Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Stop War Festibala
2016-03-23

'Stop War' aldarria entzungo da Donostian

Stop War Festibalak 50 jarduera baino gehiago eskainiko ditu martxoaren 25ean, 26an eta 27an.

Musikaz eta arteaz gain, hausnarketarako tarterik ere izango da, Gerra hemen hasten da jardunaldiekin.

Festibala bihar hasiko da, Hain gertu, hain urrun proiekzioekin eta Amnistia Internazionalaren Aurrera goaz? Emakumeen eta neskatoen eskubideak erakusketarekin, 2016 Gunean.

 

Aurtengo Aste Santuan, Stop War Festibalak bertako eta kanpoko musikariak bilduko ditu, eta gerren kontra eta giza eskubideen alde ari diren kolektiboei eta aktibistei ahotsa emango die. Horretarako, hainbat jarduera kultural izango dira egunean zehar hiru gunetan: musika, haurrentzako tailerrak, dantza, bideojokoen maratoi bat... Gainera, gau-partean festibalak hiriari hitz egiteko aukera eman nahi dio, bakearen eta bizikidetzaren aldeko aldarria ozen entzun dadin.

Eguneko programazioa

Stop War Festibalak eguneko programazio zabala izango du. Berrehun artistak baino gehiagok parte hartuko dute, gehienak bertakoak, horretarako prestatu diren hiru guneetan: Bilbo plaza (Egeo Itsasoaren eszenatokia), Okendo plaza (Giza Eskubideen eszenatokia) eta Frantzia pasealekua (Women in Black eszenatokia). Hiru toki horietan Kultura Alternatiboa kolektiboak 50 erakustaldi baino gehiago programatu ditu: antzezlanak, dantzak, performanceak, bertsoak, magia eta musika, eta beste hainbat diziplina artistiko.

Gainera, Okendo plazan, eszenatoki gaineko emanaldiez gain, beste askotariko jarduera batzuk ere antolatuko dira, publikoak era aktiboan parte ahal izan dezan: taldeko collagetik eta graffitietatik hasi eta dantza-, karikatura- edo papiroflexia-tailerretaraino. Jarduera horietan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek hiru egunetan zehar, 12:00etatik 17:00ak arte.

Plaza horretan bertan egingo da Insert Change-Level 1 esperientzia. Bideojokoen eta horiekin lotutako jarduera batzuen bidez bakearen eta giza eskubideen inguruan hausnartzeko eta jarduteko gunea izango da hori. Ekimena familiek parte hartzeko pentsatuta dago, eta istorio baten bidez lotutako jolas-plataforma batzuk dira. Parte hartu nahi duten familiek Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidean eman beharko dute izena.

Arte- eta artisautza-feria Frantzia pasealekuan kokatuko da. Hemengo artistak eta artisauak ez ezik, Katalunia eta Aragoi aldetik etorritakoak ere izango dira.  Feria hiru egunetan egongo da zabalik 12:00etatik 20:00etara, eta askotariko diziplinak bilduko ditu, besteak beste, serigrafia, larrugintza eta bisuteria. 

Eguneko programazioa osatzeko, hiru gune horietako jarduerez gain, Donostiako erdigunean bi ikuskizun ibiltari ere izango dira. Aldarri antzerkia, dantza eta zuzeneko musika biltzen dituen emanaldia da. Eguerdiko ordu batetik aurrera Boulevardean eta Kale Nagusian zehar biliko da, ostiralean. Larunbatean, aldiz, Askatasunaren hiribidean eta Loiola kalean egongo da Aldarri ikusteko aukera. Bestalde, Rockalean ikuskizuna 18:00etan hasiko da larunbatean eta igandean. Ikuskizun horretako rock-taldea hiriko kaleetan barrena ibiliko da, herritarrak Maria Cristina zubirantz eramanez.

