Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
‘Altzoko Haundia’-ren estreinaldia eta ‘Stop War Festibala’ izango dira DSS2016EUren martxoko egitaraueko proiektu nagusiak
2016-03-01

‘Altzoko Haundia’-ren estreinaldia eta ‘Stop War Festibala’ izango dira DSS2016EUren martxoko egitaraueko proiektu nagusiak

Literatura, txotxongiloak eta musika uztartzen dituen opera hau martxoaren 20an aurkeztuko da Victoria Eugenia Antzokian eta gerraren aurkako jaialdia Aste Santuan izango da, martxoaren 25 eta 27a bitartean.

Galdu ezin diren beste hitzordu batzuk izango dira Sasha Waltz & Guests izen handiko dantza-taldeak martxoaren 14an Kursaalen eskainiko duen emanaldia eta Hormek diote proiektuaren baitako solasaldi, tailer eta jarduera sorta.

Otsaileko jarduera nagusia Time Machine Soup izan da. Ikuskizunaren hamabi emanaldietan sarrera guztiak agortu dira.

AltzokoHaundia 1240

Donostia 2016k Europako Kultur Hiriburutza urteko programazioaren baitan garrantzitsuenetakoak diren bi proiekturekin hasiko du udaberria.

Batetik, martxoaren 20an Altzoko haundia estreinatuko da. Miguel Joaquin Eleizegi, Altzoko Haundia izenaz hobe ezaguna, eta bere benetako istorioa izan dira haurrentzako opera hau sortzeko inspirazio-iturria. Gigantismoak jotako gizon hori oso ezaguna izan zen Europan XIX. mendean. Bakardadea, desberdinari buruzko errespetua, naturaren maitasuna, errugabetasuna, zintzotasuna eta ontasuna dira diziplina arteko antzezpen honetatik isurtzen diren sentimenduak. Bertan, operak, musikak eta txotxongiloek bat egiten dute. Txotxongiloak Nestor Basterretxeak diseinatu zituen; liburuxka, berriz, Koldo Izagirrek idatzi zuen, eta musika David Azurzak konposatu. Iñaki Mata eta La Enananaranja, Emmanuel Marquezen zuzendaritzapean ariko dira.

Txotxongiloen Munduko Jaialditik pasa ostean (Charleville-Mézières - Frantzia), martxoaren 20an Victoria Eugenia Antzokian estreinatuko da opera, eta ondoren, itzuli batean izango da tokiko eta nazioarteko antzokietan barrena. Hilaren 20an bi emanaldi eskainiko dira (12:00etan eta 18:00etan, eta sarrerak 12, 9 eta 6 eurotan jarri dira salgai (sarrerak.donostiakultura.com).

Bestalde, egun gutxi batzuk geroago, Stop War Festibalak Donostiako kaleak beteko ditu antzerkiz, musikaz, erakusketez eta magiaz, gerraren aurkako mezua hedatzeko askotariko gatazken ondorioei buruzko gogoetara bultzatzeko helburuarekin diseinatutako programazio batez baliatuta. Martxoaren 25 eta 27 bitarteko asteburuan izango da, hain zuzen. Egun horietarako DSS2016EUk prestatu duen egitarauak barne hartuko ditu hiriko erdigunean dauden hiru eszenatokitan gertatuko diren jarduerak. Kaleak bete nahi dira modu horretara, era guztietako kultur adierazpenen bitartez.

Stop War Festibalak hiru motatako edukiak eskainiko ditu: hausnarketa, artea eta musika. Urumea ibaiaren ertzetan jarriko dira jaialdiaren hiru eszenatokiak, eta horietan guztietan egingo zaie erreferentzia gatazkei eta horiek konpontzeko moduei.

Ostegun honetan, martxoak 4, prentsaurrekoa antolatu da jaialdiari buruzko xehetasun gehiago ezagutzera emateko.


Sasha Waltz & Guests: Sacre

Europako dantza-konpainia abangoardista sonatuenetako bat da Sasha Waltz & Guests, eta martxoaren 14an Donostian izango da, Kursaal Eszenaren eta DSS2016EUren elkarrizketaren baitan. Konpainiaren sortzaile eta zuzendari artistiko den Sasha Waltzek sortutako hiru piezek osatuko dute ikuskizuna, nazioarteko ospea eman dioten estilo originala oinarri.

Berlineko konpainiak Le Sacre du Printempsen bertsio txalotua aurkeztuko du, Sasha Waltz beraren sorkuntza Stravinskyren musikarekin. Itzal handiko koreografoaren izaera berritzaile eta ausarta bere beste bi lanotan ikusi ahal izango da ere: Scène d’Amour, Berliozen Romeo eta Julietaren musikatik abiatzen dena; eta L’Après-midi d’un faune, Debussyren musikarekin.

