuztua  
2016ko deialdi berezia 2016ko deialdi berezia
2016ko uztaila    
2016ko ekaina 2016ko ekaina  
2016ko maiatza    
2016ko apirila  2016ko apirila   
2016ko martxoa     
2016ko otsaila 2016ko otsaila  
2016ko urtarrila     
2015eko abendua 2015eko abendua  
2015eko azaroa    
2015eko deialdi berezia 2015eko deialdi berezia  
2015eko urria 2015eko urria
2015eko iraila  
2015eko abuztua 2015eko abuztua  
2015eko uztaila    
2015eko ekaina 2015eko ekaina  
2015eko maiatza  
2015eko apirila 2015eko apirila  
2015eko martxoa    

 

2.016 euroko diru-laguntzak
2016ko urria

Belaunaldi papirudia
Mari Joxe Azurtzaren ekimen honetan origami tailer batzuk egingo dira eta, horien bidez, belaunaldi arteko lankidetza landuko da. Ezagutza sortzeko ere balioko du sorpresaz beterik egongo den eta jasangarria izango den joko honek.

Haurren Egia
Antxeta TtanTtakun-ek aurkeztu duen proiektu honetan Egia auzoa osatzen duten guneen segurtasun-maila neurtuko da. Egiako haurrak izango dira prozesu horretan protagonista. Lehendabizi, diagnosia egingo dute, gehien erabiltzen diren espazioak identifikatuko dituzte eta ondoren espazio horiek duten segurtasuna neurtuko dute aurretik finkatutako irizpide batzuen arabera. Proiektua amaitzeko, ez-seguru bezala identifikatutako guneen segurtasuna hobetzeko plan bat aurkeztuko dute.

Antiguoko frontoian horma-irudia
Txirain kultur elkarteak 18x3,5 metroko horma-irudi bat margotuko du Antiguo auzoko frontoian, herritarrentzat elkargune den plaza horren alderdi estetikoa hobetzeko xedearekin. Hori egin aurretik, lehiaketa bat jarriko dute abian herritarrak izan daitezen geroago tamaina handian egingo den marrazkiaren egileak. Lehiaketa herritarrek emandako botoen bidez ebatziko da.

Txonta
La plazoleta elkartea Eibarreko Txonta auzoaren iragan industriala modu artistikoan jasotzeko memoria kolektiboa lantzen duen proiektu bat gauzatzen ari da. Horretarako, horma-irudi ugari ari da prestatzen, eta abenduaren 17an kultur jardunaldi parte-hartzaile bat antolatuko du horren inguruan.

‘Begiradak’, I. Zine- eta hezkuntza-foroa
‘Begiradak’, I. Zine- eta hezkuntza-foroa, Ikertze kultur elkarteak antolatua, gaur egungo ikus-entzunezko eta zine formakuntzak bizi duen egoerari buruz hausnartzeko aukera eskainiko du. Topaketak ahalbidetuko du irakasleak, erakundeak, sektoreko profesionak, ikasleak eta familiak toki bakar batean elkartzea eta euren gogoeta partekatzea.


2016ko iraila

FES-MAP, Arteen eta Osasun Mentalaren Pirinioetako jaialdia
Urriaren 17tik azaroaren 30era FES-MAP delakoaren hirugarren edizioa egingo da Pirinioetan, artea, zinea eta osasuna uztartzen dituen jaialdia. Diziplina anitzeko elkartze interartistiko eta dibulgatibo honen helburua da arteen eta osasun mentalaren arteko topaleku izatea. Energia-olatuen diru-laguntzari esker, aurtengo edizioan, lehenengo aldiz, jaialdiaren jarduera batzuk Euskal Herrian egingo dira.

Genero desberdintasunaren murruak suntsitzen dituzten energia-olatuak
Azaroaren 25ean emakumearen kontrako indarkeriaren deuseztatzearen nazioarteko eguna dela-eta, aldarrikapen hau hezurmamituko duen horma-irudi bat modu kolektiboan margotzea proposatu du Denon elkarteak. Artista urbanoek parte hartuko dute bertan, eta herritarrak ere margotze-lanetan laguntzera gonbidatuta egongo dira. Ekintzaren amaieran, horma hau eraitsi egingo da sinbolikoki.

Kanideren abenturak, bigarren zatia: suaren zeremonia
Iñaki Sainz de Murieta Telleriaren proiektu honetan Kanideren abenturen bigarren zatia publikatzea de helburua. Literatur lan honek aurrehistoriari buruzko ezagutza zabaltzea du xede, eta bere hartzaile nagusiak haurrak izango dira. Liburuaren argitalpenaren bueltan tailer batzuk ere antolatuko dituzte liburutegietan eta antzeko beste espazio batzuetan.

III. Balkanen Astea: Boris Malagurski
Drina Zubia kultur elkarteak III. Balkanetako Astea ospakizunen baitan Boris Malagurski zinemagile eta produktore serbiar-kanadiarra gonbidatu du Donostiara etortzeko. Bi ekimen nagusitan hartuko du parte: batetik, Koldo Mitxelena Kulturunean The Weight of Chains dokumentalaren doako pasean izango da, eta ikusleen galderei erantzungo die; bestetik, oroimena, bakea eta adiskidetzea bezalako gaiei buruz hausnartzeko 90 minutuko oinezko-ibilbide bat egingo du Haizeen orrazitik Bakearen usora.

Egurra
Inge Mendioroz Ibañezek antolatuko duen instalazio artistiko hau tratu txarrei buruzko hausnarketa bultzatzeko da. ‘Zerk huts egiten du gertukoek ez erreakzionatzeko?’ galderari erantzuna bilatzen saiatuko da bertan, eta, horretarako, audio-grabazio batean tratu txarren eszena bat irudikatuko du bi aktoreren laguntzarekin eta museo batean jarriko du entzungai.


2016ko abuztua

Gurs, un recuerdo desde el olvido
AskatasunArte elkarteak Gurs, un recuerdo desde el olvido dokumentala gauzatuko du. Bertan, Bigarren Mundu Gerran 60.000 lagun bildu zituen Gurs-eko kontzentrazio-esparruaren historia gogora ekarriko dute. Dokumentalaren estreinaldia Giza Eskubideen Zinemaldiaren 2017ko edizioan egiteko asmoa daukate.

Ahaztuen zubia
Raquel Hernández Boned-ek aurkeztutako proiektu honek Irungo Avenida zubiaren mendeurrena oroitzea eta, bide batez, gaur egungo eta iraganeko errefuxiatuen gaia mahai gainean jartzea du helburu. Artea, gastronomia, tailerrak eta antzeko jarduerak bilduko dituen ekitaldi bat osatuko dute Greziako errefuxiatuen eremuak gertutik ezagutzen duten Zaporeak elkarteko kideen laguntzarekin.

Telmo eta Lau Urtaroak, kontzertu solidarioa
TEL-Euskadi Hizkuntzaren Nahasmendu Berezia duten Pertsonen Senideen eta Lagunen Elkarteak Antonio Vivaldiren Lau urtaroak musika-piezaren kontzertua antolatuko du eta bertan, aldi berean, urtaroei buruzko kontakizun bat eskainiko da. Ipuina euskaraz kontatuko da eta, bitartean, gaztelaniazko azpitituluak eta piktogramak proiektatuko dira. Izan ere, proiektu honen helburua baita ahozko komunikazioan zailtasunak sortzen dituen Hizkuntzaren Nahasmendu Bereziari buruz kontzientzia piztea.

Aniztasunean hezi
Jatorkin elkarteak gizarte-aniztasuna aberastasun iturri dela erakutsiko duten tailer batzuk antolatuko ditu. Tailer horietan ikus-entzunezkoak, hip-hopa, horma-irudi bidezko adierazpen artistikoa, etab. landuko dira, besteak beste, eta adin guztietako jendeari zuzenduta egongo dira, belaunaldiartekotasuna xede.

Herri bat dantzan
Euskal Dantzarien Biltzarrak urtero antolatzen duen ekitaldi honen helburua gure dantza eta folklorearen aberastasuna erakustea da. Aurtengo edizioa Baionan ospatuko da, urriaren 1ean, eta, dantza-emanaldi ugariz gain, hitzaldiak, erakusketak, erromeriak, etab. ere hartuko ditu barne.


2016ko deialdi berezia

Beltza, perkusioa eta dantza afrogaraikidea
Arantza Iglesias Arbizuk proiektu honek ikastaro bat eta ikuskizun bat hartuko ditu barne. Batetik, Afrikako gaur egungo dantza eta perkusio ikastaroa eskainiko du. Sormena, prozesua eta elkar ulertzea landu nahi dituzte 14 urtetik gorako pertsona guztiei zuzendutako tailer hauetan. Horrez gain, Beltza ikuskizuna eszenaratuko dute bi perkusio-jolek eta bost dantzarik.

