Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Jakintza elkarrizketa: bakearen bidean urratsak egiteko jardunaldiak
2015-12-02

Jakintza elkarrizketa: bakearen bidean urratsak egiteko jardunaldiak

Donostia 2016ren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Gune Irekiak elkartearen arteko lankidetzari esker jaio da Ehunberri egitasmoa. Ikerketa eta parte-hartze prozesu bat da, eta Euskadiko gizarte-ehuna berreraiki nahi du, bai eta bakeari ekarpena egin ere.

Proiektu honen baitan, abenduaren 11n eta 12an, Gipuzkoako Campusean, Jakintza elkarrizketa topaketa egingo da; horren bitartez, lan akademikoak, gizarte-ekintzak eta eguneroko bizitzak bakearen arloan sortu dituen ezagutzen arteko elkarrizketa gauzatuko da.

Ehunberri: gizarte-ehun berri baterako espazioak eta elkarguneak ekimena ikerketa psikosoziala da, bake-ikasketen arlokoa. Ikerketa hori Donostia 2016k, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gune Irekiak - Gizarte Ikerkuntza Elkarteak sinatutako hitzarmen baten harira gauzatu da. Donostia 2016ren Bakearen Itsasargia osatzen duten proiektuetako bat da; bizikidetza oinarri hartuta gizarte berria eraikitzeko helburua duena, hain zuzen.

Ehunberri proiektuak ekarpena egin nahi dio bakeari eta Euskadiko gizarte-ehuna berreraikitzeko lanari; horretarako, ezagutza, parte-hartzea eta elkarrizketa sustatu nahi ditu. Herritarrak ahalduntzea, ezagutzak partekatzeko aukerak sortzea eta bizikidetza eta gure etorkizun hurbila hobetzeko ideia berriak aztertzea dira proiektu honen helburu nagusiak. Hori guztia ezinbesteko lana da zauriak itxi ahal izateko eta euskal gizartearen iragan hurbila markatu duen indarkeriaren ondorioak gainditu ahal izateko.

Ehunberrik, helburu horiek erdiesteko, topaguneak sortuko ditu zarata handirik egin gabe; horietan, bakearen aldeko mugimenduetako kide izan diren pertsonak eta eragileak, unibertsitatea, komunikabideak eta, oro har, herritar guztiak elkartu ahal izango dira. Hainbat metodologia landuko dira, espazio irekietan eta itxietan, eta mintegiak eta jardunaldiak ere egingo dira.

Lehenengo ardatza: bakearen aldeko gizarte-eragileak

Ikerketa honen lehenengo fasean, honako hau aztertu da: zer lan egin du gizarte zibilak bakearen alde? Nolakoa izan da lan hori? Zer-nolako balioa du lan horrek? Galdera horiei erantzuteko, zenbait topaketa antolatu dira Euskadin bakea ardatz duen gizartea eraikitzeko lanean aritu diren erakunde eta mugimenduetako kideekin.

Hauek izan dira lehenengo fase horren helburuak: euskal gizarteko kideei erakustea Euskadin bakea eraikitzea helburu duten erakundeek eta mugimenduek gauzatu dituzten ekimen, proposamen eta ekintza nagusiak; erakunde horien arteko sareko lana ahalbidetzea; eta epe laburrean gauzatzeko modukoak diren ekintza-proposamenak diseinatzea, galdera zehatzei erantzuteko.

Ekarpen horiek herritarrengana gerturatu eta haiekin partekatzeko, hiru koaderno argitaratu ditugu. Argitalpen horietan, bakea lortzearen alde lan egin duten erakundeen eta mugimenduen ezaugarri nagusiak azaltzen dira, bai eta 80ko hamarkadaren bukaeratik gaur egunera arte gauzatu diren egitasmo, ekintza eta proposamen nagusiak ere.

Edonork deskargatu ahal izango ditu hiru argitalpenak, Donostia 2016ren webgunean. Bildumak jarraipena izango du ikerketa-prozesuak aurrera egin ahala. Koadernoak primerako tresnak dira eskuratu ditugun ezagutzak herritarrei helarazteko eta haiekin partekatzeko.

Jardunaldia: Jakintza elkarrizketa

Ehunberri proiektuaren barruan, eta Ehugunerekin elkarlanean, Jakintza elkarrizketa jardunaldia egingo da Gipuzkoako Campusean, abenduaren 11n eta 12an. Jardunaldi horren bitartez, Euskadiko gizarte-ehuna berreraikitzen lagundu eta bizikidetzarako beste agertoki bat sortu nahi da, ezagutza, parte-hartzea eta elkarrizketa oinarri hartuta.

Herritar guztientzako topaketa bat da, eta gatazka, indarkeria eta bakea aztertu nahi ditu Euskal Herriko Unibertsitatearen eta gure lurraldeko gizarte-mugimenduen ikuspegia kontuan hartuta. Alternatibak sortzeko gune alternatiboa da; gizarte-ekintzaileen, akademikoen eta ikasleen arteko topaketa bat, herritar guztiei irekia. Elkarrizketa bat da, lan akademikoaren, gizarte-ekintzaren eta eguneroko bizitzaren bitartez eskuratu dugun bakeari buruzko ezagutza partekatzeko elkarrizketa bat, hain zuzen ere.

Jardunaldien lehenengo egunekoa ekimen irekia izango da; bigarren egunerako, ordea, aldez aurretik izena eman beharko da abenduaren 10a baino lehen. Ikusi hemen jardunaldien egitaraua.

 

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.