Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Europako hizkuntza komunitateen topaleku izango da Donostia abenduan
2016-05-23

Europako hizkuntza komunitateen topaleku izango da Donostia abenduan

Abenduan Donostiako Kursaalen bat egingo dute Europako hizkuntza komunitateek hizkuntza eskubideen eta aniztasunaren inguruko ekarpena egiteko.

Unesco Etxeak antolatuko du abenduaren 15ean eta 16an Donostian izango den Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa.

Kontseiluak Foroan aurkeztuko du Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, eta abenduaren 17an ekitaldi publiko batean jendaurreratuko du.

Donostia 2016 Fundazioa, Kontseilua eta Unesco Etxea Europako hizkuntzen inguruko jardunean lankidetzan ari dira, abenduaren erdian Donostiako Kursaalen egingo den goi-mailako topaketak prestatzen. Alde batetik, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (HEBP) aurkeztu egingo da bertan, Kontseiluaren gidaritzapean. Bestetik, Unesco Etxeak gidatuta, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa antolatuko da arlo horretan dauden erronka nagusien inguruko hausnarketa eta eztabaida bideratzeko asmoz.

Bi ekimenak koordinatuta garatzen ari dira eta abenduaren 15, 16 eta 17an izango dute euren une gorena, Donostiako Kursaal Jauregian.

Foroak, Europako gizarte zibileko eragileak, erakundeak eta espezialistak, baita ikerketaren eta kulturaren arloko erakundeak zein gobernu-erakundeak ere bilduko ditu abenduaren 15ean eta 16an. Europako gutxiengoen hizkuntzen garapenean eragiten duten alderdiei buruz hausnartzea eta eztabaidatzea izango du helburu. Horrela, estrategia zehatzei buruzko hitzarmenak egiteko aukerak sortu nahi ditu, egoera ahulean dauden hizkuntzak biziberritu eta normalizatzeko.

Hizkuntzen Foroak hizkuntza-aniztasuna eta haren kudeaketa aldarrikatzea bilatuko du, Europa demokratiko, kohesionatu, inklusibo, baketsu eta jasangarriagoa eraikitzeko. Era berean, aldaketa garaikideek Europako hizkuntza-komunitateen jasangarritasun eta biziraupenaren gainean izandako efektuak aztertu eta ebaluatzea izango du xede. Gutxiengoen hizkuntzak babestu eta sustatzeko dauden tresnak eta ekimenak berrikusi, aurrera egiteko zailtasunak aztertu eta ekiteko proposamen positiboak landuko dituzte Forora bildutako Europa osoko adituek.

Foroak batzorde zientifiko bat osatu du gaien eta hizlarien aukeraketan eta topaketaren zabalkundean laguntzeko. Sei erakundetako ordezkari bana dago batzordean: Sagrario Aleman (Euskaltzaindia), Jasone Cenoz (EHU), Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterra), Itziar Idiazabal (Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra), Paul Bilbao (Kontseilua) eta Lorea Bilbao (Network to Promote Language Diversity). Eztabaida-ildo hauek barne hartuko ditu topaketak:

• Europako pertsonen eta hizkuntza-komunitateen hizkuntza-eskubideak.
• Europar Batasunerako hizkuntza-politika inklusibo eta erkidea, eta hori ezartzeko tresnak.
• Eskualde-hizkuntzen edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Gutuna eztabaidagai.
• Hizkuntza-aniztasuna norberaren, gizartearen, kulturaren eta ekonomiaren faktore gisa.
• Gutxiengoen hizkuntzekin adeitsua den gizarte eleanitza.


Protokolorako ekarpen bilketa

Protokoloa hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zehatzak proposatzen dituen dokumentua izango da. Dokumentua osatzeko prozesua bere fase aberatsenean sartu da: gizarte eragileen ekarpenak Protokoloa mamitzen ari dira bai Euskal Herrian eta baita Europa mailan ere.
Otsailean aurkezpen publikoak egin ziren Euskal Herriko 5 hiriburutan. Martxoan, ekarpenak biltzeko asmoz eragileekin tailerrak antolatu ziren, gizarte-eremu ugari kontuan hartuz.

Horretaz gain, Kontseiluak Europako hizkuntza komunitate askotako talde eta elkarteengana jo du hizkuntza eskubideen inguruko eztabaida piztu eta horien ekarpenak ere jasotzeko. Horrela, Irlanda, Frisia, Sami lurraldeak, Gales, Bretainia edota Flensbourg-en izan da, bilera eta aurkezpen saioen bidez Protokoloaren osaketarako lankidetza martxan jartzen.

Uztailera arte jasoko dira Protokoloa osatzeko neurri proposamenak www.protokoloa.eus webgunearen bidez, besteak beste. Hortik aurrera, Antolatzaile Taldeak eta Batzorde Zientifikoak beren gain hartuko dute azken dokumentua lantzearen ardura. Aurkezpen nagusia abenduan izango da, Europako hizkuntza-komunitate ugaritako ordezkarien parte hartzearekin. Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroaren baitan azalduko da emaitza, eta abenduaren 17an ekitaldi publiko batean jendaurreratuko da.

14064 iruzkin

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.