Itsasargien historia eta garapena: gaueko ziklopeak
Euskadiko Itsasargien Lagunak kultur elkartearen proiektu honetan proposatzen dena da hitzaldi ireki baten bitartez itsasargietan bizi ziren pertsonen bizimoduaren inguruko testigantzak jasotzea. Horrela, bertako historia eta oroitzapenak partekatu eta itsasargien egiteko eta funtzionamendua ezagutarazi nahi dira. Hizketaldiaz gain, argazki erakusketa bat ere jarriko da, informazio-taula batzuekin batera.

Eta nik bizitzea esaten diot musukatzen nauten une orori
Lleno de naranjas-ek proposatutako ikuskizun hau arima sendatzeko testu eta poesien irakurketan oinarrituko da. Ez da izango ikuskizun huts bat, baizik eta esperimentazio moduko bat, zeinean bertaratutakoek euren sentimenduak azaldu ahal izango dituzten.

Uhinak 2016
Iratxe Paz Leizak proiektu honen bidez DSS2016EUren itxiera-ekitaldiekin batera askatzeko lurrin bat sortu nahi du, etorkizunean bizitako sentimenduak gogora ekartzen lagunduko digun usain bat. Lurrinak Donostia 2016ren balio eta ezaugarri batzuk ekarriko ditu gogora: freskotasuna, aniztasuna, elkar ulertzea eta askatasuna, adibidez.

Book Box
Jorge Pineda Gutierrezek eta Markel Elizaldek dagoeneko sortuta duten liburutegi-kaxa baten prototipoaren erreplika egin eta kultur etxeetan jarriko dute. Liburutegi-sistematik kanpo, jendeak soberan dituen liburuak bertan uzteko eta beste herritar batzuek hartu eta gozatu ahal izateko sortuko dute aipatu kaxa eta. Prototipoa Hirikilabsen egin zuten, eta beraien asmoa irakurzaletasuna eta pertsonen arteko trukea sustatzea da.

Off House
Atari Cultura Arquitectónica Euskadik Donostia Kulturaren kultur etxeen arkitektoekin haien obretara bisita egitea proposatzen du. Modu horretara, eraikinaren eta erabiltzaileen arteko harremana aztertu nahi dute arkitektoarekin batera.

Musikak eta dantzak batzen gaituzte
Holidanza elkarteak zuzeneko ikuskizun bat eskainiko du. Bertan, Euskal Herriko eta beste hainbat tokitako instrumentuen soinua fusionatuko da eta mundu osoko dantzak nahastuko dira.

Mexiko eta Gipuzkoako istorio laburren koaderno kolektiboa
Maria de Lourdes Fernández Lópezek proposatutako ekimen honen baitan honako ekintzak egingo dira: hamar artelan barne hartuko dituen erakusketa bat, koaderno kolektibo bat, Mexikoko pintxo baten dastaketa eta hitzaldi bat.

Kapulana bat zintzilik
Amaia Aseginolaza Pinedok hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizun bat proposatu nahi du, Mozambikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino. Tarte horretan kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz edota hizkuntzaz arituko da Miren Amuriza, Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta, bertsoz eta ipuinez, eta edozeinek bere gogoetak partekatzeko aukera izango du. Aurretik testuinguruan kokatzeko dokumentala eskainiko da.

Konpasetan: bidaia intimo bat emakumeen istorioetan zehar
Garazi Kamio eta Susana Cencillok ‘Konpasetan’ ikuskizunaren hiru emanaldi egitea proposatzen dute. Obra honetan, bidaia intimo baten bidez bost emakumeren bizitza eta obra errepasatzen dira, akordeoiaren laguntzaz. Ibilbidea Kuban hasten da eta Euskal Herrian du amaiera.

Gogoratzen?
Catalina de Erauso arte elkarteak "Duela urte batzuk, zer zegoen hemen!? Ahaztuta daukat..." izeneko stop motion animazio tailerra proposatu nahi digu, baita artista-liburu baten sorkuntza ere, Donostiari lotuta ditugun oroitzapen eta sentimenduak gogoratu eta azalarazteko.

Guatemalari buruzko dokumentalen proiekzioa
Hirugarren adina hirugarren mundurako elkarteak milaka urteko maien kultura eta Guatemalako mundu-ikuskera ezagutarazi nahi ditu. Horretarako, dokumentalak eta pelikulak proiektatuko ditu eta euren egileak gonbidatuko, guztiak Guatemalan jaioak edo bertako ezagutza zabaldunak.


2016ko uztaila

WO-Man
Proiektu honetan, Soraya García Suarezek lengoaia artistikoaren bidez genero-berdintasunaren gaiaz kontzientziatzea du helburu. Horretarako, prozesu parte-hartzaile bat jarriko du martxan, herritarrek sortuko diren artelanen gaia aukeratzeko. Gaia bozketaz hautatu ostean, horri buruzko argazki-saioa, margolana eta hizkuntza anitzeko poema kolektibo bat sortuko dira. Sortutako lanak erakusketa batean jarriko dira ikusgai proiektua amaiera emateko.

Imajina itzazu Uliako lore-baratzak estalkian
Soraya García Suarezen beste proiektu honek Uliako lore-baratzen etorkizunari buruz hausnartu nahi du. Horretarako, lehendabizi ingurua ezagutzera emango du herritarrei irekitako elkartze eta bisita didaktikoen bidez. Halaber, proiektua biribiltzeko, umeentzako sorkuntza-tailer bat egingo da, zeinean haurrek euren ametsetako baratza sortu ahal izango duten, margoak eta buztina erabiliz.

Cadic
Kolorearekin elkarte artistikoak aniztasun funtzionala duten eta ez duten pertsonen artean dantzaren eremuko sorkuntza artistiko bat abian jarriko du. Urria eta abendua bitartean astero hiruzpalau saio antolatuko ditu Izaskun Lapazaren gidaritzapean kalitatezko koreografia bat sortzeko modu kolektiboan. Ondoren, urte amaieran, sorkuntza artistiko hori ezagutzera emango dute herritarrei irekitako saio batean.

La mina
Peru Camara Ramirezek dokumental bat sortu nahi du Donostiako boxeo-klub baten kide diren lagunak elkarrizketatu eta haien esperientziak eta lekukotzak jasotzeko. Sortuko den ikus-entzunezko pieza urte amaiera aldera proiektatuko da boxeo-klub horretan bertan, eta herritar guztiek bertaratu ahal izango dute.

Claq'tet and Cie
Celine Urzaiz Szinetarrek Claq'tet and Cie musika-laukotearen kontzertu-ikuskizun bat antolatuko du Donostian. Talde honek akordeoia, klakea, gitarra eta kontrabaxua nahasten ditu, modu inprobisatu batean. Bere lau kideak Europako toki ezberdinetatik datoz (Euskal Herria, Frantzia eta Italia) eta oso ibilbide artistiko ezberdinak izan dituzte.


2016ko ekaina

Cesarren ahotsa
Sara Espinosa Ramosek gai sozialak lantzen dituen proiektu hau aurkeztu du. Bertan aniztasun funtzionala edo desgaitasuna duten lagunek hitz egiteko garaian dituzten zailtasun komunikatiboak jorratuko dira. Proiektuak bi atal izango ditu: lehenengoa film labur bat izango da, Cesarren ahotsa, gertakizun errealetan oinarritua, eta pertsona hauek egunero-egunero bizi dituzten egoerak erakutsiko dituena; bigarrena gai honetan aditu diren zenbait lagunen parte-hartzea izango duen forum-eztabaida bat izango da.

Zahartze aktiboa
Federación de Jubilados y Pensionistas del País Vascoren proiektu honek erakutsi nahi digu zahartze aktibo eta duin bat izan dezakegula eta musikarekin bizitzaz goza dezakegula. Horretarako, pertsona zaharrek osatutako Donostiako eta lurraldeko zenbait abesbatzen parte-hartzea izango duen bi kontzertu antolatuko ditu Andre Mariaren basilikan eta San Vicente Elizan.

Zeruko ipuinak
Zeruko ipuinak Angela Cruces Martinek proposatutako proiektua da eta gure kosmoseko zenbait fenomeno lengoaia errazean kontatzen dituzten eta haurrei zuzenduta dauden hamar kontakizunez osatuta dago. Umeek kontakizunetako ilustrazioak marrazten parte hartuko dute. Sormena, irudimena eta lan kolektiboa sustatzeko proiektua izango da Zeruko ipuinak.

