Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Bakearen aldeko milia Donostian
2016-08-01

Bakearen aldeko milia Donostian

Donostia 2016k eta K6 Kultur gestioak Bakearen milia proiektua aurkeztu dute DSS2016EUren Bakearen itsasargiaren barruan.

Maria Kristina eta Mundaiz zubien artean izango den erakusketa zirkularraz gain, proiektuak publiko guztientzat egokia den jarduera-programa zabala eskainiko du.

Donostia 2016k eta K6 Kultur Gestioak Bakearen milia proiektua aurkeztu dute gaur. Proiektua 20:00etan hasiko da musika, dantza eta bisita gidatu batekin. Lehenengo hitzordua Agora Plazan izango da, Urumea Pasealekuko 3. zenbakian.

Bakearen milia bakezko etorkizunerantz doan paseoa da. Erakusketa aire zabalean, milia bat edo 1069 metro luze. Ibaia muga naturaltzat eta zubiak banaketa hori gainditzeko eraikitako elementutzat hartzen ditu metafora honek.

Gaurtik aurrera eta abenduaren erdialderaino, Bakearen miliak indarkeriaren, gerraren eta hauen ondorioen inguruan hausnartzeko aukera eskainiko du; injustizia istiluen leherrarazle. Bakearen inguruan esanahi berriak sortzen parte hartzeko aukera ere eskaintzen du, ordea, bakea etengabe eraikitzen ari den prozesutzat hartuta.

Paseo zirkularra Urumea pasealekuan hasiko da eta, Mundaiz zubia zeharkatuz, Gernikako Arbola pasealekuraino helduko da.

Ibilbidea lau gunetan banatzen da. Lehenengoa, Agora plaza, John Lennonen mezu batekin hasten da: «Gerra amaituko da zeuk nahi baduzu». Hausnarketa honek, erresistentzia sozialeko eta erabateko suntsipenezko irudiekin batera, hasiera ematen dio ibilbideari. Jarduera-programako hainbat jarduera ere hartuko ditu erabilera anitzeko gune honek: hitzaldiak, tailerrak, zinema... Bisita gidatuen abiapuntua izango da baita ere. Bigarrena, Indarkerien kaleidoskopioa, indarrean dauden gatazken eta giza eskubideen bortxaketen argazki erakusketa bat da. Hirugarrena, Bakean bizitzen ikasi egiten da, Arabako parkean (Amara) kokatuko da, haurrei eta familiei zuzenduta dago eta haurren eskubideei buruzko Konbentzioaren inguruan antolatu da. Laugarren gunea, azkena, Bakea eraikitzen. Bakea posible dela printzipiotzat hartuta, bisitariak bakearen aldeko konpromisoa hartzera gonbidatzen ditu.

Guztira, Bakearen miliak 61 modulu eta 100 argazkitik gora aurkeztuko ditu.

Instalazio artistikoak

Ibilbidea sortzen duten bi zubietan bi interbentzio artistiko iragankor instalatuko dira; biak izango dira geure giza-gaitasuna garatzeko beharraren adierazpenak, distantziak hurbiltzeko eta elkarrekin bakean bizitzea eragozten diguten muga pertsonalak eta sozialak gainditzeko. Bi interbentzioak martxoan ireki zen arte-deialdira aurkeztutako 28 proiektuen artean aukeratu zituzten.

Guk, Jordi Luengo Massoni, Teresa Martín Ezama eta Luis Martín Ezamaren proiektuak, argia eta hizkuntza batuko ditu Maria Kristina zubiaren ingurunean NI/YO-aren (indibidualtasunaren) eta ZU/TÚ-aren (bestearen) arteko distantzia adierazteko. Bion artean, GU/NOSOTROS, ibaian flotatzen. Gaur gauetik aurrera ikusgai egongo da Maria Kristina zubian.

