Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
2016 urtean gertatutakoari begira eta legatuari bultzada bat emanez amaituko du urtea Hiriburutzak
2016-11-28

2016 urtean gertatutakoari begira eta legatuari bultzada bat emanez amaituko du urtea Hiriburutzak

Donostia 2016k laurogei jarduera baino gehiago izango dituen eta gehienbat abenduaren 12tik 18ra garatuko den egitarau zabal eta askotariko batekin esango dio agur urte honi.

Iraganeko, oraingo eta etorkizuneko Hiriburutzari buruzko DSS2016EU. Bitakora kaierak erakusketa eta dokumental bat izango dira programazio horren zati nagusia.

Garrantzia izango dute, baita ere, programazio berezi honetarako propio sortutako honako beste ekintza hauek: Z Polski, Poloniako Dantza eta Antzerki Astea; datozen Europako kultur hiriburuei lekukoa pasatzeko ekitaldia; eta herritarrekin partekatutako ospakizun-festa bat.

D2016 1240

Donostia 2016k Hiriburutza-urteari amaiera emango dio laurogei jarduera baino gehiago izango dituen eta gehienbat abenduaren 12tik 18ra garatuko den egitarau zabal eta askotariko batekin.

Jardueraz betetako aste bizi honetan bereziki aipagarria izango da azken 15 hilabetetako ekintza, programazio eta gertaerei, zein Hiriburutzaren prestakuntza-urteei eskainiko zaien atzera begirakoa, baita proiektuak utz ditzakeen legatuei buruz egingo den hausnarketa ere. Bestalde, Poloniako kulturak eta, batez ere, Hiriburutza-kide Wroclaw 2016k, protagonismo berezia izango dute programazio honetan, eta etorkizunera begira izango den elkarlanaren erakusle garbia da hori.

Asteburuan kontzertuz, proiekzioz eta bestelako proposamenez betetako gaueko festa bat antolatu da Tabakaleran. Europako kulturaren ospakizuna izango da, eta arreta berezia jarriko zaie Donostiako, Wroclaweko, Aarhuseko eta Pafoseko artista ugarik eskainitako diziplina anitzeko (zinea, dantza, musika, literatura, performanceak, etab.) proposamen artistikoei.

Programazio honek, gainera, bi epilogo izango ditu. Lehenik eta behin, abenduaren 19an, Kursaalak Toulouseko Orkestraren eta Donostiako Orfeoiaren kontzertu bat hartuko du. Ez da Europako testuinguruan lehen mailako bi erakunde musikal hauek elkarrekin kolaboratzen duten lehen aldia; oraingo honetan Johannes Brahms konpositore alemaniarraren obra ezagunenetako bat eskainiko dute: Requiem alemaniarra.

Azkenik, abenduaren 31n Victoria Eugenia Antzokian dokumental bat emango da. Bertan, Hiriburutza-proiektuaren jaiotzatik 2016 urteko ospakizunetara egindako ibilbidea aztertzeaz gain, Donostia 2016ren prozesuari eta legatuei buruzko ehun eragile baino gehiagoren ekarpenak jaso dira.

Hori guztia laurogei jarduera baino gehiagorekin osatuko da, baita Udaletxean egingo den ekitaldi instituzional batekin ere. Aipatu ekitaldian datorren urtean Europako Kultur Hiriburu izango diren Aarhus eta Pafos hiriei lekukoa pasako die Donostiak.


Hiriburutzaren ikuspegi plurala

Donostia 2016 Fundazioak Hiriburutza dela-eta bizi dugun eta ikasi dugun guztia errepasatzeko atzera begiratzea proposatu du, DSS2016EUren ibilbidea hasi zen unera arte, 2008ra arte, alegia. Horren xedea zera da, prozesu luze horretako momenturen batean parte hartu duten edo programa eraikitzen lagundu duten ehunka lagun, elkarte, enpresa, erakunde, kolektibo eta entitateei eskerrak ematea, eta euren lana agerian jartzea.

Horretarako, Donostia 2016k erabaki du Hiriburutzaren inguruko 100 lagun baino gehiago elkarrizketatzea, eta ahalik eta aniztasun handiena bilatu du iritzi eta gogoetei dagokienez. Elkarrizketatutako pertsonen profila askotarikoa da eta barne hartzen ditu, besteak beste, kultur eragileak, kudeatzaileak, parte-hartzaileak, adituak eta herritarrak, oro har.

Donostia 2016k azken hilabeteotan atzera begira egin duen lan horrek erakusketa batean eta ikus-entzunezko dokumental batean izango du isla.


DSS2016EU. Bitakora kaierak erakusketa

Ikus-entzunezko izaera argia izango duen erakusketa hau, Morgancreak (http://www.morgancrea.net/) DSS2016EUrekin elkarlanean ekoiztutakoa, Hiriburutza-urte amaierako egitarauaren ezinbesteko piezetako bat izango da. Erakusketa abenduaren 16an inauguratuko da Tabakaleran, eta 2017ko urtarrilaren 22ra arte bisitatu ahal izango da.

Erakusketa hau kronologikoki antolatu da, hiru zatitan: lehenengoak Donostia 2016 hautagaitzaren eta proiektuaren eraikuntza-prozesua jasoko du, 2008tik 2015erako epealdian; bigarrengoan, eta luzeenean, ospakizunez betetako 2016 urteari errepasoa egingo zaio; eta hirugarren eta azken zatian proiektuak utziko duen legatuari buruzko hausnarketa plazaratuko da.

Erakusketak panel modularrak eta pantaila ugari izango ditu eta horietan modu oso bisualean erakutsiko da informazioa, ikus-entzunezko pieza askorekin tartekatuta. Ekimena, Hiriburutzaren iraganari zein legatuari begiratzeko sortua, ondoren beste hiri batzuetara eramateko aukera eman dezan diseinatu da.