Landatu
Aida Lopez Urbanejaren Landatu proiektuak ingurumena eta artea uztartzen ditu eta landare-hesi mugikor bat du oinarri. Lorezaintza bertikalaren teknikaren bidez, hau da, landareak bata bestearen gainean posizio bertikalean jartzearen bidez, Donostia apaintzeko instalazio bat sortuko du. Landare-hesiak DSS2016EUren logoa erakutsiko du herritarrek lore urdineko sasoiko landareak dagokien lekuan jartzen dituztenean. Birziklatutako materialak soilik erabiliko dira.

Donosti Express
Donosti Express orientazio-joko bat da, Donostian barrena akotariko ibilbide historiko, gastronomiko eta antzekoak proposatzen dituena. Erabiltzaileek emandako hurrenkera errespetatuz osatu beharko dituzte ibilbideak, hirian sakabanatuta dauden QR kodeak bilatu ahal izateko eta, horiek eskaneatzearen bidez, toki bakoitzari lotutako gertakizun esanguratsuak ezagutu ahal izateko. Ekimen hau Donostiako 11 urteko ikasle batek sortu du.


2016ko maiatza

Bolalekuak
Aranzadi elkarteak Euskal Herriko herri askotan arrantzaren benta egiteko erabiltzen ziren egurrezko sistema mekaniko batzuk, bolaleku deiturikoak, berreskuratzeko ekimen bat proposatu du. Izan ere, Mutrikukoa salbu, gainontzeko guztiak bota edo erre egin dira azken hamarkadetan. Ekimenak barne hartuko ditu mekanismoaren plano teknikoak sortzea, dokumental labur bat prestatzea eta garaiko erabiltzaileen lekukotza jasotzea, bolalekuak ondare gisa gera daitezen etorkizunerako.

Erritmo euskal-arabiarren topaketa
Garapen eta Dantzako Nazioarteko Elkarteak (NUR) proposatutako elkartze honetan aditu profesional eta zaleek hartuko dute parte eta erritmo euskal eta arabiarrak uztartuko ditu zenbait gunetan (txalaparta gunea, Darbuka gunea, etab.). Herritarrek musika-tresna ezberdinak eta dantza euskal-arabiarrak probatzeko aukera izango dute bertan.

Sonograph / Zarata irudikatu
Andoni Munduate Dorronsorok aurkeztutako proiektu honek proposatzen duena da emaitzak modu atsegin batean erakutsiko dituen zarata neurtzeko gailu bat sortzea. Gailu hori erdiguneko toki publiko batean egongo da ikusgai, normalean zaratak elkarbizitza-arazoak sortzen dituen (adibidez, bizilagunen eta ostalaritzako erabiltzaileen artean) lekuren batean. Ekimenak lortu nahi duena da gisa honetako guneetan elkarbizitza sustatzea.

Reziklantes
Turukutupa konpainiaren Reziklantes proiektua eremu publikoan egiten den parte-hartze artistikoa da. Proposamen eszeniko baten bidez, ikusleek aktiboki parte hartzen dute kontzertu batean, euren eskuekin botatzeko diren materialak erabilita musika-tresna batzuk eraiki ondoren. Jarduera honen helburua da hondakinei eta horien kudeaketari buruz sentsibilizatzea.

Deakin, Hicks eta Dorronsoro
Eneko Dorronsoro Agirrek musika amerikarra eta euskalduna nahastuko dituen kontzertua proposatu du. Honako hiru lagunek eskainiko dute emanaldia: Lucas Hicks, Thomas Deakin eta Dorronsoro bera. Kontzertua 2016ko abuztu hasieran egingo da.


2016ko apirila

Donostiako urak, Txanpoeneako iturria
Iturri-aska baten berreskurapena gauzatzeko asmoa dauka Iñigo Etxabe Goenagak, hain zuzen ere, Amarako San Roke kaleko Txanpoenea baserrian kokatuta dagoenarena. 1940 arte erabilia izan zen Etxabetarren eta euren abereen ur beharrizanak asetzeko. Ekimenaren sustatzailearen asmoa da amaratarrek auzolanaren bitartez burutzea berreskurapen lanak. Iturri-aska Arbaineneako parkearen barruan geldituko da; hala, bisitariek aukera izango dute Donostiaren ondare historiko-kulturalaren elementu hau ezagutzeko. Garai batean, inguru honetako 60 iturrik orduko hiria urez hornitzen zuten.

Donostia Kriterium 2016
Pinoi finkoko txirrindularitza-diziplina, fixed gisa ezagutzen dena, gero eta gehiago ikusten da hirietan. Hiribira elkartearen «Donostia Kriterium 2016» proiektuak, hiria modalitate honetara gerturatu nahi du ikuspegi desberdinetatik, komunitate bat sortzeko asmoz. Proposamen honen helburuak hauek dira: dokumentalak ematea, solasaldiak eta hainbat lasterketa-modalitate eskaintzea, eta 80ko hamarkadan Donostiako Klasikoaren bezperan egiten zen Kriteriuma berreskuratzea. Hori dela eta, hiri-txirrindularitza interesatzen zaien pertsona guztiei luzatzen diete ekimenarekin bat egiteko gonbita.

Surfa, gizarteratzea eta ingurumenaren aldeko kontzientziazioa
Patris Surf klubean kirola eta bizitza osasungarriaren ohiturak lantzen dituzte indibidualki eta taldean, baita ingurumenarekiko errespetua eta zaintza, eta Gipuzkoa osoko kolektibo ahulen integrazioa ere. Patris Surf klubak kirol-praktika eta praktika ludikoa eskaintzeko proiektua gauzatuko du, kirola bitarteko inklusibo moduan eta osasuna eta ingurumenaren inguruko balioak jorratzeko. Jarduera hauetan aritzeko zailtasunak dituzten kolektiboei zuzenduko zaizkie, esaterako, adingabeak, aniztasun funtzionala duten pertsonak eta gizarte-bazterketako arriskuan daudenak.

L'esSence de l'Europe
L'EsSence de l'Europe Bordeleko ikasle talde baten proiektua da, Eurofeel elkartearen baitan garatutakoa. Europako kultura eta zentzumenak batuz, kontinentearen aniztasun aberatsa eta nortasun komuna agerian uzteko erakusketa parte-hartzailea antolatzean datza ekimenak. Kultura-jardueren bitartez, herritarrak lehiatu egingo dira eta onenak sarituko ditugu.

Abarketaren museoa
Iñaki Arruti Fernandezen ekimena da Abarketaren museoa. Museoak topagune izan nahi du eta ondarearen berri eman. Bertan, makinen eta argazki zaharren bidez, abarketa tradizionalaren osaera ezberdinak eta prozesua erakutsi, jute izeneko landarea denetik abarketa amaituta dagoen arte.


2016ko martxoa

Siriako kulturaren karabana
Monica Leivak proposatutako proiektu honen helburua da Siriako kultura eta arte garaikidea sustatzea. Azken bi urteotan munduko zenbait hiritan barrena ibili den karabana honek Donostiako hirigunean egingo du geldialdia uda honetan eta honako ekintzak hartuko ditu barne: artista siriar garaikideen erakusketa bat, poesia-irakurketa, filmen emanaldia eta musika siriar kontzertu bat.

Handmade & Craft Encounter
Lidia Montesinok proposatu du ekainaren 11n Larratxoko Kultur Etxean egingo den elkartze hau, handmade (eskuz egina) eta Do-It-Yourself (zuk zeuk egin ezazu) korronteak gustuko dituzten lagunei zuzendutakoa. Ez da merkataritza-azoka bat, baizik eta ezagutzak partekatzeko lan-elkartze bat. Gainera, topaketan argazkilaritza-tailer bat eskainiko dute.

Lamien film laburra
Carlos Oyarzabalek proposatu du film labur bat grabatzea lamiei buruz (euskal mitologiaren arabera haitzuloetan bizi ziren emakumezko izakiak) Aizarnako Altzola leizean dagoen ilargi-esnezko lurrazpiko ibaiean (mundu osoan bakarra).

Guraso aktiboak
Jatorkin elkarteak antolatutako ekimen hau jatorri ezberdinetako familiei zuzenduta dago. Elkargune bat sortu nahi dute formakuntzarako, elkartrukerako, gogoetarako, laguntza emateko, gizarte-hezkuntza esparruan bitartekari-lanak egiteko eta gurasoen orientazio positibo eta pedagokikoa sustatzeko. Helburua da gurasoen eta seme-alaben arteko elkar-ulertzea erraztea eta kultur aniztasuna agerian jartzea.

Hiriazoka.com
Cristina Ureta Peñak (cristinaureta.es) Donostian egiten den lan artisaua jasoko duen webgune bat garatuko du. Espazio digital hau etengabeko erakustoki bat izango da hiriko artisauek eskuz egiten duten lana agerian jartzeko, eta haien hartzeko konexioak sortzen lagunduko du.


