Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Stop War Festibala
2016-03-26

Udalerriek bakearen alde daukaten eginkizuna erreibindikatu dute alkateek

Donostia, Madril, Tutera, Granollers eta Errenteriako alkateek bakearen aldeko ideia eta ekimenak partekatu dituzte Gerra hemen hasten da elkartzearen azkeneko jardunaldian.

Hasiera arrakastatsu baten ondoren, Stop War Festibalak bigarren eguna ospatu du donostiar eta bisitarien parte-hartze handiarekin.

Gaurko eguna itxiko duen musika-emanaldia Bob Geldof and The Boomtown Rats-ek eskainiko du, eta Gose hirukotea izango da hasierako taldea.

Stop War Festibalak partaidetza-arrakasta handiarekin bukatu du bere bigarren eguna, eta Frantziako pasealekuan, Okendo plazan eta Bilbo plazan kokaturiko hiru eszenategietan egin diren dozenaka ekitaldiak jendez beteta egon dira, baita kaleak eta hiriko beste espazio batzuk ere, horien artean “Gerra hemen hasten da” elkartzearen bigarren jardunaldia.

Aipatu saioan, Donostiako alkatea (Eneko Goia), Madrilgoa (Manuela Carmena), Tuterakoa (Eneko Larrarte), Granollersekoa (Josep Mayoral i Antigas) eta Errenteriakoa (Julen Mendoza) elkartu dira Donostiako Udaletxean. Sinposioa bakearen aldeko oihu bihurtu dute hizlariek eta bertaratu diren herritar guztiek, eta hainbat hitzaldik txalo zaparrada jaso du.

Elkartzea hasteko, Donostia 2016ko Fundazioko zuzendaritzak, Pablo Berástegui zuzendari orokorraren eta Xabier Paya, kultur zuzendariaren eskutik, errefuxiatuen dramari buruzko adierazpen bat irakurri du (erantsita). Fundazioak Europar Batzordeari bidaliko dion adierazpen horrek egungo testuinguruan Europa ospatzeko arrazoi gutxi daudela azaltzen du, eta arazoari heltzen dioten Donostia 2016ko egitarauaren jarduera batzuk jasotzen ditu.

Bere parte-hartzean, Eneko Goia, Donostiako Alkateak, hiria siriar errefuxiatuak hartzeko prest dagoela azaldu du. “Azkenean ez dira iritsi, eta horrek frustrazioa sortu du”, adierazi du. Hiriko alkateak azaldu duenaren arabera, udalen zeregina herritarren ekimena sustatu eta laguntzea da, izan ere, herritarrak baitira “beti lehen urratsa ematen dutenak, Saharako edo Bosniako kasuetan, adibidez”.   

Madrilgo alkate Manuela Carmenak, euskara hizkuntza maite duela aipatu duenak, giza eskubideen betekizuna lortzeko banakako erantzukizunak eta erakundeen erantzukizunak duten garrantzia azpimarratu du. Carmenak Siriako gatazkatik ihes egin duten errefuxiatuak hartzeko Madrilgo udalak garatu dituen ekimenetako batzuk jarri ditu adibide.  

Julen Mendoza, Errenteriako alkateak, ondorengo ideian oinarritu du bere hitzaldia: “udalek ikuspegi orokorra izan behar dute kontuan gerraren kontra egiteko”. Eneko Larrarte, Tuterako alkateak, bestalde, zera adierazi du errefuxiatuen gaiari buruz: “estatu mailako talde politikoek gehiegi markatu dute tokian talde horiek berek izan duten erantzuna”. Larrartek adierazitakoaren arabera, udalek “ekimen hauetan herritarren energia olatuak goi-mailako instantziei” bidali behar dizkietela.

Bestalde, Josep Mayoral i Antigas, Granollerseko alkateak, memoria kontuan har dadin eskatu du, eta azaldu duenaren arabera, “ezinbestekoa da historialari eta zientzialariek hiri bakoitzeko sarraskiak sortu dituzten elementuak deskubritzea”. Horrez gain, hirien ahalmena “armen ordez hitzak izatean datza”, azpimarratu du.

Saioa Iratxe Momoitiok zuzendu du, Gernikako Bakearen Museoko Zuzendariak, eta herritar asko hurbildu da bost hizlariak entzutera eta beraiekin hitz egitera, behin galdera eta erantzunen txanda hasi ondoren. Aretoa erabat bete da udalek gerra eta gatazken aurrean abiaraz ditzaketen ekintzak eta ekimenak eta har ditzaketen erabakiak, edota tokiko ikuspegiarekin orokorragoa den arazo honi aurki dakizkiokeen konponbideak zehaztasun gehiagorekin ezagutzeko interesa azaldu duten herritarrekin.

