Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
2017-05-29

Kultur sistema publikoak landuko du Donostia 2016k ereindako ondarea

Besteak beste, Tabakalera, Donostia Kultura, Zinemaldia edo Aieteko Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroa kudeatuko dituzte Hiriburutzaren berrogeita hamar proiektu baino gehiago

Ondarearen barnean daude, halaber, Hiriburutzak ekoitzitako hamaika argitalpen, erakusketa, film eta antzezlan, bai eta nazioarteko zenbait saretan Donostia sartzea ere

 

Legatuaren txostena

Euskal erakunde publikoek –Donostia 2016 Fundazioaren berezko patroiek–, eta kultur sektore publikoak hartuko dute beren gain Europako Kultur Hiriburuaren oinordetza Hiriburutzaren proiektuaren fase berri honetan. Horren barruan, Elkarrekin bizitzeko kultura programaren berrogeita hamar proiektu inguruk jarraitzea aurreikusita dago, bai eta zenbait erakusketa, lan eta ekoizpenei eustea eta horiek beste toki batzuetara joatea ere; barnean hartzen du, orobat, Donostia hainbat sare eta instantziatan sartzeko aukera ere bai.

Hiriburutzaren proiektuaren zein hautagaitza aurkeztean jarritako helburu nagusien jarraitutasuna bermatzeko plana lantzen aritu dira erakunde publikoak eta Donostia 2016 Fundazioa iazko udazkenaz geroztik.

Era horretan bete egiten da Donostia 2016 Fundazioaren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoa, hau da: ondarea ziurtatzea eta «lekukoa eta eskuratutako ikaskuntzak» hirian eta lurraldean lan egiten duten «egiturei eta profesionalei» helaraztea.

Helburu hori bereziki bat dator Donostia 2016ren izaerarekin, ia kultur egitarau osoa kultur eragileekin batera egin baita; kasu askotan, gainera, horiexek izango dira Donostia 2016 Fundazioa desagertzen denean proiektuez arduratuko direnak.

Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak prestatutako ondare-plan horretan 14 jardun-esparru daude guztira: bizikidetza eta giza eskubideak, gastronomia, hizkuntza-aniztasuna, ingurumena edo Euskadi-Akitania kultur eremua indartzea, besteak beste.


Ondarea jasoko duten erakundeak

Askotariko esparruetan (bizikidetza eta giza eskubideak, euskara, ingurumena, gastronomia, besteak beste) jarduera eta eragina duten kultur zentroek, agentziek eta instantzia publikoek hartuko dituzte oinordetzan Donostia 2016ren proiektu gehienak. Horrez gain, kulturaren alorrean jarduten duten zentroak eta erakundeak ere badaude planean.

Aieteko Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroak zuzenduko ditu bizikidetza eta giza eskubideekin zerikusia duten proiektu batzuk, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta Elkarbizitza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaritzarekin elkarlanean.

Hainbat erakundek (Zinemaldia, Musikene, Koldo Mitxelena, Udal Musika eta Dantza Eskola, Albaola edo Basque Culinary Center) iaz ere elkarlanean aritutako proiektu ugaritan esku hartuko dute. Beste erakunde batzuek ere izango dute funtsezko eginkizuna ondarearen fase honetan, hala nola Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Etxepare Euskal Institutuak, Emakundek, Cristina Enea Fundazioak, Gordailuak edo Mintzola Fundazioak.


Zer proiektuk jarraituko duen

Bizikidetza eta giza eskubideekin lotuta, segida izango dute Adiorik gabe, Antzerki foruma: Eta hik zer?, Tira-birak eta Ehunberri deitutako proiektuek, besteak beste, eta horiekin batera, Europa Transit enbaxada mugikorraren dokumentalak oinarri hartuta sortutako material pedagogikoek eta Zinemaren eta eskubideen Europa nazioarteko topaketek ere izango dute jarraipena; azken horiek Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan.

Aniztasunaren sustapenari dagokionez, berriz, jarraitu egingo dute Herri zahar, andre berri, Kontukontanitz edo Break a Leg! proiektuek, bai eta Baitara Baita proiektuak ere; Pedro Arrupe Institutuak eta Donostiako Udalaren Kultur Aniztasunerako Bulegoak babestuko dute azken proiektu hori, erlijio-aniztasunari buruzkoa.

Sormena eta gizartea ahalduntzeko lanean arituko dira aurrerantzean ere Olatu Talka, Hirikilabs, Ondarebideak edo Donostiapedia proiektuen bitartez. Horrelakoei Energia-olatuak lerroa ere gehituko zaie, Gipuzkoako Aldundiaren Kultura Sailak hartuko baitu bere gain.