2016ko otsaila

Munduko maskarak eta musikak
Egia Bizirik auzo-elkarteak bi ekimen elkartuko ditu: batetik, munduko herrialde ugaritatik datozen maskaren erakustaldia prestatuko dute (maskara bakoitzak ondoan izango du bere esanahiari eta historiari buruzko azalpena), eta, bestetik, munduko askotariko kulturetako musiken kontzertua antolatuko dute.

Bizitza berri bat 25 egunetara: Siriako errefuxiatuen krisiari begirada
Ander Iturri Torreak Bigarren Mundu Gerratik Europan bizi den krisi humanitario nagusietako bati, Sirian gaur egun bizi denari, buruzko elkartze bat proposatu du. Elkartzean ekialde hurbilari, Europako politikari eta krisi humanitarioen kudeaketari buruz asko dakiten adituak egongo dira.

2016 lihoa
Liho-landarearen zuntzak landatzeko prozesua zein den erakutsiko duen proiektu hau Mestiza elkarte artistiko-soziokulturalak proposatu du. Bertan, baratze-maila batean liho-landarea landatuko da Uliako Lore Baratzak parkean. Behin hazita, bertaratzen diren herritarrek lihoa lantzeko prozesu osoa ikusteko eta ikasteko aukera izango dute: lehortzea, aletzea, putzuratzea, mailukatzea, garbatzea, ezpatatzea, txarrantxatzea eta haritzea.

2016miradas.com
Igor Fondacone Arbizuk 2016miradas.com aurkeztu du, Donostiako herritar guztiei irekitako webgunea. Bertan, nahi duten lagun guztiek Donostia 2016ri buruzko 2.016 argazkiko mosaiko bat osatu ahal izango dute, bai euren argazkiak jarriz, bai beste argazki batzuen artean aukeratuz ere. Mosaikoa hiriaren sentsibilitate artistikoaren erakusgarri izatea da asmoa.

Por la cara
Antzerkiarekiko zaletasuna partekatzen duten askotariko adinetako eta sexuetako zortzi lagunek osatzen duten PIXKOL@(BIS) antzerki-talde amateurrak Por la cara antzezlana aurkeztuko du 2016 urtean. Lan hau Paul Pörtnerren Shear Madness obraren adaptazio bat da. Herritarrei irekitako espazio batean eskainiko da obra eta bertan, herritarrek, ondo pasatzeaz gain, antzezlanaren amaiera nolakoa izango den erabaki ahal izango dute.


2016ko urtarrila

Kukuru!
Ezohiko txotxongilo festibala da Mikel Tejadak aurkeztutako Kukuru!, eta mezu argia du: «hau etxean egiten saiatu zaitez». Beste edozein festibalek bezala, hainbat taldez osatutako programazioa dauka, bakoitzak bere emanaldia aurkeztu dezan. Kasu honetan, ordea, bertaratzen direnek osatuko dute obra, hamar pausoz osatutako diptikoa jasoko baitute festibala errepikatzeko. Herritarrek erreproduzitu ahal izango dituzte materialetik argiztapenera arte dute euren etxeetan, egitura soziala sortuz.

I Charleston Donostia 2016
Donosti Lindy Hop Dantza eta Kultur Elkarteak hiriko leku adierazgarrietan charleston dantzatzera gonbidatzen gaitu, eta hori bideo batean jasoko du, ekimena mundu osoan ezagutzera emateko. Ia laurogeita hamar hirik hartu dute parte ekimen global honetan —batez ere Europan—, eta Donostia ere horien artean izango da.

Ellas Cantan jaialdia
MoR elkarteak antolatutako jaialdi honetan emakumeak dira abesten dutenak, modu horretara, musikaren bidez, emakumeen rola aldarrikatu nahi dute. Ellas Cantan jaialdia emakumezkoek osatutako talde edo emakumezkoek protagonismo berezia duten talde hasi berriei babesa emateko helburuarekin jaio da. Bertan, tokiko taldeak zein iparraldekoak arituko dira. Jaialdiaren egitaraua osatzeko hitzaldi-sorta bat antolatuko da emakumeak musikan orokorrean eta rockean bereziki jokatzen duen rolari buruz.

Euskal Herria kantuz Eguna
Biarritzen eta Donostian bi ekitaldi antolatu nahi ditu Euskal Kantuzaleen Elkarteak 2016ko Euskal Herria Kantuz eguna ospatzeko. Bi guneetan Euskal Herriko kantujira taldeetako kantuzaleak bilduko dituzte. Goizean ohiko kalez kaleko kantujira jendetsua egingo dute, eta arratsaldean euskal kantagintza berria omenduko dute kantuaren, musikaren, dantzaren, poesia, irakurgaien, irudien eta abarren bidez.

Donostia Wroclawen
Miguel González Caballeroren proposamenez, bi foro antolatuko dira, bata Wrocławen eta bestea Donostian, bi hiriek kultur-eskaintza gerturatu eta sustatzeko helburuarekin. Bi hirietako herritarrek proiektuan parte hartuko dute galdetegien, elkarrizketen edo datu-bilketen bidez. Emaitzak aztertuko dira eta ondorioak parte-hartzaile guztiei helaraziko zaizkie.


2015eko abendua

Utokiak
Herritarren parte-hartzearen bidez, M-Etxeak aurkeztutako Utokiak ekimenak Loiola eta Loiolako Erriberak auzoak elkartzen dituen eremuari (ingurabide azpian dagoen gunea) erabilera berria ematea du xede.

Lingolang
Euskaltzaleen Topagunearen proiektu honek hizkuntza-aniztasuna landu nahi du eskoletan. Horretarako, eskola batean edo tankera bereko beste ingurune batean erabiltzen diren oinarrizko hitzak teknologia berrien bidez biltzea proposatzen du. Tolosako eskola batean dagoeneko abian dagoen ekimen honek jatorri desberdinetako ikasleak bilatzen ditu eskola-eremuan.

Txiki-Foxes
Ategorrietako herri-hazitegi zaharretan jolasgune naturala sortzea proposatzen dute Jorge Blázquez Segurak eta Uliako auzo-elkarteak. Gune honek sustatuko lituzke jolasa, paisajismoa eta land-arta edo ingurune naturalean arte-interbentzioak egitea. Ekimena ekintza-programa batekin osatuko da.

Lehen neurozientzia-olinpiada
Joyse Ashley Vitorino de Medeiros-en ekimen hau Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako lehen neurozientzia-olinpiada antolatzean datza, neurozientziak eta osasuna batzeko eta arloen gaineko ezagutza sustatzeko helburuarekin.

Sorkuntza-tailer inklusiboak zeinu-hizkuntzan
Gipuzkoako pertsona gorren elkarteak proiektu honetarako horrelako ekintzak proposatu ditu: ipuin-kontalariak, poesia-irakurraldiak eta pertsona gorrek zuzendutako perkusio-saioak. Horien guztien xedea zeinu-hizkuntza ezagutaraztea da.


2015eko azaroa

Euskara, partekatzen duguna
Euskaltzaleen Topaguneak, iraupen laburreko dokumentala sortuko du euskara eta aniztasunaren inguruan elkarteak egin duen hausnarketa zabaltzeko eta partekatzeko. Gaia jorratzeko Bagera elkartearen Auzoko egitasmoa eta bertako parte-hartzaileen bizipenak hartuko ditu oinarri. Herritarrek euskara erabili eta herri bizitzako komunikazio-tresna izateari eusten dioten heinean, bertaratutako edonork euskara ikasi eta erabiltzearen arrazoiak argiago ikusiko ditu.

Gipuzkoa 88
Gipuzkoako 88 herriak bideo batean batzea eta, modu horretan, Europako Kultur Hiriburutza txoko guztietara eramatea du helburu Iñaki Goikoetxea Arrufatek proposatutako ekimen honek. Horretarako, 2-3 segundoko 88 zatitan banatuko den abesti bat aukeratuko du. Bideoa Donostian hasiko da, Hiriburutzako leku adierazgarri batean eta, 2-3 segundoren ostean, Gipuzkoako beste herri batera joango da.

Ohol gorria
Eider Ibarrondo Garciaren proposamen honek hiriko gune arrunt bat espazio poetiko batean bilakatu nahi du, sorkuntza-ekintza berri baten motore izateko aukera bezala. Hiriaren erdian ohol gorri baten instalazioaren inguruan margoak eta pintzelak egongo dira, bertan nahi duenak margotzeko eta bere irudimenari askatasun osoa emateko. Emaitza pintura kolektibo bat izango da.

La victoire estropada
Hondarribiako Portuko erabiltzaileek osatzen duten AupHondarribia elkartzeak belaontzi estropada bat proposatu du, bakarka zein bikoteka, Lafayettek 1777an Bordeletik Pasaiaraino egindako itsasketa gogora ekartzeko. Lafayette aldarrikatu nahi da ekimenean, bai askatasunaren defentsaren aitzindari gisa, bai giza eskubideen sustatzaile gisa, baita Pasaia eta Donostiarekin zuen lotura ere.

