Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
'Hormek diote' amaitzeko proiektuaren lau film laburrak Donostian, Pasaian eta Errenterian emango dituzte
2016-12-06

'Hormek diote' amaitzeko proiektuaren lau film laburrak Donostian, Pasaian eta Errenterian emango dituzte

Donostia 2016ren eta Ereitenen proiektuak artea eta teknologia berriak batzen ditu, duela urtebete Donostiako Intxaurrondo, Egia eta Altza auzoetan, Trintxerpen (Pasaia) eta Errenterian margotutako mural handietan.

Proiektu honen baitan hainbat ikus-entzunezko sortu dira (bi dokumental, film labur bat eta mapping bat), eta aipatutako hormak dauden auzo eta udalerrietan ikusi ahal izango dira.

Donostia 2016k eta Ereitenek amaiera bikaina emango diote Hormek diote proiektuari, horren bidez sortu diren lau ikus-entzunezko lanen emanaldiekin.

Hormek diote zinemara izenburupean, Hormek diote. Dokumentala, Eta gorrek entzuten dute, Gure hormek eta Izenbururik gabe (kapital gaineko teknika mistoa) film laburrak Intxaurrondo, Trintxerpe, Errenteria, Egia eta Altzako pantailetara iritsiko dira datozen asteetan.

Hormek diote. Dokumentala proiektuaren koordinatzaile Koldo Almandozek sortu du eta, 2015ean, Donostian eta inguruko bi herritan (Pasaia eta Errenteria) muralak margotuz hasitako proiektuaren unerik nabarmenenak ekarriko ditu gogora. Lan artistiko horien bidez, Donostia 2016ko Bakearen itsasargiak eta Ereiten kultur zerbitzuak hormak bizikidetzaren ikur bihurtzea zuten helburu, hain zuzen, pertsona orok etorkizun hobea izatea saihesten zuten gero eta horma gehiago eraikitzen zen unean.

Iñigo Salaberriaren Eta gorrek entzuten dute film laburrean, hiriko paretetan, bizi izan dugun eta bizitzen jarraitzen dugun indarkeria mota desberdinak islatzen dira. Filmak Zinebiko (Bilboko Nazioarteko Zinema Dokumental eta Laburmetraien Zinemaldia) azken edizioan parte hartu du, azaroaren 18 eta 25 artean.

Gure hormek film laburrak mundu femeninoaren hainbat alderdiri buruzko gogoeta zorrotza egiten du, emakumeen etxeetako hormak abiapuntu hartuta. Las chicas de Pasaik-en (María Elorza eta Maider Fernández) dokumentalak Bilboko, Bartzelonako eta Vitoria-Gasteizeko jaialdietan sari bana jaso ditu. Zehazki, film laburrari ZINEBIko 58. edizioko Euskal Zinemaren Sari Handia eman zioten; GAC merezimenduzko saria panorama film laburren gidoi onenari L'Alternaviva 2016 jaialdian, Bartzelonan azaroaren 14 eta 20 bitartean izan zen zinema independenteko lehiaketan, eta dokumentalik onenari saria CORTADAren, Vitoria Gasteizeko film laburren lehiaketaren, XX. edizioan .

Joan den udan, Elurmalutak ikus-entzunezko mural bat sortu zuen, proiekzioak eta mappingak abiapuntu, Urumea ibaiaren ertzeko igogailuan dagoen Kapital horman. Haren Izenbururik gabe (kapital gaineko teknika mistoa) lanean, kolektiboak, teknologia berriekin eta ikus-entzunezkoekin lan egiten duenak, mural iragankor bat egin zuen aipatutako horma erabiliz pantaila erraldoi batean. Hormek diote zinemara ekimenak lan hori biziberrituko du.

Film guztiak jatorrizko bertsioan aurkeztuko dira, euskarazko eta/edo gaztelaniazko azpitituluekin.

Non eta noiz emango diren:

Ikus-entzunezkoak proiektuan parte hartu duten herri eta auzoetara hurbiltzeko asmoz, Hormek diote zinemara ekimenak honako saio hauek eskainiko ditu:

-Astelehena, abenduak 12, 19:00etan: Intxaurrondoko Kultur Etxea, Donostia.

-Asteartea, abenduak 13, 19:00etan: Trintxerpeko alkateordetza, Pasaia.

-Asteazkena, abenduak 14, 19:00etan: Niessen kulturgunea, Errenteria.

-Larunbata, abenduak 17, 12:00etan: Tabakalerako zinema-aretoa, Donostia.

-Asteartea, abenduak 20, 19:00etan: Tomasene Kultur Etxea, Donostia.

Saio guztietarako sarrera librea izango da aretoa bete arte, eta solasaldia izango dute proiektuan parte hartu duen artista batekin.

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.