Azken finean, erakusketaren helburua zera da, proiektuaren balantzea egitea DSS2016EUk datorren urtetik aurrera hirian eta inguruko lurraldean utziko duen ondare hautemangarri zein ukiezina azpimarratzeko. Horretarako, prozesuan sortu diren edo abian jarri diren kultur programak, argitalpenak, sorkuntzak, sinergiak, jaialdiak, etab. izan ditu aztergai.


Hiriburutzaren legatuari buruzko dokumentala

Ikus-entzunezko formatu hutsean, Morgancreak DSS2016EUrekin elkarlanean ordubete inguruko dokumental bat prestatu du, euskaraz zein gaztelaniaz.

Dokumentalak barne hartuko ditu dozenaka pertsonei egindako elkarrizketak, besteak beste: Fernando Bernués edo Bernardo Atxaga bezalako artistak; Donostiako alkatea, Eneko Goia, eta hiriko alkate-ohiak, Juan Karlos Izagirre eta Odón Elorza; Hiriburutzaren zuzendari ohiak, Eva Salaberria, kasu; bizitza publikoan azpimarragarriak diren beste izen batzuk, tartean, Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernández edo Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinos; baita kazetari, pertsona publiko eta herritarrak ere, modu zuzenean edo zeharkakoan Donostia 2016n parte hartu dutenak denak.

Ikus-entzunezko pieza hau abenduaren 31n ikus ahal izango da Victoria Eugenia Antzokian, eta ETBn emango dute 2017 urte hasieran.

Ikus dokumentalaren teaserra hemen: https://we.tl/9NFATNBHdq


Gaueko festa Tabakaleran

Hiriburutza-urtearen amaiera-asteak momentu ludikoena abenduaren 17an biziko du, gauean, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro osoan barrena antolatu den festa batekin. Publiko guztiei irekitako festa bat izango da, eta bertan kontzertuak, DJ-saioak, proiekzioak, etab. eskainiko dira hiru orduz.

Hiriburutzak herritar guztiei egingo die deia bertara daitezen kultura bere adiera guztietan ospatzeko balio izan duen 2016 urte hau amaitzeko festa honetan parte hartzera. Donostia 2016 eta Tabakalerak elkarrekin landu dute festaren programazioa, eta gustu guztientzako izateaz gain, kultur ekintza ugariz osatutako asteburu bati amaiera emateko ere balioko du.


Z Polski, Poloniako antzerki eta dantzaren astea

Europako 2016ko bi kultur hiriburuen arteko zubiak eraikitzeko helburuarekin, Wroclaw hiriko eta, orokorrean, Poloniako hainbat dantza- eta antzerki-konpainia iritsiko dira abenduaren 16tik 20ra bitartean Donostiara. Bizikidetzarekin eta bakearekin bat egiten duten dantzak, antzerkiak eta performanceak eskainiko dituzte.

Hamar jarduera inguruko programazio hau osatzeko behar-beharrezkoa izan da Poloniako Kultur Institutuarekin Donostia 2016k duen lankidetza.

Ikus Z Polskiren teaserra hemen: https://we.tl/wBCruPwhnn


80 jarduera baino gehiagoko programazio zabala

Lehen aipatutako jarduerez gain, abendu osoan eta, bereziki, abenduaren 12tik 18ra bitartean, Hiriburutzak bere ibilbide luze horretan barrena gogo bereziz landu dituen gai batzuetan arreta jarriko duten ekintza ugari antolatu ditu.

Elkarbizitzaren lan-ildoa izango da nabarmenenetako bat. Adiorik gabe proiektuak gogora ekarri nahi ditu azken hamarkadotako biolentziaren biktimak, indarrez gure ondotik kendu zizkiguten horiek, bere hirugarren eta azken ekitaldian. Gainera, Ehunberri proiektuak orain arteko emaitzak erakutsiko ditu, azken urteotan elkarbizitzaren sustapenean hainbat kolektiborekin egindako lanaren ostean. Chejov vs. Shakespeare proiektuak ere azken ekitaldia izango du abenduaren 16an. Proiektu horren baitan, Hiriburutzak idazle ospetsuak bikoteka elkartu ditu bizitzaren esparru guztietako gatazka gaitzat hartuta urtebetez posta bidez elkartrukea izan zezaten.

Euskararen eta hizkuntza-aniztasunaren sustapena egitaraueko protagonistetako bat izango da. Europako hizkuntza-aniztasunaren foroari eta Hizkuntza-eskubideak bermatzeko protokoloari esker, Donostia hizkuntzaren arloan eredu bilakatuko da Europan, orain eta datozen urteetan. Hizkuntzen festa honekin bat egingo du Anjel Lertxundik ere. Euskal idazle ospetsuak, Donostia 2016k emandako Karta zuriari erantzunez, Donostian bilduko ditu hainbat idazle eta itzultzaile honako gaiaren inguruan hausnartzeko: hizkuntza gutxitu eta ez-hegemonikoetako literatura eta beronen etorkizuna.

Donostia, Gipuzkoa, Iparralde eta Pirinio Atlantikoen Departamenduaren artean landu den harreman bereziak emaitzak emango ditu programazio honen baitan, lankidetza-proiektu ugariren bidez, horietako nabarmenenak, arlo sinfonikoan.

Gainera, partaidetza, Hiriburutzaren identitate-ikurretako bat, Ardora batzordearen bidez Energia-olatuak programaren baitan hautatutako 13 proiektutan (guztiak herritarrek proposatu eta gauzatutakoak) islatuko da.

Programazio guztia hemen ikus daiteke: dss2016.eu/agenda

6291 iruzkin

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.