Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
2017-05-18

Ebaluazio txostenak Hiribururtza “berritzailea, arriskatua eta ausarta” izan dela dio, krisi testuinguan garatu izan den arren

Erakunde independenteek eginiko ebaluazioak nabarmendu du Donostia 2016k bere helburuak bete dituela

Txostenak ondorioztatzen duenez, DSS2016EU proiektua gauzatzeko erronka gainditu du, “zailtasun ugari izan arren»

Hiriburutza testuinguru konplexu batean garatu behar izan da. Krisi ekonomikoak erdira murriztu zuen hasieran aurreikusitako aurrekontua.

Ebaluazioaren txosten exekutiboa

Europako Batzordeak garrantzi handia ematen dio Europako Kultur Hiriburuen (ECOC) ebaluazio independenteari, eta Donostia 2016renak «balorazio positiboa» erdietsi du oro har. Estimazioa «berritzailea, arriskatua eta ausarta» izan da, proiektua aurrera ateratzean izan dituen «zailtasun ugari»en arren.
Donostia 2016ren ebaluazio transbertsala LKS kontsultariek eta Prospektiber enpresak egin dute, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Mondragón Unibertsitatearen (MU) parte-hartzearekin. Horren bidez, 2013ko abenduan onetsi zen Fundazioaren plan estrategikoan jasota dauden helburuak zer mailataraino bete diren neurtu da.
Gainera, Hiriburutzaren ebaluazio-sailak programa kulturaleko 28 proiekturen eta bestelako alderdi batzuen analisi independentea koordinatu du 14 erakunde independenterekin (tartean, unibertsitateko 5 sail), ebaluazioari Europako Batzordeak eta Donostia 2016 Fundazioak berak ematen dioten garrantzi handiaren adierazle gisa, eta etorkizunerako lezioak ikaste aldera.
Analisi globalaren eta programaren alderdi zehatzen neurketen baturak Hiriburutzaren aurrekontuaren % 0,71 hartu du, eta ebaluazioaren parte diren datu, analisi eta ondorioen corpusak osatzen du.
Erakunde ebaluatzaileek hainbat ikerketa-teknika erabili dituzte informazioa lortzeko. Besteak beste, dokumentuak bildu dituzte, inkestak egin dituzte kalean eta hautatutako ekitaldiak behatu dituzte. Donostia 2016 Fundazioaren helburuen ebaluazioa egiteko datuak hiru fasetan lortu ziren: aurretiazko fase bat, Hiriburutza abiarazi aurreko egoeraren irudia lortzeko; bigarren fase bat Hiriburutzaren urtean zehar; eta hirugarren eta azken fasea Hiriburutza amaitu ostean, aurretiazko ebaluazioan oinarrituta, urte amaierako irudia eta 2015ean lortutakoa alderatzeko asmoz.
Datu horiek aztertuta, nabarmena da Hiriburutzaren proiektua garatu eta gauzatzeko kontrako testuinguru bati aurre egin behar izan zaiola. «Krisi ekonomiko sakon»ak baldintzatutako testuinguruan, ia erdira jaitsi zen aurrekontua: Donostiaren hautagaitza martxan jarri zenean kalkulatzen ziren 89 milioietatik azkenean exekuzioan erabili diren 49 milioietara. Txostenak dioenez, «ideia sortu zenean zehaztutako baldintzak eta gauzatzeari dagozkionak ez datoz bat oinarrian».
Ukiezinak
Donostia 2016ren proiektuaren mamiaren zati handi bat balio ukiezinetan oinarritu da, eta horrek zailtasunak eragin dizkio ebaluazio-prozesuari. Izan ere, erakunde ebaluatzaileek dioten moduan, zaila da epe laburrean «gizalegezko balioei loturiko aldaketak» neurtzea. Ebaluatzaileek diotenez, «diseinatutako ekitaldiak, orokorrean, zorrotzak izan dira publikoarekin, horietako askok parte-hartzea eskatzen baitzuten eta ia guztietan inplikazio emozionala behar baitzen».
Ebaluazioak erakutsi duenez, ebaluatutako balioek eta Hiriburutzaren alderdi garrantzitsuek eragin positiboa izan dute ekitaldietara bertaratu diren pertsonengan. Gainera, ikusi da pertzepzio oso desberdina dutela ekitaldietara joan diren pertsonek eta joan ez direnek. Alde hori «are agerikoagoa da eragileen artean», eta, horren ondorioz, nabarmen positiboagoak dira Donostia 2016k programatutako ekitaldietan parte hartu zuten pertsonen balorazioak.
«Balorazio positiboena» jaso duten elementuen artean dago parte hartu duten eragile kulturalen arteko elkarlana. Elkarrekin lan egiten ikasteko alderdi hori funtsezkoa izan da Hiriburutzaren planteamenduan, eta «Elkarrekin bizitzeko kultura»ren programaren eduki ia guztietan ageri da. Gainera, txostenean «garrantzitsu»tzat jotzen da etorkizunari begira, sektore kultural guztiari helarazi ez bazaio ere.