Festibalak gerren aurreko jarrera aktiboa aldarrikatu nahi du, eta horretarako hausnarketa eta eztabaidarako gune bat antolatu da. Hor, besteak beste, Gerra hemen hasten da topaketak egingo dira. Bi zati ditu jarduera horrek. Lehendabizikoa Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean egingo da martxoaren 25ean (ostirala): gerraren eta militarismoaren kontrako pertsona ezagunek gaur egun indarrean dauden nazioarteko gerren inguruan eztabaidatuko dute, bai eta kulturak eta hezkuntzak zer-nolako rola duten ere. Bestalde, defentsa-eredu alternatiboak garatzeko aukeraz ere jardungo dute. Ekimen horrek oso harrera ona izan du eta joateko leku guztiak hartuta daude dagoeneko.

Bigarren jarduera bakearen aldeko alkateen topaketa izango da, martxoaren 26an (larunbata). Bertan, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak –hau da, udalak– gerraren aurrean izan dezaketen rolaz mintzatuko dira. Zenbait ordezkari publikoren iritziak entzuteko parada izango dugu: Manuela Carmena, Madrileko alkatea; Josep Maioral y Antigas, Granollerseko alkatea eta Mayors for Peace erakundeko presidentea; Eneko Larrarte, Tuterako alkatea; Julen Mendoza, Errenteriako alkatea eta Eneko Goia, Donostiakoa.

Gaueko programazioa

Maria Cristina zubian kontzertu bat emango du donostiarrentzat nazioarteko artista batek, bertako artista edo musika-talde batek lagundurik, egunero martxoaren 25etik 27ra.

Martxoaren 25a
21:00
Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira Ursula Strong (bateria, Zuloak, Las Culebras) eta Koldo Soret (gitarra eta ahotsa, Surfin Kaos). Donostiako rock-talde gogor eta pozoitsuak EATE disko berriko abestiak kantatuko ditu Stop War Festibalean, ohikoa den bezala, rock gogorra eskainiko duen ikuskizun batekin. Udaberrian aterako dute disko berria.

22:30
Frantzian arrakasta handia izan ostean, Inna Modja lehen aldiz izango da Estatuan Stop War Festibalean. Bi aldiz proposatu dute Frantziako musika-saria jasotzeko, eta haren hiru disko izan dira herrialdeko salduenak.

Motel Bamako deitzen den hirugarren album honekin, Inna Modjak bere karreran erakutsi dituen estilo anitzak bildu ditu: bere erro afrikarretatik hasi eta hip hop edo elektro-poperaino. Ekoizpenean, Stephen Budd-en laguntza izan du. African Express proiektua sortu zuen Buddek Damon Albarnekin batera (Blur, Gorillaz). Kritika sozialez beteta dago diskoa: Modjak borrokan jarraitzen du emakumeen eskubideak defendatzeko eta errefuxiatuen egoera salatzeko.

Martxoaren 26a
21:00
Arrasateko Gose hirukotea Ines Osinagak (ahotsa eta trikitixa), Iñaki Bengoak (sekuentziak eta programazioak) eta Osoronek (gitarra eta baxua) osatzen dute. Gosek trikitixa ulertzeko kontzeptu berri bat sortu du, instrumentu horrekin ohikoak ez diren elementuekin elkartuz eta horrela emaitza desberdin bat lortuz.

Akordeoi diatonikoa musika elektronikoarekin nahasiz, Gosek giro goxoak, gogorrak, leunak sortzen ditu, dantzalekuetan, world-music edo punk musikan ohikoak diren erritmoekin batera.

Proiektua abiarazterakoan, euskal kultura, euskara eta, oro har, euskal musika hartu zituzten oinarri nagusi. Hori bai, betiere ordenagailuaren pantailaren beste aldetik begira. Izan ere, hori da Gose: elektronika eta espiritua.

22:00
Bob Geldof 1976an hasi zen musikan Boomtown Rats taldean, eta oraindik ere talde horretan jarraitzen du. Punk mugimenduaren aitzindarietako bat izan zen, eta arrakasta handiak lortu zituen garai hartan, Rat Trap edo I Don't Like Mondays, adibidez.
1984an, Etiopiako goseteari buruzko irudiak telebistan ikusi eta gero, mende hartako ongintzazko kontzertu handienetako bat antolatu zuen: Live Aid. Bob Dylan, U2, Sting, Elton John eta Phil Collins izan ziren kontzertuan, besteak beste, pobreziaren aurka egiteko eta G8ko buruzagiei Afrikako herrialdeen zorra gutxitzeko eskaria egiteko. Hori dela-eta hiru aldiz izan da Bakearen Nobel sariaren hautagai eta Isabel II.a erreginak Inperio Britainiarraren Ordenarekin saritu zuen.