Sacre 1240


Hormek diote

Hormak bi espazio bereizteko izan arren, bizikidetzaren ikur bihurtu nahi ditu Hormek diote ekimenak. Horretarako, Donostiako, Errenteriako eta Pasaiako bost paretari itxura guztiz aldatu zieten hainbat artistak 2015eko udazkenean, ziurrenik zaharrena den arte adierazpenaren bidez: horma-irudiak.

Ismael Iglesiasek Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuaren pareko horma margotu zuen; eta Harsak (Arantxa Recio) Altzako Roman Irigoien parkean egin zuen lan. Urumeako igogailuaren hormari Igor Rezolak aldatu zion itxura. Errenteriako Alabergako hormaren ardura Hormachic kolektiboak izan zuen; eta Pasaiako Ziriza Etxeko hormarena, Judas Arrietak.

Orain, martxoaren lehen hamabostaldian, beste horma bati izaera berria emateaz gain, hitzaldiak, tailerrak eta bestelako jarduerak egongo dira proiektuaren baitan Donostiako hainbat gunetan.

Hormekdiote 1240


...eta askoz gehiago

Arestian esandakoari martxoan izango den egitarau zabal eta anitza gaineratu behar zaio. Hona hemen urteko hirugarren hilabetean gertatuko diren beste zenbait jarduera: Labore proiektuaren baitan hautatutako zazpi artistek azken bi hilabeteetan egin duten lanaren aurkezpenak, Erronkak proiektuaren barruan antolatu den “Zein dira XXI. mendeko ekonomia eta ingurumen erronkak?” hitzaldia, Elkarrizketak lan-ildoaren bidez DSS2016EUren parte-hartzea izan duten dFERIAko antzezlanak eta Bill Ryder-Jonesen kontzertua Music Box Festibalaren egitarauaren barruan.

Jarduera hauek guztiak eta gehiago hemen ikus daitezke: http://dss2016.eu/eu/agenda


DSS2016EUk otsail arrakastatsua izan du

Urtarrileko amaieran ospatutako inaugurazio-aste biziaren ondoren, urteko bigarren hilabeteko DSS2016EUren egitarau zabal eta askotarikoak herritarren onespena lortu du.

Donostia 2016ren otsaileko ekintzen arrakasta hoberen irudikatzen duen proiektuetako bat Time Machine Soup da, 11 eta 21 egunen artean izandako Bizitzaren itsasargiko ekimena. Zentzumen-emanaldiaren 12 saioetan, 1.700 pertsonak baino gehiagok gozatu dute hamabi zoparen bidez denboran zehar bidaiatzeko aukera. Bertaratu direnek zein kritikak ezohiko emanaldi original honen balorazio ona egin dute.

Otsailean martxan jarri den beste proiektu gastronomiko arrakastatsu bat On appétit! izan da. Ekimen honen xedea: hilabetean behin, astebetez, gerturatze-tresna eta elkarbizitzarako-ospakizuna bihurtuko da sukaldaritza, euskal sukaldaritza eta Europako beste lurralde batzuetakoak fusionatzeko nahian. Otsailean, proiektua inauguratu zuten Tomasz Hartman eta Michał Czekajło sukaldari poloniarrek, eta Elena Arzak izan zuten bertako anfitrioi. Otsailaren 12ko afari-ikastarora 25 lagun bertaratu ziren, eta hurrengo eguneko showcookingera, 80 pertsona.

Time Machine Soup ez da sarrerak agortu dituen ekintza bakarra. Donostia 2016k eskainitako programazioaren hainbat emanaldik aretoa bete zuten, hala nola Ederra eta Piztia balletak (emanaldiak zein publiko orokorrerako ikastaroak) edo Esther Ferreren performanceak. Nire bizitza kontatuko dizuetekin, hasiera eman zion Ferrerek bere Karta zuriari.

Kaxilda eta Vasconia elkarte gastronomikoko eszenatokiak ere bete egin ziren otsailaren 12an ospatutako Music Box Festibalaren kontzertuekin. Guztira, 180 pertsona baino gehiagok ikusi zituzten Indigo+Izaroren eta Daniel Norgrenen emanaldiak eta ondorengo DJ saioa.

Horrez gain, otsailean martxan jarri da Hibrilaldiak proiektuaren bigarren deialdia. Ekimen honetan, zortzi enpresak eta kolektibok aurre egingo diote zortzi erronkari profil desberdineko pertsonen laguntzarekin. Otsailaren 25ean egin zen hasiera-saioan berrogeita hamar lagun inguruk hartu zuten parte.

Egun berean hasi zen Itsasorartze artibista proiektuaren baitako Nazioarteko Arpilleren Foruma. Topaketa 28ra arte ospatu zen Bilbon, Gernikan eta Donostian, non berrogeita hamar pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte.

Azkenik, denboraren poderioz sendotzen ari diren ekintzak ere badaude, HorKonpon, adibidez. Izan ere, otsaileko saioan, orain Tabakaleran kokatuta dagoen konponketa-tailerrera 30 herritarrek baino gehiagok ekarri zituzten etxetresna elektriko eta traste hondatuak.

241 iruzkin

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.