Argazkigintza kalera
Tamaina handiko argazkiak autobus geltokiko markesinen sabaietan jartzeko ekimena. Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak argazki zenitalak prestatuko ditu horretarako.


2015eko deialdi berezia

Dislexia eta gizartea bat eginda kulturaren eta ezagutzaren alde
DISLEGI Gipuzkoako Dislexia Elkartearen proposamen praktikoa, elkar ulertzea sustatzeko. Ekimenak dislexia jorratzen du, “ikasteko zailtasunak” deitutakoen artetik ohikoena. Dislexikoek kulturarako eta ezagutzarako sarbidea izateko irtenbide praktikoa proposatzen du.

Aurresku´16
Aurreskua dantza tradizionala zeremoniaren, esker onaren eta agurraren sinonimoa da, eta garrantzia emateko, Josetxo Goia-Arbek sorkuntza berriko musika- eta dantza-emanaldia egitea proposatzen du. Musikak planteamendu urratzaile eta garaikide bati erantzungo dio, eta aurreskuaren musika izango du oinarrian. Koreografia egokitu egingo zaio musikari; baina, ekidin egingo du dantza tradizionalaren topikoak errepikatzea.

Arte eta kultura biktimen eta kondenatuen arteko topaketa
Euskal Biktimologia Sozietateak proposatzen du artea erabiltzea, biktimen eta kondenatuen arteko elkarrizketa sustatzeko, eta, horretarako sormen-tailerra abiaraziko dute.Tailerra bi egunean egingo da, eta eragile, aditu, biktima eta, oro har, herritarrentzat izango da. Hainbat mintzaldi eta eztabaida egingo dira.

Europako herri-dantzak
Euskadiko eta Europako dantzak ezagutarazteko, Herridantza elkarteak herri-dantzen tailerra egingo du, edozein adinetako herritarrentzat.Tailerra amaitu ondoren, zuzeneko dantza-saioa egingo da musika-talde batekin.

Zubi baten bertutea
UNESCO Etxea – Euskal Herriko UNESCO Zentroaren proposamen honek galdera hau du abiapuntu: Zergatik ez ditugu erabiltzen zubiak topaleku, kulturen bateratze, hirian bizi diren edo bizi izan ziren herritarren memoria gisa? Galdera horri erantzuteko, antolatzaileek ekitaldi bat egingo dute, eta bertan, hamabost lagunek mota guztietako testuak irakurri, errezitatu eta abestuko dituzte hamabost hizkuntzatan. Edozein herritarrek igorri dezake testu bat (hausnarketa, istorio, oroimen, aipamen…). Gehienez ere 1.000 hitzekoa izango da, eta Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera igorri behar dira, 2016ko urtarrilaren 7a baino lehen.

Kaleko musikarien kontzertua Donostia 2016
CLUB 44 kultur elkartearen proiektu honen xedea da gure hiriko kaleak urtean zehar alaitzen dituzten kaleko musikarien errealitatea herritarrei hurbilaraztea eta kalea ez den beste kontzertu-eremu batean jotzeko aukera ematea.

Hitz egidazu mantso, hegan egin nahi dut eta
TEL-Euskadi Hizkuntzaren Nahasmendu Berezia duten Pertsonen Senideen eta Lagunen Elkarteak erakusketa bat egingo du nahasmendu horri buruz, Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroarekin batera. Bederatzi informazio-panel elebidunek osatuko dute erakusketa, eta jolas interaktiboak ere izango ditu. Horien bidez, erakusketa ikustera hurbiltzen direnek nahasmendu hori dutenen lekuan jartzeko aukera izango dute.

Irudien arteko elkarrizketa
Leire Egañaren proposamena honako honetan datza: partaide bakoitzak Donostian aurki daitekeen xehetasun txiki baina adierazgarri baten argazkia hautatu beharko du. Argazki guztiak bildu egingo dira, eta pertsona bakoitzak beste baten argazkia hautatu eta xehetasun hori zein den asmatzen saiatu beharko du. Ekimen honek bi xede ditu: batetik, funtsezkoa eta esanguratsua aintzat hartzea eta, bestetik, hainbat ikuspegi partekatzeko aukera ematea, horrexek sustatzen baitu enpatia.

Auzoko: aniztasunean euskara plazara!
BAGERA elkarteak ekintza berezi bat proposatzen du, Auzoko ekimena ezagutarazteko. Proiektu horrek aurreko ibilbidea du, eta harremanetan jartzen ditu euskaraz bizi direnak eta euskarara hurbildu nahi dutenak. Ekintza hori berez ludikoa da.

KIDSS
Sandra López Arrillagaren proposamen hau esku-hartze artistikoa eta sormenezkoa da, umeek Hiriburutzaren inguruan hitz egin eta euren ikuspuntua eman dezaten. Ekintza honetan 7 eta 11 urte bitarteko umeek hartuko dute parte, eta emaitza nagusia ilustrazio bat izango da, partaideen bakoitzari emango zaion poltsan serigrafiatuko dena.


2015eko urria

Euskal Herria. Askatasun bideak
Los caminos de libertad del País Vasco kultur elkarteak oinez, bizikletaz eta topoz egiteko martxa proposatzen du, Bigarren Mundu Gerrako hegazkinlari aliatuek, mugalarien laguntzarekin, aberriratzeko egiten zuten ibilbidea gogora ekartzeko. Ekintza Urrugnen hasi eta Donostian amaituko da eta, amaiera emateko, Escape eta Comète elkarteei eta pilotu ohi beterano, senide, mugalari eta lan humanitario honen laguntzaileei omenaldia egingo zaie.

Jolas tour
Kraftkoviak egindako proposamen hau herritarrei orokorrean eta ikusle gazteagoei zehatzago dago zuzenduta. Adierazpen artistikoa eta jolasaren bitartez, espazio publikoaren erabilera askea berreskuratu eta aldarrikatzeko ekimena da, Donostiako alde zaharreko lau gune elkartuz. Gune bakoitzean, ekintza ludikoak gauzatuko dira, herritarren eta gehienbat haurren parte-hartzea sustatzeko.

Donostikat
Proposamen honen bitartez, DonostiKat elkarteak haurrei kontzientzia sortu nahi die honako gaiei buruz: etxeko animaliak uztea, adopzioaren garrantzia eta nola tratatu animaliak elkarrekiko errespetuko harreman osasuntsuak izateko. Ekimena ordubeteko 22 saiotan garatuko da Donostiako hainbat ikastetxetan. Saio horiek animaliek lagundutako terapia profesional batek dinamizatuko ditu, animalia beraren ondoan duela. Horrez gain, material didaktiko osagarria emango zaie ikasleei, euren gurasoekin parteka dezaten.

Etxerik gabeko lagunei buruzko ikus-entzunezko pieza
Ikus-entzunezko pieza honen bidez, Iskander Garcia Etxeberriak kalean bizi diren lagun ugarik Donostiari buruz duten ikuspuntua jasoko du. Lagun horiek modu aktiboan hartuko dute parte eta berariazko prestakuntza jasoko dute. Proiektua 2015eko azaroan hasiko da eta 2016ko apirilean amaituko. Aurkezpena 2016ko maiatzean egingo da.

Irutxulo-Antiguo Balfolk
Irutxulo Folk Taldeak jarraipena emango dio Olatu Talka 2015en egitarauaren baitan egindako proposamen eszenikoari eta, horretarako, taldeak hainbat saio ireki antolatuko du hiriko gune batzuetan herritarrei Europako dantza tradizionalak dantzatzen irakasteko.


2015eko iraila

Guztion artean
Manu Merino Echeverriaren proiektu honen helburua da mundu osoko egunkariekin egindako eskultura handia sortzea, hiritarrekin eta hainbat erakunderekin elkarlanean. Itxura biribila izango du sortutako  lanak, Lur planeta irudikatzea helburu.

Multimedia Photographic Collage
Casey Larae Shearen egitasmoak nerabeak  sartu nahi ditu tartean, eta inklusioa bultatzen duten hitzen inguruan eztabaidatzeko prozesua proposatu du. Hitz hauek hainbat hizkuntzatara itzuli ondoren, hirian zehar argazki-rally bat egingo da seinaleak bilatu eta aukeratutako hitzen hizkiei argazkiak ateratzeko. Gero, hizkiak elkartuko ditu hitzak osatzeko.

Menu kulturala
Gizaarte hezkuntza­ eta arte­ elkarteak menu kultural bat diseinatzera bideratuta dauden jardura-segida antolatuko du. Horretarako, Alderdi Ederren edo antzeko tokiren batean eszenografia txikia jarriko dute bi astez: jendea bertan eseri ahal izango da eta menua irakurri beharrean, idatzi egingo dute. Hirugarren asteburuan, egitarau kultural hori dastatu ahal izango da antzeko eszenografia batean. Proposamen honen bidez, herritarrei ahotsa eman nahi zaie.