2013an izan zen Euskadin azkeneko aldiz, eta El Correo egunkariko musika-kritikariak esan zuen urteko kontzerturik onena izan zela.

Martxoaren 27a
21:00
Istorio luzea da Nick Lowerena: Elvis Costelloren lehen bost albumen ekoizlea da (egin dituen lanik onenak direla diote) eta askotan bertsionatu dituzten kantu klasiko askoren sortzailea da, besteak beste, What's So Funny About Peace, Love And Understanding, Cruel To Be Kind edota The Beast In Me. Lowe Erresuma Batuko pub rock, punk-rock eta new wave musikaren adierazle garrantzitsuenetakoa da. 1994an ekin zion bere azken faseari, The Impossible Bird diskoarekin, crooner heldu eta jakinduriaren maisu bezala aurkeztuz. Eta horrelaxe jarraitzen du, bere lan batzuk, At my Age (2007) edo That Old Magic (2011) kasu, azken bosturtekoko lanik gogoangarrienetakoen artean daudelarik.

Bere azken bildumak Gabonetako Quality Street. A Seasonal Selection For All Family (2013) diskoa eta The Quality Holiday Revue (2015) zuzeneko diskoa dira, Straitjackets Kaliforniako taldearekin batera egindakoak.

22:00
Esne Beltzak disko bikoitz bat diseinatu du bi EPrekin. Lehena editatu berri dago, eta Euskal Herrian grabatu dute oso-osorik euren gidari Xabi Solanok zuzenduta. Bigarrena entzuteko 2016ko maiatzera arte itxaron beharko dugu. Lehen zatia Donostian aurkeztuko dute, Stop War Festibalean, datorren martxoaren 27an.

Esna lanean erraz ikusten da erritmoen nahasgailua piztuta dagoela oraindik, eta sortzeko askatasun horrek haien arma onena izaten jarraitzen du. Baina are gehiago dute oraindik: musika-eszena desberdinetatik datozen bederatzi musikarien batasuna; musiken eta ezinbesteko trikitiaren arteko ezinezko fusioak; baseekin eta scratchekin kantuan ari dela dirudien DJa; eta, bereziki, Jon Garmendia «Txuria» idazlearen testuak, unibertso poetiko propio batean errealitatea islatzen dutenak.

Gainera, primerako kolaboratzaileak izan ditu Esne Beltzak lan honetan. Diskoari izena ematen dion abestian Green Valleyko Anderrek abesten du reggae leun hori, bukatu beharreko etorkizuna duen haurtzaro batera garamatzan letrarekin. Erritmoen etengabeko ikerketaren fruitu bezala, euskara eta gaztelaniaz dagoen rumba bat entzungo dugu lehen aldiz, zaratarekin eta txaloekin! Eta «Delinqüenteen» antza hartzen zaion kantu alai horiekin laguntzeko, laguntzaile ezin hobeak izango dituzte: El Canijo de Jerez eta La Pegatina taldeko Rubén.

Premia bereziak

Nahi duten pertsona guztiek gaueko kontzertuak ikusteko aukera izan dezaten, premia bereziak dituzten pertsonei laguntzeko zerbitzu bat egongo da. Zerbitzu hori erabili nahi dutenek tren-geltokitik gertuen dagoen obeliskora edo Prim eta Valentín Olano kaleen arteko bidegurutzera jo beharko dute 20:00etatik aurrera.

Musika eta gastronomia

Gaueko kontzertuez gozatu ahal izateko, herritarrak Maria Cristina zubira hurbildu beharko dira, baina Gernikako Arbolaren pasealekutik ere entzun ahal izango da musika. Pasealeku horretan, 20 postu eta food truck jarriko dira, bertaratutakoei janaria eta edaria eskaintzeko. Janari-azoka hori festibalaren egun guztietan egongo da irekita, 12:00etatik 1:00 arte.