Proiektu jakin batzuetan eutsiko zaie, orobat, Hiriburutzari esker Donostia sartu ahal izan den kultur arloko Europako sareei, bereziki Europako Kultur Hiriburuen sareari. Hori horrela, jarraipena izango dute honako ekimen hauek: Joan Etorriak eta Other words, Donostia Kulturaren esku geldituta; Corners of Europe, Tabakalerak kudeatuta, eta Chejov vs Shakespeare, Etxepare Institutuak zuzenduko duena.

Gipuzkoako Aldundiak, Donostia Kulturak eta Udal Musika Eskolak beren gain hartuko dituzte Europa bat-batean, Jazzaldiaren eta Europako jaialdien arteko lankidetza eta EMusik, hurrenez hurren.

Kontseilua, UNESCO Etxea, Soziolinguistika Klusterra eta Topagunea, berriz, proiektu hauek utzitako ondareez arduratuko dira: Hitzargiak, Tosta, Hizkuntza Aniztasunaren Foroa eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa.

Ekoizpena, gaikuntza, gastronomia, ingurumena...

Hiriburutzaren ondareak esparru ugarirekin zerikusia duten hamaika proiektu gehiagori emango die segida.

Berriak lerroa (sormena eta talentu gazteak sustatzeko Hiriburutzaren apustu sendoa) ez da amaituko Ikusmira berriak, Itzultzaile Berriak, Antzerkigintza berriak eta Komisario berriak proiektuei esker. Horiekin batera, Labore eta Mugalariak proiektuek ere jarraituko dute. Azken horrek, Kimuk eta Hiriburutzak Mugaz gaindiko Koreografia Zentroarekin izandako lankidetzek bezalaxe, aurrerantzean ere sendotuko dute Iparraldearekiko kultur lankidetza.

Beste proiektu batzuen jarraipena ere aurreikusita dago, Hidrologikak, Arkitektura: film-mintzairak eta Sukaldean sortzaile proiektuena, besteak beste.

Legatuak

Donostia 2016ren ondarea askotarikoa da oso, eta, proiektuez gain, aktiboak eta lanak ere baditu barnean. Nabarmentzekoak dira aldaketa eragin nahi duten lanak –hala nola Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa– edo gida baliagarri batzuk, 2016 Bidea proiektuaren Euskal Herriko probintzia guztietan barrena txangoak egiteko informazioa eta ibilbideak biltzen dituen argitalpena, esate baterako.

Lanen artean, orobat, Hiriburutzak sortutako ikus-entzunezko ekoizpen emankorra geldituko zaigu, hala nola Kalebegiak filma edo sari ugari eskuratu dituzten Europa Transit enbaxadaren dokumentalak, baita Donostia 2016ren eskariz ekoitzitako antzezlan orijinalak –Lu eta Le, Tratos, Miss Karaoke edo Azken trena Treblinkara– edota Altzoko Haundia txotxongilo-lana ere. Ondare horrek, gainera, Maider López artistaren Iturriak instalazioaren jarraipena bermatuko du.

Hiriburutzak etorkizunean hara eta hona ibiltzeko aukera duten hainbat erakusketa ere utziko dizkigu: Tirabirak eta Eresoinka, urtea amaitu aurretik Parisera joango dena, eta Alfred Hitchcockek Donostia Zinemaldira egindako bisitari buruzkoa ere bai. Azken erakusketa hori Baionan egongo da ikusgai ekainaren 10etik aurrera.

Hiriburutzak 70 argitalpen inguru sortu ditu, eta horietako asko eskuragarri daude webgunean. Argitalpen horietan hauek nabarmentzen dira: itzal handiko idazleek (Bernardo Atxaga, Belén Gopegui edo Mircea Cartarescu, adibidez) Chejov vs Shakespeare proiekturako izandako posta-trukea barnean hartzen duten liburuak, Bake-itunak edo Gaur erakusketen katalogoak, Hizkuntza gutxituetarako jardunbide egokiei buruzko gida ez-perfektua edo Juan Garzia Garmendiaren Uda-gau bateko ametsa itzulpena.

Hiriburutzak sortutako dokumentazio guztia eskuragarri egongo da hemendik aurrera Tabakalerako Ubik liburutegian, baita Makusi tresna informatikoaren bidez ere. Hiriburutzaren webgunea edukien gordailu modura diseinatuta dago; era horretan, urteko une onenak iruditan berriz ikusteko aukera ez ezik, ikertzaileentzat eta herritarrentzat oro har baliagarriak izan litezkeen bestelako edukiak eskuratzeko aukera ere egongo da.

Halaber, Europako Kultur Hiriburuen sareko kidea izango da Donostia hemendik aurrera; lankidetza handiko sare kontinentala da hori, non Donostia kulturak hiriaren ordezkari jardungo duen.