“Haria Galtzen" ehun-erakusketa
Proiektu hau Mia Rissanek aurkeztu du hamabi emakumek osatutako emakume-talde baten izenean, xede izanik Euskal Herriko ehun-kultura eta -tradizioa zabaltzea. Horretarako, antzinako zein gaur egungo teknikak erabiliz emakumeok egindako ehun-lanen erakusketa proposatu dute. Erakusketa 2016ko udazkenean egongo da ikusgai, eta epe horretan publikoa tartean sartuko duten ekintzak antolatuko dituzte. 

Kultura anitzetako musika-errezitaldia
Herrialde ezberdinetako musika eta musika tresnak erakusteko asmoarekin, Loreto Aramendik musika-emanaldi sorta bat antolatuko du. Kontzertu dohakoa izango da eta bertan etnia ezberdinetako abestiak interpretatuko dira. Organua duen eliza batean izango da, 2016ko astebururen batean, eta zuzenean edo streaming bidez jarraitu ahal izango da.


2015eko abuztua

Turismo inklusiboa
Apoyodravet elkarteak (Dravet sindromearen aldeko boluntario elkarteak) gida birtual bat sortuko du, Donostian irisgarritasuna bermatu ahal izateko. Behar bereziak dituzten senitartedun familiei zuzenduta dago proiektu hau. Asmoa da gida 2015eko abenduaren 31rako prest egotea, horrela 2016an zehar hiria bisitatzen duten pertsonek erabili ahal izateko. Materiala euskaraz, gazteleraz eta ingelesez egongo da erabilgarri eta material jasangarriekin egingo da.

Abelbideak: Transmedia Xperience
Iñaki Landa kazetariak eta Irantzu Lekue artistak aurkeztu dute artea, sorkuntza eta kazetaritza batzen dituen proiektu hau. Donostia eta Wroclaw hirien artean dauden 1 910 kilometroak bizikletaz egingo dituzte, eta bidean aurkitzen dituzten kultura eta manifestazio desberdinak irudikatuko dituzte. Bildutako materialarekin bi kultur hiriburuetan aurkeztuko den erakusketa ibiltaria sortuko dute.

Istorio-kontalari berriak
Proposamen honen bidez, Latsa elkarteak baldintza mesedegarriak sortu nahi ditu kontalari berriak sortzeko, hauek istorio motz eta barregarriak euskaraz kontatu ditzaten. Istorio-kontalari ohiekin bideoak sortuko dituzte kontalari berriak trebatzeko. Trebakuntza hori Euskal Herriko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago, eta, ondoren, publiko orokorrari.

Kontzientzia antzerkia
Imatxi Rico Álvarezek Lleno de Naranjas antzeztaldearen izenean aurkeztutako proiektua kontzientzia antzerki emanaldiak ditu ardatz, kontsulta terapeutiko batzuetan erabiltzen den psikodramaren teknikari jarraituz. Gogoeta eragitea eta kontzientziak nahastea da asmoa. Horretarako, emanaldi «sendagarri» honek talde artistikoa, psikodramako hizlariak eta musikariak baliatuko ditu, baita publikoaren parte-hartzea.

Irrintzi
Organik Dantza-Antzerki Elkarte Kulturalaren proiektu honek bi asmo ditu: batetik, irrintziak gure kulturan duen garrantzia ikusaraztea; bestetik, belaunaldi ezberdinen arteko harremana sustatzea. Horretarako dantza ikuskizun bat sortuko da, Irrintzi izenekoa, eta haurrei zuzendutako tailerrak ere burutuko dira. Bestalde, sorkuntza prozesu hau ezagutarazteko hainbat ekimen burutuko dira.


2015eko uztaila

Argazki historikoak birsortzea
Sara Odriozola Illarregui da partaidetza-ekintza honen arduraduna, zeinak  argazkigintza, kultura, historia eta Donostia uztartzen dituen. Orain dela 100 urte ateratako lau argazki berregitea da asmoa. Pertsonaia desberdinak imitatzeko orduan antzinako argazkiari arreta eginez, parte-hartzaileak berehala konprometituko dira argazkietan islatzen diren Donostiako kulturaren hainbat ikuspegi historiko eta zehaztasunekin.

Elkarrizketa txikiak
Euskal Herriko haurrei bideoelkarrizketa multzo bat egitean da Laura Lizumaren proposamena da, haurren eta gazteen parte hartzea sustatzea helburu. Elkarrizketa horietan, bizitzako gai garrantzitsuez hitz egingo dute, bai eta gizartea ikusteko duten eraz ere; batez ere euskaraz arituko dira, baina beste hizkuntzetan ere bai, aniztasun linguistikoari bide emateko. Grabaketak 2015eko azarotik 2016ko abuztura bitartean egingo lirateke, eta grabatutako bideoak hilabetero argitaratuko lirateke proiektuaren sare sozialetan.

Balegur
Joseba Mercader Garridok aurkeztu du Balegur proiektua (balea eta egur hitzek osatutako izena), xede izanik  kostaldean jasotako egur-hondakinen bidez pieza artistikoak sortzea Modu horretan, birziklapenaz eta gune naturalen garbiketaz kontzientziatzea bilatzen da. Piezokin erakusketa bat egitea edota lanak salgai jartzea aurreikusita dago.

Picnic & Kraft
Helduentzako eskulan tailerrak hileko bigarren larunbatetan, janaurrekoekin parte hartzea are gehiago sustatzeko. Horixe da Sol Busca Cuestaren ekimena, zeina maiatza eta urriaren artean burutuko litzateke. Tailerrok bi ordu iraungo lukete, eta dohainik eta irekiak izango lirateke, aurretik izena emanda. Hilabete bakoitzean  hiriko parke banatan. Proiektu honek  Musika Parkean ekimenaren bidez egiten ari den lana osatuko luke, zeina tailerren aurreko astean izango litzateke.

Ugandaren aldeko kontzertua
Amigos Solidarios elkarteak dirua biltzea helburu duen kontzertua antolatuko du, Ugandan 400 umerentzako Lehen Hezkuntza eta Lanbide Heziketa eskola eraikitzeko proiektua finantzatzeko asmoarekin. Intxaurrondoko Kultur etxean izango da, 2015eko irailaren 25ean.


2015eko ekaina

Arteak eta euskal diaspora
Euskal diasporaren kultura-sorkuntza ardatz duten hainbat ekintza gauzatzea da Eusko Ikaskuntza Iparralde / Ezmugak aurkeztutako proposamenaren xedea. Ekimen honek bi alderdi ditu: bata teorikoa, sorkuntza-lan horren alde grafikoan arreta jarriko duena; bestea, sortutako lanen erakusketari dagokiona. Asmoa da erakusketa hau euskal hiriburu guztietara eramatea.

Neskameei buruzko dokumentala
Gerraren ondoren, milaka emakumek Hegoaldetik alde egin zuten Iparralden eta Frantzian neskame aritzeko. Jon Abril Olaetxearen proiektuaren helburua dokumental bat filmatzea da, emakume horien errealitatea eta haien rola ezagutzera emateko. Protagonistak zahartuz doaz, eta komeni da beraien testigantzak lehenbailehen jasotzea, istorio eta bizipen aberasgarriak gordetzen dituzte-eta.

Arte Urbano Efímero
Hotaru Visual Guerrilla taldeko David Domínguez Antónen proposamen honek lau egunetan bideo-mapping emanaldiak egitea aurreikusten du. Bideo proiekzioak hiriko hainbat gunetan egingo dira, oraindik zehaztu gabekoak, eta irudiz zein testuz Donostia 2016ren ideiekin bat datozen edukiak izango dituzte ardatz. Bideo proiekzio hauek duten ezaugarrietako bat da ez dutela arrastorik uzten, ezta hiria hondatzen ere. Oinezkoak ezustean harrapatu nahi dituzte eta berauengan hausnarketa eragin.

TeatralMente. Antzerkia Txokon
Buruko gaitzak dituzten pertsonek prestatutako antzerki lana antzeztea da Fundación Why Not? erakundeak aurkeztutako proiektuaren xedea. Umore generoko lana izango da, gaixotasunari lotutako drama- eta erruduntasun-ezaugarriei aurre egiteko. Osasun mentalaren aldeko antzerkilana ekoizteak eta antzezteak pertsona gaitz mentalak dituzten pertsonen bizitza-kalitatea hobetuko du, eta baita berauen gizarteratzea erraztu ere. Antzezpenak kultur etxeetan eta osasun mentalerako zentroetan egingo dira.

