Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
2017-03-31

'Kalebegiak', Europako jaialdien miran

Donostia 2016 eta Moriarti Produkzioak ekoizle izandako filma hautatu dute Nanteseko Espainiar Zinemaren Jaialdiaren klausurarako.

Filma, halaber, Ipar Euskal Herriko aretoetan egongo da ikusgai hurrengo astetik aurrera

 

Kalebegiak, Donostia 2016 eta Moriarti Produkzioak ekoizle izandako filma, Gipuzkoako hiriburuaren erretratu kaleidoskopikoa da, profesional ezagunek eta etorkizun handia duten tokiko zinemagileek ondua, eta Frantziako zinema-aretoetara iritsi da; lehen emanaldia Nanteseko Zinema Espainiarraren Jaialdiaren klausuran izango da.

Jaialdiaren klausuran izango dira, halaber, Miren Azkarate, Donostiako Kultura zinegotzia, Pablo Berástegui, Donostia 2016 Fundazioko zuzendari orokorra, eta Mitxel Gaztanbide, Kalebegiak proiektuaren koordinatzaileetako bat –bestea Jorge Gil da–.

Jaialdi ezagun horren ondotik, emanaldi bereziak egingo dira apirilaren 3tik aurrera Ipar Euskal Herriko aretoetan, Donibane Lohitzunen, Maulen, Kanbon, Donibane Garazin, Donapaleun eta Hazparnen. Data horretatik aurrera areto gehiagotan ikusi ahal izango da.

Nazioarteko jaialdiak

Filma dagoeneko hainbat zinema-jaialditan eman dute, esaterako, Key West Film Festivalen, baina nazioarteko zinema-jaialdi gehiagorako ere hautatu dute: Nijmegen Film Festivalen (Herbehereak) apirilaren 8an emango dute, eta Erresuma Batuko ¡Viva! Espainiari eta Latinoamerikari buruzko jaialdian, berriz, apirilaren 10ean eta 13an.

Kalebegiak proiektu kolektiboa da, Donostian kokatutako edo inspiratutako hamabi istorioz osatua. Zinemagile hauek hartu dute parte: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Las chicas de Pasaik (María Elorza eta Maider Fernández Iriarte), Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Ekain Irigoien, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribe.

Aipatutako zinemagileen eskutik hirian barrena ibiliko gara, donostiarren alboan. Hamabi zatiokin osatu da pantailan hain ondo ematen duen Donostiaren erretratua.

Gainera, belaunaldi desberdinetako profesionalak bildu dira. Eta kontuan hartzekoa da grabaketa bakoitzeko parte-hartzaileen erdia gutxienez proiektuaren ideia sortu zen Larrotxene Kultur Etxeko ikasleak direla. Donostia 2016 eta Moriarti Produkzioak talentu berriari balioa ematen ahalegindu dira, eta zinemagile gazteei aukera eman diete Imanol Uribe, Julio Medem, Gracia Querejeta eta Daniel Calparsoro eskarmentu handikoekin batera proiektu berean aritzeko. Horiek guztiak euskal zinemagintzako erreferentziak dira, eta ikusleek kalitatezko lana topatuko dutenaren berme.

Dokumentala, animaziozko zinema eta fikzioa baliatu dira proiektuan. Hala, estilo-aniztasuna nahita bilatu da, bai eta proiektu aberasgarriagoa lortu ere.