Ikaskuntzak
Ebaluazio-txostenean proiektu kulturalak gauzatzeko ikaskuntza posible batzuk aipatzen dira. Besteak beste, espektatiben kudeaketa. Arrisku hori Donostia 2016ren plan estrategikoan ageri zen dagoeneko eta txostenak, batik bat, esparru hauetara zedarritzen du: «fakturazioa, estrategia berrien garapena, negozio-ereduaren berrikuntza eta jardueraren sustapena».
Horrelako ezaugarriak dituen proiektu batek eragile kultural ugariren parte-hartzea dakar (3.000tik gora Donostia 2016ren kasuan). Alabaina, ezinezkoa izan zen sektore guztia inplikatzea, eta ondorioz Hiriburutzan parte hartu ez duten eragileek «komunikazio eta informazio falta» nabaritu dute, bai eta proposamen batzuei jaramonik egin ez zaielako ustea ere. Hori dela eta, zenbaitetan «proiektutik at sentitu dira» sektore batzuk, nahiz eta hasieran parte hartzeko aukera izango zutela pentsatu.
Hobetzeko alderdiei dagokienez, txostenak «Fundazioaren kudeaketa-egituraren egonkortasuna» aipatzen du, bai eta txostena egiterakoan definitu gabe zegoen legatu publikorako plan bat. Horri esker, posible izango zen «prozesutik eratorritako input positiboak baliatzea: sortutako sareen dinamizazioa, martxan dauden proiektuen finantzaketa eta ikasitakoaren aplikazioa, besteak beste».
Donostia 2016ren legatuaren plana aurki aurkeztuko da.


Ebaluazioari buruz

Guztira 14 erakundek eta Euskal Herriko Unibertsitateko zein Deustu eta Mondragón unibertsitateetako bost sailek parte hartu dute ebaluazio-txostenak egiteko lanean; horren barruan Hiriburutzaren beraren helburuak, proiektu gisa, baloratzea ere badago, baita hainbat proiektu zehatz eta Donostia 2016 programaren bestelako alderdiak ere.
Ebaluazio partzial horiek barnean hartzen dituzte honako proiektu hauen neurketak eta balorazioak, besteak beste: «Uda-gau bateko ametsa», «Adiorik gabe» edo «Bitakora-kaierak» erakusketa bera; azken horrek Hiriburutza osoa berraztertu zuen Donostia 2016rekin zuzeneko edo zeharkako harremana izan zuten 100 pertsonari baino gehiagori eginiko elkarrizketen bitartez.


BESTE NEURKETA BATZUEN ONDORIOAK


Donostia 2016ko programaren proiektu zehatz batzuen hainbat ebaluazio-txostenen ondorioak bildu ditugu jarraian. Donostia 2016ren webgunean eskuragarri egongo dira txosten guztiak gaurtik aurrera.


