Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Dantzaren balioa, balioez jabetzeko
2015-05-19

Dantzaren balioa, balioez jabetzeko

Five days to danceren berri izan zuen unetik bertatik, Amaia Landa, proiektuaren koordinatzailea Gasteizko Samaniego Ikastetxean, gogotik saiatu da helburu bat lortzen: gatazkak gainditzeko duintasunarekiko, aniztasunarekiko eta giza eskubideekiko errespetuak, dantzaren bidez, ikasleen %90 etorkinak diren zentroko txoko guztiak hartzea. “Five days to Danceren berri izan nuen  une beretik, eta Dance2gether proiektuaren hasieran egin ziren trebakuntza ikastaroan parte hartu nuenetik, ikastetxeko arduradunei esan nien ekarri egin behar genuela”.

P1000164

Atzo goizean Gasteizko Samaniego Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ehun ikasle inguruk ezohiko asteari ekin zioten; goizeko lehen orduan ikastetxeko gimnasiora abiatu ziren, zapatilak, jertseak eta sobera zeuzkaten gainontzeko arropak kendu, eta Wilfried Van Poppelen eta Amaya Lubeigten, De Loopers dantzari eta koreografoen, aginduei kasu egiteko prestatu ziren.

Hasiera-hasieratik argi eta garbi adierazten die Wilfriedek ikasleei errespetua eta bere esanak betetzea funtsezkoa dela aurrera egin ahal izateko. Gimnasioko kantxa astean zehar dantza-areto bilakatuko da. Wilfried gogotik saiatzen da ikasleek bere aginduak behar bezala bete ditzaten. Zalantzak eta lotsak uxatu dira hasierako entseguen ondoren, eta gero eta zailagoa da bakoitza bere lekuan egon dadin lortzea: txistu batzuk, oihuren bat eta zenbait keinu lagungarri zaizkio dantzari eta koreografoari gazteen arreta bereganatzeko.

Esfortzua eta errespetua

Saioak aurrera egin ahala nekea nozitzen dute artista hasiberriek, baina ahaleginaren emaitza nekeari gailentzen zaio. Mauriciok (14 urte) argi ikusten du. “Proiektu honen emaitza emanaldi on bat izatea espero dut; iruditzen zait lortu egingo dugula, taldelanean oso ondo ari baikara. Nekatuta nago, baina dibertigarria izan da… Ahalegindu egin behar dela ikasi dut, entrenatu egin behar dela, saiatu. Uste dut edozer lor dezakedala ahaleginduz gero”.

Esfortzua eta errespetua behin eta berriro azaltzen dira ikasleen hitzetan lehenengo saioaren ondoren. Eduk (13 urte) ere horixe dio. “Pazientzia izaten ikasi dut, itxaroten eta gauzak ondo atera arte saiatzen ere bai”.

Aurretik bost egun dituzte dantzari oso-osorik eskaintzeko, gehienentzat ohikoekin alderatuz gero jarduera erabat desberdinari heltzeko. Bost egun dantzari eta koreografo profesionalen esanetara jarduteko, eta hutsetik abiatuta 30 edo 40 minutuko koreografia osatzeko “Gure ikastetxearen aniztasunarekin bete-betean bat egiten du proiektuak. DSS2016ren aldetik laguntza eta erraztasun guztiak eskaini dizkigute eta ezin genuen aukera hori pasatzen utzi”, adierazi du Mikel del olmok, Samaniego Ikastetxeko zuzendariak.

Hori da Five days to dance proiektuaren funtsa. Bestalako esperientzia hori izen bereko dokumental arrakastatsuak eman zuen ezagutzera, eta Samaniego Ikastetxeko ikasleek DSS2016ren Dance2gether proiektuaren eskutik “egiten ikasteko” aukera paregabea izango dute.

Jarduera oso bestelakoa izatez gain, ikasgelan nagusi diren estereotipoak aldatzeko baliagarri ere bada; izan ere, proiektu berri bati egin behar diote aurre guztiek eta abiapuntua guztientzat berbera izaten da. “Ikasleek ikusten dute bestearen beharra dutela, taldearen inplikazioa ezinbestekoa dela koreografia aurerra atera ahal izateko”, nabarmendu du Inesa Ariztimuñok, Bakeare itsasargiaren arduradunak.

Ostiralean, arratsaldeko 15:30ean, Ibaiondo auzoetxeko Felix Petite antzokian (Landaberde Kalea, 31, Vitoria-Gasteiz) bilduko da ikastetxeko hezkuntza komunitatea emaitza jaso ahal izateko.

7 iruzkin

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.