Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Stop War Festibala
2016-03-25

Herritarrek kalea bete dute Stop War Festibalean

Donostiarrez eta bisitariz gainezka egon dira hiriko kaleak, Frantziako Pasealekua, Okendo Plaza eta Bilbo Plazako eszenategiak bereziki.

Gauean amaituko da Stop War Festibalaren lehen jardunaldia, Inna Modja frantziar-maliar abeslariaren kontzertuarekin.

Gerra hemen hasten da jardunaldietako lehenengoak antibelizismoaren esparruko nazioarteko pertsonaia erreferenteak elkartu ditu estatuen, komunitateen eta kulturen arteko elkarbizitza eredu ezberdinen inguruko eztabaida batean.

Ekaitzaren mehatxua ekarri duten lainoak aintzat hartu gabe, goizeko lehen ordutik atera da jendea kalera, Stop War Festibalaz gozatzera. Familia osoak, jende gaztea, nagusiak… norberak bere txokoa aurkitu du jaialdiaren lehenengo eguneko egitarau zabalean.

Eguneko egitaraua

Eguerdiko 12:00etan hasi dira Stop War Festibaleko lehen jardunaldiko eguneko jarduerak. Bilbo plazako Egeo itsasoko eszenategian inauguratu da egitaraua, June Calsor, Autumm eta Nahia abeslarien emanaldiarekin. Harrituta utzi dituzte hiru kantautoreek iturriaren gainean kokatutako eszenategira pixkanaka hurbiltzen hasi diren oinezko guztiak, euren soul eta folk amerikarrarekin. “Gerraren ondorioak jasaten ari diren ehunka lagunei eskaini nahi diet kontzertua”, adierazi du June Calsorrek emanaldia hasi aurretik.  

Okendo plazako eszenategian, berriz, Sloww aktorearen and the winner is... ikuskizuna izan da jardunaldia abiarazi duena, eta baita eguneko lehenengo irribarreak sortarazi dituena ere. Frantziako Pasealekuan jende andana hurbildu da arte eta artisautza postuetara goiz osoan zehar, eta haurrentzako ipuinkontalarien ikuskizunak, Bazen behin clown-ek, familia ugari elkartu du, benetako protagonistak izan diren etxeko txikien gozamenerako.

Aldarri dantza eta musika ikuskizunean parte hartu duen 30 kidetik gorako taldeak Boulevarda eta Kale Nagusia zeharkatu du ehunka ikusnahien artean. Dantza garaikidea eta euskal dantza tradizionala nahasten zituen ikuskizun ibiltari honek gerren izugarrikeria salatu du muntaketa original baten bidez. Ikuskizuna Santa Mariaren basilikako eskaileren aurrean amaitu da, eta ikusleen txalo zaparrada jaso du. Aldarri eguneko lehen parte honetako ekitaldi jendetsuetako bat bihurtu da.

Gernikako Arbola pasealekuan dauden gastronomia eta foodtruck-ek parrillak eta suak piztu dituzte bertaratu den jendeari euren produktuak eskaintzeko. Eguerdian, jo eta su lan egin behar izan dute 16 postuetako arduradunek, elikagaien usain goxoak erakarrita hurbildu diren herritar guztiak artatzeko. Molletes gourmet, argentinar parrillada, janari begetarianoa… jaki ugari izan dute aukeran gastronomiaren eremura hurbildu direnek.

Bazkaltzeko etena egin eta gero, herritarrak kalera atera dira berriro arratsaldean, jaialdiak eskaintzen zituen jarduerez gozatzen jarraitzeko, neurri handi batean Maria Cristina zubiaren ezenategira hurbiltzeko; izan ere, gaur gauean Niña Coyote eta Chico Tornado tokiko taldeak eta egun honetako nazioarteko artista denak, Inna Modja frantziar-maliar abeslariak eskainiko baitute emanaldia.

‘Gerra hemen hasten da’

Goizeko lehenengo orduan hasi da Gerra hemen hasten da jardunaldia, Urtean 25 gerra, ihes egindako 61 milioi pertsona… izeneko mahainguruarekin. Bertha Gaztelumendik zuzendu du eta bertan parte hartu dute Carmen Magallón, Zaragozako Seminario de Investigación para la paz Fundazioko zuzendariak; Staša Zajovi, Belgradoko Women in Black erakundeko sortzaile eta koordinatzailea denak; Alfonso Sánchez, Espainiako Amnistia Internazionaleko presidenteak; eta Pere Ortega, Centre de Estudis per la Pau-ko ikerlariak.

Adituak eztabaidan aritu dira gerrak emakumeei sortzen dizkien ondorioei buruz, eta nazio-estatuaren eta gerraren arteko harremanaz, eta horrela abiarazi dute gerraren eta gerrazalekeriaren kontrako borroka sustatzeko antolatu den gogoeta, elkartze eta elkarrizketarako jardunaldi hau.