Adiorik gabe
Bizikidetzaren arloan Hiriburutzak ekarpen garrantzitsua egin du, eta hala aitortu dute erakunde eta organizazio espezializatu zenbaitek. Donostia 2016k alor horretan eragin oso handia izan du, baita aurrekontuaren ikuspegitik ere, hasierako aurrekontuan jasotakoa gainditu baita.
«Adiorik gabe» proiektuari dagokionez, biktimen senideen itxaropenen berri ere jaso zen ekitaldien aurretik galdera irekiak egiteko protokolo baten bitartez. Ekitaldien ostean, galdera irekien beste protokolo bat ezartzen zitzaien jarduerari buruz zer iritzi zuten jakiteko eta prozesu osoaren balorazioa egin zezaten.
Lortutako datuen azterketaren arabera, proiektuak biktimen irudi estereotipatua hautsi du (haien biktimizazioagatik bakarrik aitortuta, bizitza eta gizatasun partekatuko gainerako esparruetatik isolaturik). Horrez gain, proiektuari esker handitu egin dira sufrimenduaren ulergarritasuna zein Giza Eskubideekiko konpromisoa, ohiko irudi estereotipatuetatik eta horrelako pertsonen oroimenari buruzko liskarretatik haratago.


Energia-olatuak / Ardora
Parte-hartzea ere ongi baloratu da Hiriburutzan, oro har. Esparru horren barruan Energia-olatuak eta Ardora herritarren batzordearen ekimenak nabarmentzen dira. Alderdi horren ebaluazioaren arabera, Olatuen eredua beste kultur jarduera batzuetan aplikatzeko aukerari dagokionez, pertsonen % 40 inguruk 10etik 8ko balorazioa ematen dute; 7,21eko batezbestekoa (7,96 laguntzak jaso dituztenen artean, 6,9 gainerakoen artean).
Ardora ekimenaren ebaluazioan bat datoz, orobat, esatean herritarren batzordeak DSS2016EUren hainbat balio erakusten dituela, baita gogoeta kolektiboari eta herritarrek erabakiak hartzeko eremuetan parte hartzeari dagokienez duen balio pedagogikoa nabarmentzean ere.


Hizkuntza-aniztasuna
Donostia 2016k aniztasunaren alderdi guztiak jorratzeko apustua egin du, hizkuntza-aniztasuna barne; Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa edo Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izeneko proiektuek landu dute alor hori, besteak beste.
Ebaluazioak erakusten duenez, alor horretako proiektuek oso balorazio positiboa jaso dute, batez beste 8,1 puntu lortuz. Gainera, txostenaren arabera, Donostia hizkuntza-garapenaren alderdiko erreferentzia bihurtu delako pertzepzioa zabaldu da.
Bestalde, alderdi horren ebaluazioan nabarmendu denez, autoestimua eta motibazioa indartzeko arrazoi garrantzitsuak izan dira jendeari sentiaraztea hizkuntza gutxituen aldeko nazioarteko mugimenduko parte direla eta euskara beste hizkuntza batzuentzako erreferente izan daitekeela ikusaraztea.


Amaiera-ekitaldiak
«Bitakora-kaierak» erakusketa izan zen Donostia 2016ren amaierako programazioko eduki nagusia. Proiektuan Hiriburutza berraztertzen zen, zuzenean edo zeharka harekin harremana izan zuten 100dik gora pertsonari egindako elkarrizketen bitartez.
Ebaluazioan argi geratzen da erakusketa arrakastatsua izan zela. Proiektu horren ebaluazioan Hiriburutzari 7,3 puntu eman zitzaizkion 10etik, eta bizitako esperientziaren gogobetasun-maila 10etik 7,6koa izan zen. Erakusketari 6,9 puntuko balorazioa eman zitzaion, 10etik. Galdetu zitzaien pertsonen % 81ek esan zuen proiektuaren garapena hobeto ulertzen zuela.