Irailean inauguratuko da lehiaketa irabazi zuen beste proiektua, Bakearen aldeko tirak (Tiras por la paz), Mundaiz zubian. Instalazio honen helburua gizartearekin konpromisoa duen arte-esperientzia eskaintzea du helburu. Erakusgai dagoen bitartean, herritarren bat-egiteari irekitako gunea sortzeko tresnak eskainiko ditu publikoari obraren sorkuntza iraunkorrean modu aktiboan parte hartzera gonbidatuz. Modu honetan, bakearen kontzeptua eratzearen inguruko hizkera eta ikuspuntu berriak sortuko dira.

Erakusketaren ibilbideaz gain, Bakearen miliak jarduera-programa zabala antolatu du: nabarmentzekoak dira antzerkia, tailerrak, zinema, haurrentzako eta helduentzako bisita gidatuak, emanaldiak eta publiko guztientzako topaketak.

Abuztuko programazioa

Gaur gauean, 20:00etan, Bakearen milia inauguratuko da musika eta dantzarekin, eta milia zeharkatzen duen erakusketa aurkeztuko duen bisita gidatuan izango dira.

Abuztuaren 6an, Bakearen miliak bat egingo du 1000 bake lertxunak mundu-proposamen kolektiboarekin; urtero gutxienez mila lertxun tolestea eta espazio publikoan kokatzea du helburu. Agora plazan izango da.

Abuztuaren 8tik 12ra eta 22tik 26ra, Kids´Guernica nazioarteko proiektuarekin lotuta, Nire eskultura mugikorra tailerra egingo da Arabako parkean, Amaran. 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera honetan, Kids’Guernica nazioarteko proiektuaren horma-irudiak aztertuko dira eta eskultura mugikorrak sortuko dira haien bake-sinboloetatik aurrera.

Egun horretan, 22:00etan, zinemarekin hitzordua egongo da. Udako zinema ekimenak lau titulu hartuko ditu saio banatan: nazioarteko garrantzia duten fikziozko tituluak, dokumentalak eta animazioa indibiduoa bakearen kulturaren egile bezala erakusteko. Lehenengo filma Mandarinas izango da. Film guztiak Agora gunean emango dira. Hurrengo proiekzioa El color del océano izango da, abuztuaren 27an ordu berean.

Haurrek Bakearen miliaren jarduerez gozatu ahal izango dute abuztuaren 27an ere. Egun horretan, Agora plazan, Zergatik oihukatzen du Gernikak? tailerra izango da. Artea eta haurren giza eskubideak abiapuntutzat hartuta, parte-hartzaile bakoitzak bere obra margotuko du modu positiboan.

Abuztuaren 24an eta 31an, bisita gidatuak egingo dira euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Erakusketa honetan, gerren, giza eskubideen eta indarkerien inguruan hitz egingo dugu, ondoren, bakearen erronkekin lotzeko: utopia edo errealitatea?

Horrez gain, Inside Out Project proiektua Donostiara heldu da Bakearen miliaren barruan. Frantziako JR hiri-artistaren ekimen hau mugimendu soziala bihurtu da mundu osoan; pertsonek, formatu handiko erretratuen bidez, kontatu ez dituzten istorioak partekatu ditzaten eta identitate pertsonalaren mezuen bidez artelan publiko bihurtu ditzaten. Dagoeneko 100 herrialde baino gehiagoko 120.000 pertsonek baino gehiagok hartu dute parte.

Uztailean proiektuaren bi fase burutu dira IVASFOT Euskal Argazkigintza Erakundearekin batera: Nire kamera eta biok eta Egun batez argazkilariak argazki-tailerrak, eta irailaren 17an argazki hauek guztiak itsatsiko dira Donostiann

Jarduera guztiak doakoak dira eserlekuak bete arte, baina izena eman behar da tailerretan eta bisita gidatuetan parte hartzeko Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidearen bidez.

Publiko guztientzat egokia den programa zabala, hausnarketa eragiteko erakusketak jorratzen dituen gaien inguruko ikuspuntu anitzei esker.

Informazio gehiago: www.bakearenmilia.eu 

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.