Eztabaida amaitu eta gero, Maria Luz Esteban antropologoa eta Begoña del Teso kazetaria protagonista izan dituen Kultura, hezkuntza eta gerra elkarrizketarekin jarraitu du aurrera jardunaldiak, Rosa Zufiaren zuzendaritzapean. Arratsaldean, berriz, jardunaldiak Posible da segurtasun eta defentsa bestelako eredu bat? Armadarik gabe? eta Antimilitarismoa non gelditu da? Iragana eta etorkizuna hitzaldiekin jarraitu du aurrera.

Biharko egitaraua (martxoak 26, larunbata)

Bihar, goizeko 11:00etan hasiko da, Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan, Hiriak eta udaletxeak gerraren aurrean izeneko bakearen aldeko alkateen topaketa, Aieteko Bakearen Etxean gaur hasi diren Gerra hemen hasten da jardunaldiak itxiko dituena, alegia. Donostiako alkate Eneko Goiak hartuko ditu Madrilgo alkate Manuela Carmena, Granollerseko alkate Josep Maioral y Antigas, Tuterako alkate Eneko Larrarte, eta Errenteriako alkate Julen Mendoza.

Gernikako Bakearen Museoko zuzendari Iratxe Momoitiok zuzenduko du saioa, eta udalek gerra eta gatazken aurrean antola ditzaketen ekintza eta ekimenei eta har ditzaketen erabakiei buruzkoa izango da. Tokiko ikuspegiarekin mundu mailakoa den arazo honen aurrean bila daitezkeen konponbeei buruz ere jardungo dira parte-hartzaileak. 12:30ak aldera irekiko da galdera-erantzunen txanda, eta bertan izango diren herritarrek hizlariekin hitz egiteko aukera izango dute.

Eguneko egitaraua

Larunbaterako aurreikusitako jarduerak Okendo plazan hasiko dira. 10:00etan irekiko da Insert Change -Level1 karpa; rol-joko honetan parte hartzen duten familiek helburu bakezalea lortzen lagundu beharko diete onironautei. Horretarako, bakeari eta giza-eskubideei buruzko gogoeta bultzatuko duten bideojokoak erabiliko dituzte.

Eguerdian, abesturiko ipuinak entzungo dituzte bertaratzen diren familiek Ipuin Kantalariak ekimenari esker, Bilbo Plazan. Ordu berean, jaialdiko beste eszenategi batean, Okendon, Donosti Lindy Hop taldeko kideekin dantzatzeko aukera izango dugu. 13:00ean, berriz, jardunaldiko ekimen nabarmenetako batekin gozatu ahal izango dugu: Frantziako Pasealekuan egingo den dantza akrobatikoa, musika eta poesiaren emanaldiarekin.  

Ordu horretan bertan, 13:00ean, irekiko dira Stop War Festibaleko egitarauaren parte diren azokak: Frantziako pasealekuan arte eta artisautza erakusketak aurkituko ditugu; Bilbo Plazan, GKEek garatzen ari diren proiektuak eta ekimenak erakutsiko dizkigute, eta Gernikako Arbola pasealekuan, berriz, munduko toki ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera izango dugu eszenatoki nagusiko kontzertuak bukatzen diren arte bisitariak etenik gabe artatuko dituzten 16 gastronomia postuetan.

Arratsaldean, beste proposamen artistiko batzuen artean, hiriko kolektibo aktiboetarikoa den Urban 13k grafiti eta hip  hop erakustaldi bat antolatuko du hurbiltzen den edonorentzat. Halaber, Ttottelka bikotearen ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu, Bilbo plazan txalaparta elektroniko argiztatuarekin eskainiko den kontzertuaz, alegia. Frantziako Pasealekuko eszenategian, bestalde, musika-saio etengabea izango dugu arratsaldean, Latitud 43 eta Blast Wave taldeen kontzertuei esker.

Azkenik, eta ostiralean bezala, Aldarri dantza-ikuskizunak Askatasunaren Hiribidea eta Loiola Kalea zeharkatuko ditu 13:00etatik aurrera; arratsaldez, 18:00etatik aurrera, Rockalean musika ibiltariaren ikuskizunak bat baino gehiago aterako du dantzara hiriko erdiguneko kaleetan, eta eszenategi nagusira, Zubira, hurbiltzeko gonbita luzatuko die herritarrei.

Zubia eszenategia

21:00etan, Arrasateko Gose hirukoteak abiaraziko du Zubia eszenategiaren bigarren jardunaldia, elektronika eta tradizioa beren estilo bereziarekin nahasiz.

Gaueko emanaldi nabarmena, berriz, 22:30etan hasiko da, punkaren aitzindari izan zen 70eko musikari irlandar mitikoa den Bob Geldof and The Boomtown Rats-en eskutik. Bere betiko musika-taldearekin batera, azken lanak errepasatuko ditueta betiko abesti ospetsuetako batzuk ere eskainiko ditu, hala nola I Dont' Like Mondays edo The Great Song of Indifference.

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.