Itsas Zaborra Out
Itsas hondoaren garbiketa eta itsas ingurunearekiko ezagutza eta sentsibilizazioa uztartzen dituen ekimena da "Itsas Zaborra Out", eta IrutxuloSub kirol-klubak aurkeztu du. Bi fase dauzka: bata, itsas hondoan dagoen zabor-arazoaren inguruan proposamen artistikoak eta dibulgatiboak jasotzeko; bestea, zabor-bilketari dagokiona. Jasotako material eta proposamenekin txosten bat egingo da eta berau Udaletxeari eta Foru Aldundiari aurkeztuko zaio.


2015eko maiatza

Barandako ballet Guinness errekorra
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Kontxako pasealekuko barandan munduan sekula ikusi den ballet barrarik luzeena sortzea proposatu du, Guiness Errekorra lortzeko helburuarekin. Ekimena 2016ko apirilean gauzatuko da.

Muxu Goxo webgunearen abiatzea
Muxu Goxo elkarteak nerabeen sexu-heziketan egiten du lan, eta gazteen zein haien guraso eta hezitzaileen ongizatea, sexualitatea eta intimitatea dira jorratzen dituzten gaietako batzuk. Euren zerbitzuak internet bidez eskaintzeko webgune bat jarriko dute martxan 2.016 euroko laguntza honi esker.

Hitzak kalean
Catalina de Erauso Arte Elkarteak Donostiako hainbat tokitan presiopeko uraren bidez eta txantiloi batekin lagunduta grafiti iragankorrak sortuko ditu. Grafiti hauek Donostia eta kultura harremanetan jarriko dituzten hitzak azalduko dituzte. Eskuhartze artistiko honen bidez hiriko espazioei buruz daukagun pertzepzioa denbora epe labur batez eraldatu nahi da eta, bide batez, sorkuntza-prozesua, jasangarritasuna, eleaniztasuna eta partaidetza harremanetan jarri.

Mundu bat haur liburuan
Liburutegien nazioarteko egunean, urriaren 24an, tupper eta liburu festa eta horren inguruko bideoa osatzean datza Galtzagorri elkarteak aurkeztutako Mundu bat haur liburuan proposamena. Helburua haurrak literaturara hurbiltzea da, baita literaturak bizikidetzari egiten dion ekarpena bistaratzea ere.

Ipuin kontalarien maratoia
Adin guztietako publikoei zuzendutako ipuin kontalari maratoia egitea ere proposatu du Galtzagorri elkarteak. Ipuinak askotariko jatorrietakoak izango dira, prosa zein poesia, eta gormutuen kolektiboari ere zuzenduko zaizkie. Jarduera hau urriaren 17an egingo da Urgulleko haur liburutegian eta bitartekaritza artistikoarekin lotutako ekimenak ere hartuko ditu barne.


2015eko apirila

Dantza jaialdia
Lauarin Euskal Dantza Talde Federazioak epe luzera iraungo duen nazioarteko dantza jaialdi bat jarri nahi du abian. Urte osoan zehar egingo lituzkeen askotariko jarduerekin osatuko luke ideia hori, euskal dantza ezagutzera emateko eta Donostiako dantza-taldeen elkargune izateko helburuarekin.

Itsasargi irratizaleak euskal kostaldean
Donostiako Irratizaleen Elkarteak euskal kostaldeko itsasargietan zenbait ekintza aurreikusi ditu, tailerrak eta irratizaleen elkartzeak kasu, helburu izanik herritarrei praktika hau ezagutzera ematea eta DSS2016EU proiektua kanpoan hedatzea, uhinen bidez beste toki batzuetako irratizaleekin harremanetan jarriz.

3D boligrafoak
Irungo Loadinn elkarteak bi tailer antolatuko ditu plastikoa 3Dn inprimatzen duten boligrafoen bidez hiriko toki eta eraikin esanguratsuen hiru dimentsiotako ereduak marrazteko eta eraikitzeko xedearekin. Donostiako txoko ezagun horiei buruzko informazio grafiko eta bisuala eskaintzeaz arduratuko diren bi lagunek zuzenduko dituzte tailer ireki hauek. Ez da beharrezkoa izango parte-hartzaileek 3D inprimagailuen edo 3D boligrafoei buruzko aurretiko ezagutzak izatea.

Dantza egin dezagun!
Aintzane Revueltak aurkeztutako proposamen honek harremanetan jarri nahi ditu dantzaren bidez 65 urtetik gorako lagunak eta 25 urtetik beherakoak, ordu eta erdiko klaseetan, aurtengo ekaineko, uztaileko eta abuztuko ostegun, larunbat eta igande goizetan. Klase hauetan hainbat dantza-profesionalek askotariko dantza-estiloak irakatsiko ditu. 

Donostiako antzinako argazkien zaharberritzea
Cruz Larrañeta Alonsok Donostian antzina ateratako argazkiak berreskuratu nahi ditu (XIX. mende amaira eta XX. mendeko 40. hamarkada bitartekoak), xede izanik horiek zaharberritzea eta koloreztatzea. Prozesu horren ondoren, erakusketa batean erakutsiko dira argazkiok. Proposamen honen helburua da hiritarrek iraganeko Donostia balioestea, koloreztatzeari eta zaharberritzeari esker.


2015eko martxoa

Donostiako arkitektura ezagutu
2016ko udan hiriko XX. mendeko arte- eta arkitektura-ondarea ezagutzeko ibilbidea proposatu du Eugenio Santos Aranazek. Ibilaldiak euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta ibilbide ezberdinak izango dituzte hirian barrena, batzuetan oinez, eta beste batzuetan bizikletaz.

Hirian barrena galtzeko gida

Natalia Salaberria Etxebestek herritarrei eta bisitariei zuzendutako gida bat sortuko du normalean turismo-gidetan agertzen ez diren tokiak ezagutzeko. Gida horrek mugikorretarako aplikazio bat eta blog bat ere izango ditu. Noizbehinka, elkartzeak antolatuko ditu ibilbideak taldeka egiteko.

Hysteron
Nagore Legarreta argazkilariak kamera estenopeikoarekin ateratako argazkien erakusketa, Hysteron izenez bataiatu duena, garatuko du. Zapata-kaxa batekin edo antzeko euskarri batekin modu errazean eskuz eraikitako kamera batekin argazkiak eta negatiboak lortzea ahalbidetzen duen teknika da argazkilaritza estenopeikoa. 2016ko martxoan irekiko litzateke erakusketa dantza eta musika uztartuko dituen ikuskizun multidiziplinar batekin lagunduta.

Barro Busa
Undermount kultura-elkarteak 2015eko maiatzean autobus edo furgoneta bat eramango du Grosera, Antiguora eta Intxaurrondora. Bertara hurbiltzen diren herritarrek buztinarekin esperimentatu ahal izango dute eta obra txiki bat egin. Ondoren, pieza hori lehortu ostean, elkartearen egoitzan jaso ahal izango dute euren artelana.

 
20.160 euroko diru-laguntzak
2016ko urria 

Joan-etorrian
Irantzu Lekue Medinabeitiak aurkeztutako Joan-etorrian proiektuaren helburua da Donostia 2016 gipuzkoarrentzat izan denari buruz herritarrek egindako hausnarketak jasotzea eta horiek oinarri hartuta instalazio artistiko bat sortzea. Horretarako, Gipuzkoako hamar herritako eta Donostiako 1.000 lagunen desira eta balorazioak jasoko dituzte prozesu parte-hartzaile baten bidez abenduan. Horrekin guztiarekin instalazio bat eraikiko dute eta, prozesua amaitzeko, 2017ko urtarrilaren 18an ‘DSS2016EUren ikaskizunen GPS-botila’ jaurtiko dute itsasora.


2016ko abuztua 

Kultura konpainian
Ez zaude bakarrik elkartearen proiektu honen helburua bakarrik bizi ziren pertsonen isolamendu egoera gutxitzea eta haien bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, belaunaldi ezberdinetako jendea bilduko duen sare solidario bat osatu nahi da, proiektu eta entitate kultural ezberdinetako boluntarioek osatua eta, beste jarduera batzuen artean, etxebizitzetara bisitak, topaketak, tertuliak, museoetara irteerak, erakusketak, etab. gauzatuko dira.


2016ko deialdi berezia 

Donostia dantzan
Donostiako bi kultur ekipamenduen artean gauzatuko den Flashmob-a antolatzean datza. Kamioien gainean prestaturiko eszenatoki mugikor batez baliatuz, TikTara musika taldeak bi kultur ekipamenduen arteko ibilbidean zehar, plaza edo toki zabal bakoitzean flashmob bana egingo du. Estilo desberdinak jorratzen dituzten lau dantza taldek hartuko dute parte: klasikoa, garaikidea, afrikarra, euskal dantza... Haiekin elkarlanean, TikTararen abestiak dantzatuko dira zabalguneetan. Ibilbidearen bukaeran bildu diren herritar guztiekin azken dantza saioa egingo da kultur ekipamenduan.


