Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
OndareBideak, euskal kulturaren ibilbide birtualak
2016-09-28

OndareBideak, euskal kulturaren ibilbide birtualak

OndareBideak Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak sustatutako proiektua da, eta Elhuyar Fundazioak garatu du, EHUko IXA ikerketa taldearekin eta Euskomedia Fundazioarekin batera. Gure ondare digitala bildu, erakutsi eta interpretatzeko modu berriak izango ditugu ondarebideak.dss2016.eu webgunean.

1240ondarebideak

Gaur egun, ezin ukatuzkoa da Internetek bide berriak zabaldu dizkigula ingurua ezagutzeko, bidaiatzeko, harremanak egiteko... baita museoak bisitatu eta ezagutzeko ere. OndareBideak proiektuak, teknologia berrien arloan aurrerapausoa emanez, webgune interaktibo batean euskal ondarea bildu eta hura ezagutzeko modua jarri nahi du.

OndareBideak Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak sustatutako proiektua da, eta Elhuyar Fundazioak garatu du, EHUko IXA ikerketa taldearekin eta Euskomedia Fundazioarekin batera. Gure ondare digitala bildu, erakutsi eta interpretatzeko modu berriak eskainiko ditu. Donostia 2016ren barruan Hirikia kaiaren barne kokatzen da.

Museo andana daukagu gurean, eta, haietara bisita eginez, gure ondarearen eta kulturaren berri jaso dezakegu. Horrez gain, lekuan bertan ez ezik, atari digitalen bidez ere egin ditzakegu bisitak. Baina, tamalez, ondarea erabat sakabanatuta dago, eta, ezagutu ahal izateko, beharrezkoa da erakunde horietara jotzea.

Ondare hori guztia gune bakarrean bildu eta erakustea da OndareBideak webgunearen asmoa. Donostialdeko funtsetatik abiatuz, euskal kulturaren museo birtual bihurtzea, hain zuzen. Egun, 30 erakunderen funtsak biltzen ditu egitasmoak, eta 400.000 elementutik gora daude ikusgai (argazkiak, bideoak, artikuluak, partiturak, kantuak, eskutitzak...), zenbait ibilbide edo erakusketatan antolatuta. Erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta, guztion artean, sare kultural osatu, indartsu eta aberats bat osatzea da helmuga.

Donostia 2016k, kulturaren ezagutza libre eta partekatuaren aldeko apustuan, eduki kulturalak edonoren esku jartzeko ahalegina egin du egitasmo honekin, edukiak ikusi, erabili eta berriak ere sor daitezen. Beti ere funtsen jabe diren erakundeen lizentziak errespetatuz. Horrez gain, garatutako teknologia guztia kode irekian egindakoa da, eta lizentzia libreekin banatuko da, herritar eta erakunde guztien eskura egon dadin.
Baina, erakundeak ez ezik, herritarrak ere protagonista izango dira. Lehenengoek zabaldu ahal izango dituzten bilduma zein edukiez gain, herritarrek ere aukera izango dute eduki berriak txertatzeko, erakusketa digitalak egiteko eta beste herritar batzuek prestatutako erakusketak bisitatu eta haien gainean iritzia emateko.

Une honetan, erakusgarri gisa, ibilbide hauek daude besteak beste: Gaur taldearen egileak eta obrak ezagutzeko ibilbidea, euskal mitologian barrena eramango gaituena, Bidasoaldetik muga zeharkatzen zuen Comète sareari buruzkoa, euskal zinema zuzendarien ingurukoa... eta beste hamaika ere bai. Ibilbide birtual horiek gure ondarea eta kultura hobeto ezagutzeko abiapuntu egokia eskaintzen digute, eta pantailaren bidez ezagututakoa bertatik bertara ezagutzeko gogoa piztea dute helburu. Asmo horrekin, mundu birtualetik fisikora jauzi eginez, adituen eskutik kalera aterako ditugu ibilbideak, bertatik bertara ezagutu eta gozatzeko.


#OndareBideak. Guztion artean euskal ondarearen museo birtuala eraikiz.

http://ondarebideak.dss2016.eu

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.