Eraginak trafikoan

Stop War Festibala dela-eta, martxoaren 24 eta 28 artean trafiko-mozketa batzuk egingo dira Maria Cristina zubian eta Gernikako Arbolaren pasealekuan. Gainera, garraio publikoaren zerbitzu batzuk indartuko dira eta geltoki eta ibilbide batzuk aldatuko dira.

Trafikoari moztutako eremuak:

Maria Cristina zubia: martxoren 24ko 14:00etatik martxoaren 28ko 14:00 arte zubiko trafikoa moztuko da. Oinezkoentzako bidea irekita egongo da une oro.

Martxoaren 24ean eta 28an: Stop War Festibalaren muntaketa eta desmuntaketa lanen ondorioz.

Martxoaren 25ean, 26an eta 27an: festibaleko jarduerengatik.

Gernikako Arbolaren pasealekua: martxoaren 25ean, 26an eta 27an trafikoa moztuta egongo da 20:00etatik 1:00era arte. Gainera, Donostiarako Martutene eta Loiolako Erriberako sarbideetan ere eragina izango du horrek.

Zubia moztuta dagoen bitartean, autobusak eta beste ibilgailuek Santa Katalina zubia eta Frantzia pasealekua erabili ahal izango dituzte autobus-geltokira sartzeko.

Era berean, Dbus eta Euskotrenen garraio-sistema publikoak indartuko dira eta ibilbide eta geltoki batzuek aldaketak izango dituzte. 

Programazio osagarria

Festibala martxoaren 25ean, 26an eta 27an egingo diren arren, jarduera batzuk aurreko edo ondorengo egunetan izango dira.
Festibala bihar hasiko da, 2016 Gunean 19:30ean, Santi Bosch eta Susana Urquíaren Hain gertu, hain urrun arte-proiekzioekin. Lan horiek gerran inspiratuta daude eta Nogaren kontzertuarekin batera emango dira.

Hori ez da, hala ere, 2016 Gunean antolatuko den ekitaldi bakarra izango. Ostegunetik bertatik hasita eta apirilaren 1era arte, Amnistia Internazionalaren Aurrera goaz? Emakumeen eta neskatoen eskubideak erakusketa instalatuta egongo da Easo 43 hangarrean. Erakusketa horretan emakumeek eta neskatoek sufritzen dituzten desberdintasun- eta diskriminazio-egoerak ikus daitezke, baita haien giza eskubideen urraketak ere, hainbat herrialdetako adibideekin eta istorio pertsonalekin.

Gainera, apirilaren 2an gerraren aurkako filmen maratoi bat antolatuko da Antzoki Zaharrean. Gerraren zentzugabekeriaren inguruan sentsibilizatu nahi da zinema-ziklo horrekin, eta tartean Paths of Glory (Stanley Kubrick, 1957), No Man's Land (Danis Tanovic, 2001) eta tankerako maisulanak ikusteko aukera izango da. Zikloa  10:00etan hasiko da eta azken proiekzioa 19:50ean izango da.

Filmen ordutegia
10:00 - Paths of Glory (Stanley Kubrick, 1957)
11:45 - Stalingrad (Joseph Vilsmaier, 1993)
16:30 - The Deer Hunter (Michael Cimino, 1978)
19:50 - No Man's Land (Danis Tanovic, 2001)

Film guztiak jatorrizko bertsioan aurkeztuko dira, gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrera doan izango da film guztietan, baina txartelak aldez aurretik jaso beharko dira antzokiko txarteldegian.

Hurrengo egunean, apirilaren 3an (igandea), Silvio Rodriguez kantautore, gitarrista eta poeta kubatarrak kontzertu berezi bat emango du 20:00etan Anoetako belodromoan.  Rodríguez Nueva Trova Cubana musika-estiloaren erakuslea eta UNESCOren Bakearen aldeko artista da, eta harexekin amaituko ditu jardueraz beteriko bi asteburu.

Programazio osoa hemen.

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.