2016ko ekaina 

Haur gaixoaren esperientziaren hobekuntza
Idoia Garcia Caminoren ekimenaren helburua da Donostiako Ospitaleko ama-haur unitateko gaixoen egonaldia ahalik eta eramangarriena egitea eta, horretarako, logeletako hormak haur-motiboekin dekoratuko dira, eta gune tematikoak sortuko. Ilustrazioen protagonista izango diren pertsonaiek gaixoen antza izango dute, euren egoera ahalik eta gehien normalizatzeko helburuarekin, baita izan dezaketen bazterketa-sentsazioa murrizteko ere. Leku eta jatorri ezberdinak ere irudikatuko dira, nortasun kolektiboa sortzeko, eta gaur egungo literaturako esaldiak gaineratuko dira, euskaraz zein gaztelaniaz.


2016ko apirila 

Bizikletaz adinik ez
Kalapie elkarteak aurkeztutako ekimen honek eskuzabaltasunezko hainbat ekintza biltzen ditu, eta pertsona nagusiei zein aniztasun funtzionala duten pertsonei aukera emango die Donostiatik trizikloan doan ibiltzeko. Ekimen honetan parte hartzen duten herritarrek gizatalde horiei euren laguntza eskeiniko diete, trizikloan egingo dituzten ibilaldi lasai eta patxadatsuen bitartez. Gainera, storytelling-aren bidez, belaunaldien arteko harremanak sustatuko dira. Proiektuaren helburua adineko pertsonak aintzat hartuak sentiaraztea eta bizikletaz ibilaldia egitera irten ahal izatea da, haizea beren aurpegietan goza dezaten. 2013. urtean Kopenhagen sortu zen Cycling Without Age (CWA) programa da Bizikletaz adinik ez ekimenaren jatorria. Egun, proiektu berdintsuak daude abian munduko 200 hiri baino gehiagotan. Egitasmoari datorren hiletan ekitea da sustatzaileen helburua, eta urte amaierarako trizikloak ia egunero erabiltzea.


2016ko otsaila 

Guztiok matematikari, eta zergatik ez?
Matematika-txokoa kolektiboak proposatutako ekimen honek mito bat hautsi nahi du: matematikak pertsona-profil zehatz batentzat besterik ez direla. Aitzitik, proiektuaren sustatzaileek defendatzen dute zientzia honek edozein herritar harritu dezakeela eta guztiok goza dezakegula matematikaz. Horretarako, kolektiboak hainbat ekintza antolatuko du urtean zehar, publiko zabalari, haurrei zein helduei, zuzendutakoak: matematika-ikastaroak, naturan matematikak eta geometriak duten presentzia ezagutzeko ekitaldiak, bertsolaritza eta zientzia hau batuko dituen ekimena, eta abar.


2015eko abendua 

Sutondotik Plazara
Ekimen honek ekintza-sorta bat proposatzen du Donostia hiriaren inguruko baserri-giroa bistaratzeko, eta baserritarren eta hiritarren arteko gerturatzea sustatu nahi du. Ekimena 2016ko lehen seihilekoan garatuko da. Lehenik eta behin, arte-sorkuntzarako Bide berriak lehiaketaren bigarren edizioa hartuko du barne. Lehiaketa honetan herritarrek lau kategoriatan aurkeztu ahal izango dituzte euren lanak (ilustrazioa, narratiba, argazkigintza, film laburrak), baserri-mundua agerian jartzeko helburuarekin. Horrez gain, baserritarren eta hiritarren arteko Europako elkartze bat ere egingo da. Azkenik, azoka bat jarriko da abian tokiko produktuak eta esperientziak partekatzeko eta lehiaketara aurkeztutako lan guztietatik onenak erakutsiko dira hainbat espaziotan.


2015eko deialdi berezia 

Hiribiltzen
Diru-laguntza jaso duen egitasmoak proposatzen du “ezberdinek” osatutako bikoteetan ibilaldiak egitea eta guztien artean 40.000 kilometroko distantzia egitea 2.016 ordutan. Ekimena Patxi Galarraga arkitekto eta hirigileak proposatu du eta “Hiribiltzen. Munduari bira 84 egunetan” goitizenarekin bataiatu du. Herritar guztiek parte hartu ahal izango dute proiektu honetan; baldintza bat baino ez dute bete beharko: profil “ezberdineko” norbaitekin ibilaldi bat partekatzeko prest egotea. Parte hartuko duten bikoteek egindako distantzia gailu elektroniko bati esker neurtu ahal izango da.

Donostia 2016 Fundazioak Hiriburutza-urtearen inaugurazio-egitaraua herritarren ekimenekin osatzeko helburuarekin urrian martxan jarri zuen deialdi berezi bikoitzean aukeratu dute aipatu proiektua.


2015eko urria 

Eta zuk, nola ikusten duzu?
Hirian komunikabideen eta sareen bidez esku hartzeko herritarren partaidetza bultzatzen duen proiektu artistikoa. Ekimen honek herritarrak gonbidatu nahi ditu inguruneari buruzko euren ikuspuntua eman dezaten honako premisatik abiatuta: zure hirian zer grabatu beharko genuke?

Hiriaren, herritarren eta euren arteko harremanaren ikuspegi herritarra sortzea da Eta zuk, nola ikusten duzu? ekimenaren helburua: nahiak, kritikak, oroimenak eta gogoetak adierazi nahi dira. Ikus-entzunezko narratiba zeharkako modu desberdinengana hurbiltzeko eta herritarrak hiriaren kontakizuna sortzeko ahalduntzeko modua ere bada.

Langile-auzoak, bizitegi-auzoak, industriak, kulturguneak… Jendeak grabatu beharko litzatekeena jasota utziko du. Ondoren, parte-hartze guztiak biltzen dituen bideoa editatuko da eta lekukotzen proposamen desberdinak jasoko dira, arte-taldeak herritarren arabera grabatu ditzan. Hiriaren ikuspuntu desberdinak balioetsiko dira, hala nola ikuspegi poetikoak, kritikoak, politikoak, pertsonalak edo historikoak.

Grabatuko diren mikrofilmak herritarren lekukotzekin tartekatuko dira azken piezan. Horrez gain, web orri bat eta #hashtag bat sortuko dituzte proiektuaren sustatzaileek ekimena bistaratu eta jarraitzeko.


2015eko abuztua 

101 L
Badihardugu Euskara Elkarteak Donostiako hizkuntz eta kultur aniztasuna ezagutaraztea helburu duen ekimena burutuko du. Gipuzkoako hiriburuan ehun bat ele hitz egiten direla uste da, eta hortik datorkio proiektu honi bere izena. Sustatzaileek Donostiako hizkuntzen hiztunak elkarrizketatuko dituzte, eta, besteak beste, honako galderak egingo dizkiete: nondik datozen, zein hizkuntza hitz egiten dituzten, eta zein harreman duten euskararekin. Elkarrizketa hauetako batzuk astebetez Donostiaren erdigunean jarriko den karpa batean egingo dituzte, eta bertan erakusketa bat eta tailerrak antolatuko dituzte ere. Proiektuaren baitan, webgune bat sortuko da elkarrizketen bideoak zabaltzeko eta hiztegi txiki bat osatuko da, hizkuntza desberdinetako oinarrizko hitzak jasoko dituena.


2015eko ekaina 

100 ekintza artistiko KA sustatzeko
KA (Kultura Alternatiboa) plataformaren xedea da kultura alternatiboa eta oinarritik sortutakoa bultzatzea. 8 hilabete baino gehiago daramatza martxan, eta 100 artista eta 30 eragile kultural baino gehiago hartzen ditu bere baitan. Hautatua izan den proiektua mota askotako 100 ekintza artistiko burutzean datza, plataforma ezagutarazteko eta beronen helburuak sustatzeko asmoarekin. Ekintzok 2016 urtean zehar egingo dira.


2015eko apirila 

Garbibai
Gondolin Gipuzkoa klubak antolatutako kirol-ekimen honen helburua da hondakinak biltzea eta naturarekiko errespetua sustatzea, stand up paddle izeneko surf-taula handi baten gainean ariketa fisikoa egiten den bitartean, uretan arraun batekin desplazatuz. Jarduera hau Olatu Talka jaialdiaren baitan sortu zen duela urte batzuk, baina bere ibilbide propioa izan du ordutik. Aurtengo edizioan hainbat berrikuntza txertatu dute: batetik, hondakinak artearekin lotuko dituen zenbait ekintza eta, bestetik, ekimenaren iraupena egun bat baino gehiagora luzatzea.

 

2015eko abuztua