Eguneko egitaraua

Bigarren egunez, hiriko erdiguneko kaleak publiko guztientzako jarduera eta proposamen artistikoz bete dira. Stop War Festibalak hiria esnatu nahi izan du 12:00etan, musika eta dantzarekin, eta Okendo plaza Lindy Hop erritmoan dantzatzeko prest zeuden hainbat lagunekin bete da. Melodia gogoraerrazek jende asko erakarri dute plazara, eta gutxi izan dira dantzatzeari uko egin ahal izan diotenak. Jardueraren arduradunek jaialdiaren mezuarekin bat egin nahi izan dute eta, ekimena amaitu ondoren, desberdintasunen kontrako eta integrazioaren aldeko adierazpen bat irakurri dute.

Aldi berean, familiek leporaino bete dute Bilbo plaza kontu kantalariak entzuteko; baina, espero zutenaren kontra, ez dituzte istorioak entzun, eta istorioen protagonistak bihurtu dira. Pixkanaka, kontaketek eta erritmoek etxeko txikienak erakarri dituzte, baina baita euren gurasoak ere. Minutu gutxi barru, Bilbo plaza antzerki izatetik dantza-areto inprobisatu izatera pasa da, eta haurrek dantza-ikasgai ederra eman diete helduei.

Atseden hartzeko astirik izan gabe, Frantziako pasealekuko eszenategiak ehunak, musika eta poesia protagonista izan dituen akrobazia-ikuskizun bat hartu du. Los que se quedan izeneko emanaldiak gerra gatazken biktima diren emakume eta alargunei omenaldia egin die eta gerraren eta indarkeriaren kontrako mezua bidali du.

Aldarri ikuskizuna kalera atera da berriz ere, eta honako honetan dantzariek Askatasunaren hiribidean eta Loiola kalean egin dute emanaldia. Atzo bezala, donostiar eta bisitariek artista gazteak lagundu dituzte performance antibelizistan.

Familia askok erantzun diote onironautek egindako deiari, eta Insert Change-Level 1 rol jokoan hartu dute parte. Karpa barruan, hainbat frogari egin diote aurre, kanpoko espaziotik etorritako lagun berri hauei laguntzeko helburuarekin. Insert Change-ek bideojokoak balioak transmititzeko eta Giza Eskubideen alde hezteko era gisa erabiltzea lortu nahi du. Eguneko emanaldi guztiak bete egin dira, baina bihar, nahi duten familia guztiek berriro lagundu ahal izango dute (H)amony espazio-ontziaren tripulazioa, Lurra salbatu ahal izateko.

Gaur gauean, Bob Geldofen hasierako musika-taldea Gose izango da. Arrasateko hirukoteak trikitixa ulertzeko era berri bat eskaintzen du, instrumentu honetan ohikoak ez diren elementuekin nahasten baitute, emaitza ezberdin bat lortzeko. 22:30etan, berriz, Bob Geldof musikari eta ekintzaile irlandarrak bere ibilbide luzearen errepasoa egingo du. Geldof The Boomtown Rats bere taldearekin etorri da Stop War Festibalera.

Biharko egitaraua (martxoak 27, igandea)

Jardunaldia 12:00etan hasiko da haurrentzako jardunaldi batekin: Marsel magoaren emanaldia, Bilbo Plazan; ordu horretan bertan, Biurrun musika-eskolako ikasleen kontzertuaz gozatu ahal izango dugu Okendo plazan. Frantziako pasealekuaren eszenategian, berriz, Unai Muñoak bertso saio bat zuzenduko du eta Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Ane Labaka eta Ohiana Iguaranek hartuko dute parte bertan.

Arte eta artisautza azokak eta GKEek 12:00etan irekiko dituzte postuak 20:00etara arte, eta Gernikako Arbolako pasealekuan dagoen gastronomia azokak plater ezberdinak eskainiko dizkie bisitariei eszenategi nagusiaren gaueko egitaraua amaitu arte.

Arratsaldean musika izango dugu nagusi Bilbo plazako iturrian dagoen eszenategian. Burun Danga eta Ventura musika-taldeen kontzertuak entzun ahal izango ditugu bertan. Okendo plazan, berriz, Markus K.& Iban Nikolairen proposamen originalaz gozatu ahal izango dugu, eta baita Antton Aramburu & Bikiak taldearen kontzertuaz ere. Frantziako pasealekuko eszenategian, berriz, Sorayarteren performance originala eta Mind Trap taldearen hard rock eta metal kontzertua izango ditugu.

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.