Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Familientzako tailerrak, hitzaldiak, zinema eta antzerkia dira ‘Hondar artean’ proiektuko datorren asterako proposamenak
2016-05-05

Familientzako tailerrak, hitzaldiak, zinema eta antzerkia dira ‘Hondar artean’ proiektuko datorren asterako proposamenak

Tuizak, DSS2016EUren eta San Telmo Museoaren artean egindako Hondar artean proiektuko pieza nagusiak, jarduera ugari bilduko ditu datorren astean.

Jarduera horietan guztietan parte-hartzea doakoa da.

Entrearenas 1240

Bere ibilbidearen erdira iristeko gutxi falta dela, Donostia 2016ko Bakearen itsasargiko proiektuen artean izarretako bat denak, San Telmo Museoarekin elkarlanean egindako Hondar artean proiektuak, jarduera multzo zabal bat eskaintzen jarraitzen du, bere muina den haimaren itzalean; Federico Guzmán artistak Donostia 2016 eta Reina Sofía Museoarekin batera ekoitzitako Tuiza instalazioaren itzalean, alegia. Haima Saharako Bojador kanpalekuan tindatutako ‘melhfa’ oihalez osatuta dago (Saharako emakumeen jantziak) eta batasuna, elkartasuna eta enpatia irudikatzen ditu.

Maiatzaren 7tik 14ra, jende guztiarentzako kultur jarduerez beteko da Tuiza haima: familientzako bi tailer, konferentzia bat, haurrentzako antzezlan bat, film baten emanaldia eta bisita gidatuak egingo dira. Horrela, ekainaren 18ra arte, eztabaidara bideratutako topaleku kultural eta artistikoa izaten jarraituko du haimak eta bertan hainbat gai aztertuko dira, adibidez: giza eskubideak, emakumeak bakearen eraikuntzan duen rola, neokolonialismoa eta nazioarteko lankidetza.

 

Jarduera-programa zabala, maiatzaren 7tik 14ra
Familientzako tailerra. Loreak.

Maiatzaren 7an, 17:00etan.
Tailer honetan loreak egitea eskulan mota bat baino gehiago da: pertsonen aurkako minen kontrako ikur bat, edertasunaren eta adiskidetasunaren ikurra.
Tokia: San Telmo Museoa.
Hizkuntzak: euskara eta gaztelania.
Doakoa eta sarrera librea, aretoa bete arte.


Mahai-ingurua: Garapenaren helburuak. Garapen jasangarrirantz aldatzeko munduko konpromisoaren berrikusketa kritikoa.

Donostiako Udalaren Lankidetza sailarekin elkarlanean antolatua.
Maiatzaren 10ean, 19:00etan.
2015eko Agendako helburu gutxi batzuk bakarrik lortu eta gero, garapenerako lankidetzako aditu batzuek Garapen Jasangarriaren 2030eko Agenda aztertuko dute, batez ere, sortu zuten taldeen interesek eta botere-asimetriak eragindako kontraesanak eta funtsik gabeko alderdiak.
Parte-hartzaileak: Jan Vandemoortele, Garapenaren Ekonomiako doktorea eta zenbait aholkularitza-taldetako kidea –NBEko idazkaritza nagusia barne–, Milurtekoko Helburuetako sortzaileetakotzat jotzen da; Yayo Herrero antropologo, gizarte-hezitzaile eta nekazaritzako ingeniari teknikoa, ekintzaile ekofeminista eta FUHEMeko zuzendaria; Nacho Martínez, La Mundial kolektiboko eta Hegoa institutuko Garapen eta Lankidetza Politiketako Ikerketa Taldeko kidea.

Moderatzailea: Edna Giménez, SOS Arrazakeria.
Tokia: Ekitaldi aretoa, San Telmo Museoa.
Hizkuntza: Gaztelania.
Sarrera librea, aretoa bete arte.
Medioren batek hizlariren bati elkarrizketa bat egiteko interesa balu, mesedez kontaktatu Katerin Blasco: 618450044

 

Antzerkia: Elmaa eta Ura.

Maiatzaren 11n, 18:00etan.
Pez Limbo konpainiaren eskutik, familientzako antzezlan honetan herritarren zati batek oinarrizko baliabide bat, ura, eskuratzeko dituen zailtasunei buruz hausnartzen da.
Argudioak: Autoz bidaiatzen ari diren hiru gizabanakok ezbehar bat izango dute basamortuaren erdian. Ur-erreserbak agortzear egonda, arazoak izaten hasiko dira. Beraiek dituzten ontziak eta tresnak erabiliz, basamortuko biztanleak eraikiko dituzte eta haiek ura nola aurkitu eta kudeatu erakutsiko diete, modu irudimentsu eta ludikoan.
Tokia: Tuiza, San Telmo Museoa.
Sarrera librea, aretoa bete arte.


Hondar artean zinema-zikloa: El maestro saharaui (Maisu sahararra) filmaren emanaldia.

Maiatzaren 12an, 21:00etan
Sinopsia: Dozenaka mila sahararrek hogeita hamarretik gora urte daramatzate behin-behineko kanpalekuetan bizitzen, Aljeriako basamortuan errefuxiatuta. Egoera horren erruz, haurrek, beren ikasketak osatzeko, urrutira bidaiatu behar izaten dute. Askok Kuban jasotzen dute prestakuntza, etxetik kanpo hamabi urte baino gehiago emanda. Dokumental honetan, ikasle horien eguneroko bizitza azaltzen da, bai basamortukoa bai Kubakoa, kontrastez betetako joan-etorriko bidaia batean.
Emanaldian filmeko protagonista den Brahim Breih eta Nicolas Muñoz zuzendari eta gidoilariaren parte-hartzea izango dugu.

Tokia: Tuiza, San Telmo Museoa.
Hizkuntza: gaztelania eta arabiera, gaztelaniazko azpitituluekin.
Iraupena: 76 min
Sarrera librea, aretoa bete arte.


Hondarrean marraztu. Familientzako tailerra, Tuiza sortu duen Federico Guzmán artistaren eskutik.

Maiatzaren 14an, 17:00etan
Hondarrean marraztu tailer artistikoak Saharara hurbiltzeko ariketa bat proposatzen du: Saharako poeten testuak irudikatzeko elkarlaneko jarduera bat, hareazko animazioaren teknikaren bidez.
Tokia: San Telmo Museoa.
Hizkuntzak: euskara eta gaztelania.
Doakoa eta sarrera librea, aretoa bete arte.

 

Lurra, kultura eta identitatea erakusketa: ONDASUN LAPURTUA, bisita gidatuak

Okendo kultur etxean kokatutako multimedia erakusketa honetan gaur egun mundu zabalean gertatzen diren espoliazio-formen inguruan hausnartzen da. Saharako kasua arretaz landuta, horrelakoak pairatzen dituzten komunitateen ingurumen- eta gizarte-arazoak aztertzen ditu erakusketak, baita horien kontra sortzen diren erresistentziak ere.

Erakusketa hainbat hizkuntzatan eskaintzen da –euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz, frantsesez, ingelesez, alemanez, italieraz, txineraz eta japonieraz– eta doan bisitatu ahal izango da, apirilaren 8tik maiatzaren 21era arte, kultur etxearen ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Erakusketak doako bisitaldi gidatuak eskainiko ditu ostiraletan (maiatzaren 6an, 13an eta 20an), gaztelaniaz 19:00etan eta euskaraz 19:45ean.

 

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.